Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Mitoak eta maitasun falta

Mitoak eta maitasun falta

Leire Narbaiza 2016/05/16 13:55
Info7ko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa 2016ko maiatzaren 16an

 

Azken boladan, bideo bat dabil bueltaka sare sozialetan eta, horren ondorioz, komunikabideetan oro har. Paul Langfocus-ek egin du. Gizon hau Kaliforniako youtuberra da, eta hizkuntzen gaineko bideoak egiten ditu. Oraingoan, euskararen txanda izan da, eta ingelesez era txukunean dakartza gure hizkuntzaren nondik norakoak. 

 

Hala ere, emandako zertzelada batzuk topikoegiak iruditu zaizkit. Alde batetik dio euskara hizkuntza isolatua dela, Euskal Herria isolatuta egon zelako. Isolatua? Nolatan izan liteke euskara hizkuntza isolatua hitz gehienak beste hizkuntza batzuetatik etorrita? Euskal Herria isolatua? Hona erromatarrak, zeltak, arabiarrak, gaskoiak, bikingoak,… etorri dira, barren! Pirinioak pasatzeko leku handi bi zeuden, eta bata bertan! Ezin isolatuta egon!


Nago, baina, kanpotarrek egindako bideo hauen arrakasta –barkatu zatarkeria– gure kanpolarrosismoan datzala. Kanpoan egiten dute halako zerbait, eta biral bihurtzen dugu ziztu bizian. Eta badakizue, kanpolarrosismoak etxekardismoa dakarrela; hau da, etxean egindako lan serio eta osoei ez diegula jaramon larregi egiten. Gure patua!


Hau guztiau esango nuke maitasun faltagatik dela. Bai, dugun gutxiagotasun konplexuagatik. Gutxitan tratatzen gaituztelako goxo. Horregatik oihartzuna, ez gaudelako gauza onetara ohituta. Beti baztertuta, beti eskubideak eskatzen eta aldarrikatzen, gorroto eta autogorrotoak jipoituta. Gutxi maite izan gaituzte, eta maitatu gaituztenean miresmen estetiko hutsa izan da. Gutxitan grina eta pasioa bere baitan duen maitasunaz, sexua eta kariñoa uztartzen dituenaz.


Euskara eta euskaldunak maitatu ez dituztenek badakigu nola tratu gaituzten, debeku, zigor eta mespretxuz. Ez dut larregi aitatuko, denok sufritu dugulako noizbait maitasun ez edo gorroto hau.


Maitatu izan gaituztenek, ordea, sarriegi tratatu izan dute euskara Ming dinastiako murko bat balitz bezala: ukiezina, ederra, hauskorra, bitrinan sartzekoa. Hizkuntza puru eta garbia. Museoko gaia, alegia. Guk, baina, euskara zikina nahi dugu, bastarta. Lokatzetan sartua, irainez betea, lizuna. Erabilerak maiztua, esamoldez betea, gaztea eta zaharra, internazionala eta txokokoa. Bitrinatik aterata, erabilia. Maitasunaz berba egiteko. Eta sexuaz. Nabarra eta narrasa. Jasoa eta kalekoa.


Maitatzen ez bagaituzte ere, maita dezagun geure burua. Hortik hasiko dugu-eta bidea. Laga ditzagun misterioak eta mitoak. Ez diezaiogun auzoari hainbeste begira, so diezaiogun gehiago geure zilborrari. Eta gu geurera!!!

Hemen Info7ko orrian

Karmele
Karmele dio:
2016/05/17 12:38
Ez zaizu arrazoirik falta. Gustatu zait kanpolarrosa eta etxekardoren ideia. Nik ere ikusten dut asko jotzen dugula hortik. Eta egia da bideoa hainbat topikotan jausi dela: isolamenduarena horietako bat. Xamarren Euskara Jendean hainbat ebidentzia jaso ditugu euskararen isolamendu ezaz. Baina badu bideo horrek deigarria egin zaidan kontu bat: nola azaldu ahal izan duen hain minutu gutxitan euskararen historia, kokapen eta antolaketa geografiko eta politikoa, gramatika, bitxikeriak... Horrek harritu egin ninduen, eta horretan ikusi nion meritua. Edonola ere, mingarria da bai zer miresmenez begiratzen diogun kanpokoari eta entzungor egiten diogun etxekoari, baita gureaz aritzean ere.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua