Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Xenofobia euskararen defentsa egiteko

Xenofobia euskararen defentsa egiteko

Leire Narbaiza 2016/04/19 11:05
2016ko apirilaren 18an Info 7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa

Kezkatuta laga naute azken aldian hainbat internet orritan ikusitako iruzkinek. Tira, kezkatzearena ez da gugan nobedadea, batez ere espazio honetan jarduten dugunon artean. Normalean, hileta jotzen gabiltza euskara dela eta, nire ustez arrazoi osoz. Baina gaurkoan ez dut aitatuko gure zoritxarrik, gaur beste kontu bat salatu nahi dut.


Aspaldian, euskaldun “garbia” (komatxo artean) izateko hemen jaio ez ezik, gutxienez 8 abizen euskaldun eduki behar genituen. Horrela baino ezin ginen euskaldun peto-petoak izan.


Zorionez, hori aldatu zen, eta euskaldun euskaraduna zeneko ideia berreskuratu genuen. Jatorria eta familia berdin zitzaizkigula, euskarak egiten gintuela hemengo, alegia. Bost axola zitzaigun abizen, jaioterri edo odol taldea. Euskarak definitzen gintuen.


Hala segitzen zuela kontuak uste nuen. Baina orain pare bat urte, atzera ere agertu zen duela 25 urte erabakitako kontu bat: zer da euskal idazlea? Euskal Herrikoa ala euskaraz idazten duena? Begiak talo eginda geratu zitzaizkidan! Berriro ere polemika antzu eta amaitua gure artean! Denak izan behar du ziklikoa gure herri honetan, ala?


Bai, antza. Izan ere, film famatu batek berriz zabaldu ditu 8 abizen euskaldunen topikoa. Hala ere, pelikulan, itxura denez –ez dut ikusi–, euskara gutxi agertzen da. Beraz, ez dagokio horrenbeste gure gaiari. Hala ere, eragin pixka bat baduela esango nuke, aspaldiko mamuak berpizten dituelako.


Asaldatu eta kezkatu nauena , ordea, iruzkin batzuk dira, arestian aitatutako agerkari digitaletan agertutakoak. Xenofobo, arrazista eta islamofoboak dira komentariook. Espainiaz kanpoko emigrazio berriari leporatzen diote euskararen gainbehera, modu beldurgarrian, umeei “kume” deituta, esate baterako. Eta ez dizuet lagin gehiago emango, ez dute hausporik merezi eta. Soilik esango dizuet, euskal leinuez ari direla… Hurrengo pausua arrazaz jardutea da, O-Rh negatiboa aitatzea…


Kontua da, jende-modu honendako beti dela gutxiegi. Berdin zaie euskaldun oso alfabetatu eta 4. hizkuntz eskakizuna lortzea, euskalkiduna izatea, euskaltzale militantea, 16 abizen euskaldunekoa, odol talde “egokia” edukitzea,… beti da gutxiegi. Beltzaranegi garelako, ilunegi, edo janzkera ez delako oso “gurea”. Beti da gutxiegi.


Jendaila honek dio, “gure” izenean egiten duela berba, “gu, euskaldunok” salbatzeko. Baina hain dira ezjakin, artaburu eta sektario; non gure tradizioaren defentsan ari direnean, gure tradizioari traizio egiten dioten. Izan ere, euskaldun izateko euskaraz jakin eta egitean dago gakoa; azal kolorea, erlijioa, janzkera eta familia albo batera lagata. Beti izan da horrela.


Gutxiengoa dira, baina ibil gaitezen kontuz, hauts horiek lohiak ekar ditzakeelako. Bestela nondik dator Gipuzkoako diputazioaren AGI kentzeko erabakia?


Hemen Info7-ren web orrian

 

ganbaratxotik
ganbaratxotik dio:
2016/04/22 21:03
Erabat ados zurekin Leire.

Euskaldunak mendetan "paria" izan garanok orain zer eta XXI.mendeko "pariak" baztertzen? Zer eta euskera "parien" hizkuntza izandakoa aitzaki beraien herritik expulsatutakoak zokoratzeko? Memoria historikoa?
potrotaraino itsukeriaz
potrotaraino itsukeriaz dio:
2019/01/02 19:42
Telegrafikoki; euskarak orain arte bi bariable ezagutu ditu, bata guk euskaldunak euskaraekiko daukagun portaera eskaxa erabilera dela eta; beste ezaugarria dozenaka eta dozenaka mila vasco/basquori euskara bost axola; ez dute inungo intentziorik euskara edo euskal kulturan murgiltzeko. Baina azken urtetan beste bariable berri bat daukagu; 200000/300000 (edo direnak)etorkin ditugu eta galdera zera da; zein errealitate soziolingustikoa aurkitzen dute etorkinak; bata erraldoia, disglosian errege eta bazter guztietara iristen dena;espainola/fratsesa; eta bestetik euskara; tipia,minorizatua,amildegi batean.Zein hautatuko du etorkinak: erdara.(logikoa da;guk berdina egingo genuen)
Zein da orduan galdera? Jasan dezake euskarak,lehen bi bariableak kontuan hartuta, inoiz euskara (Diglosia,inmersio linguistiko eza, a eredua….) ikasiko ez duten ehundaka mila etorkin gehiago? Nire ustez ez. Gehiago esango dut; nire ustez etorkinak 15/20% porzentaira iristen bada gureak egin du herri bezala.
Politikari euskaltzaleek ez dute hausnaketarik egin honetaz? Berdin zaie guzti hau?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua