Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ama zaharrak, antisorgailuak eta gizon ikusezinak

Leire Narbaiza 2016/10/10 16:01
Gipuzkoako Hitzan 2016ko urriaren 7an argitaratua

Aurreko astean, zehaztu ezin dudan egunean, albistegi batean berri bi eman zituzten bata bestearen atzean, gaur egunean hain modan dagoen notizia harilkatzean. Batak zioen emakumeak EAEn gero eta zaharrago erditzen zirela bere lehenengo umeaz. Bestean, erkidegoko neskak euren amak baino lehenago izaten dituztela harreman sexualak, eta zeintzuk ziren erabiltzen zituzten antisorgailuak. Bietan emakumeengan zentratutako berriak, andrazkoak erantzule eta arduradun.

Egia esatera, azken boladan bazterrak harrotzen dabil ama “zaharren” kontua. Tarteka-marteka komunikabideetara ateratzen den polemika da. Batez ere, 60 urte baino gehiagoko emakume batek ume bat izan berri duenean. Orduan, debatea derrigorrean agertzen zaigu. Ezin dugu ahaztu, Italian ere osasun ministerioak amatasuna aurreratzeko kanpaina egin duela, kritika ugari jaso duena, bestalde.

Argi dago gai honek iritzi asko eragiten dituela, baina beti harritzen nau nolako gaitzespen tonua erabiltzen den ama “zahar” hauen kontra: ea ez dakiten zein arriskutsua den beraientzat adin horretan haurdun geratzea, ez dituztela umeak hazten ikusiko, berekoiak direla,… Ados egon ninteke ala ez, baina beti egon dira menopausian haurdun geratu diren emakumeak; ia beti gura barik. Baina gehien harritzen nauena da adinaren kontua inoiz ez dela gizonezkoen kontra erabiltzen, nahiz eta 80 urterekin aita izan. Aita “zaharrek” ikusiko ote dituzte umeak nagusitzen, ala? Edota ez ote da ardurabakoa eta berekoia aitatasuna edade ez ohikoetan? Non dago desberdintasuna?

Argi dago ugalketa kontuetan gizonei ez dietela gainean lupa jartzen, ez direla existzen, alegia. Kontu egizue, ugalkortasun tasa ere X ume emakumeko neurtzen dela, gizonezkoen zeregina ez balitz bezala, edo euren partea hartzea hutsa balitz legez. Momentutxo bateko atsegina besterik ez omen dira ugaltzearen mundu horretan, antza. Izan ere, kontuan hartu ere ez dituzte egiten. Umeak beti emakumeen pentzura. Mentalitate baten ajeak.

Errealitate hau askoz argiago ageri da hasieran aitatutako bigarren albistean, antisorgailuenean, alegia. Neskei baino ez zaie egiten galdera, ea zein antisorgailu erabiltzen duten harreman sexualak edukitzerakoan. Galdera honetan inplizituki neskengan lagatzen da nahi ez den haurdunaldi bati aurre egiteko moduaren ardura. Mutilek ez dute, itxura denez, horren erantzukizunik. Atzera ere, ikusiezin bihurtuta ugaltze gaietan, errespontsabilitaterik ez.

Tira, azken berri horrek badu mami gehiago. Batetik jakin nahi nuke zer ote den harreman sexual inkesta egin dutenentzat. Masturbazioaz ari ote dira? Um, ez dut uste. Argi dago sarketaz dihardutela. Beraz, hartu-eman heterosexualak dituzte buruan eta harreman mota zehatz bat. Dena oso gaurkoa eta anitza!

Teleberrian erreskadan emandako albiste bik laburbiltzen dute oraindik gaur egun ugalkortasunaz gure gizartean barruraino sartuta dauden usteak, finean gure aurrekoen berberak direnak. Gero kexatuko gara gizonek ez dutela nahikoa ardura hartzen haurren hazkuntzan. Nolatan, inkesta eta ikerketetan agertu ere egiten ez badira? Zelan, bada, ikerketa batek gizarte baten pentsamendua islatzen badu? Zenbat lan oraindik ere!

Gizpuzkoako hitzan

Tiritak, generoa eta rolak

Leire Narbaiza 2016/09/24 01:05
Gipuzkoako Hitzan 2016ko irailaren 23 argitaratutakoa

Jon farmazian sartu da umeendako tiritak erostera:

-Egun on, haurrentzako tiritarik?

-Mutila edo neska da?

-????

-Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja (Bob Belakia).

Euskal Herriko farmazia batean gertatu da hau eta nik twitterren irakurri. Ahoa bete hortz laga nau txioak eta hausnarketarako hainbat motibo.


Farmazian:
-Haurrentzako tiritak?
-Mutila edo neska?
-?
-Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja.
Patriarkatua horrela berritzen da.

— Jon Ordoñez (@jonordoez) 2016(e)ko irailak 17


Jakinekoa da kolore arrosa eta urdinaren bereizketarena. Aspaldi jardun dugu honetaz. Rol generoa arropa, kolore eta produktuetan, alegia. Ohikoa da printzesa/super-heroi dikotomia; printzesak/munstroak aukeratu beharra haurrei opari bat egiteko orduan. Zerga arrosaz ere hitz egin da aspaldion, baita “ama bezain polita”, “aita bazain azkarra” leloak zeuzkaten kamisetez ere. Orain marrazki bizidunen txanda iritsi da, antza.


Peppa txerritxoa


Ez dakit inoiz ikusi dituzuen zorioneko marrazki bizidun horiek. Peppa pig-en txerri familia bat agertzen da. Marrazkiak oso infantilak dira, naifak ia. Koloretsuak, txerriak arrosak dira. Baina arrosa fuertea da. Beste koloreak ere halakoak dira. Istorioak nahiko domestikoak, ume txikien kontuak eta bihurrikeriak. Peppa, txerri protagonista neskatila da, nahiko zintzoa.


Bob belakia


Bob Belakia, ordea, marrazki tradizionalagoa da marrazki bizidunen munduan, nire iritziz. Diseinua ez da hain infantila, eta koloreak ez dira hain indartsuak. Bob, mutila, belaki bat da itsasoan bizi dena eta kazetaria da. Istorioetan lagunenik gertatutako pasadizoak eta abenturak kontatzen dira.


Marrazki bizidun bi hauek ikusi izan ditudanean beti adinarekin lotu izan ditut. Peppa pig txikiei gustatzen zaie, eta nagusitxoagoei Bob Belakia. Hala da nire inguruko umeen artean, behintzat. Garapenarekin edo heldutasunarekin lotuagoa . Hizkerak eta egoerek adinarekin dutelako zerikusia. Sekula ere ez nituzke erlazionatuko, baina, generoarekin! Burutik ere ez zait pasatu!


Pasadizo txiki honek zalantza bat piztu dit: nola iritsi dira pentsatzera Peppa pig neskendako produktua dela? Zerk eragin die hori? Koloreak? Txerriak marrazkietan askotan dira arrosak. Koloreak ez  nau kezkatzen -edo esan beharko nuke, oraingoan ez dela nire kezka nagusia kolore segregazioak beti ardura didalako-. Kontu sakonagoak estutzen nau, marrazki bakoitzaren atzean dagoenak, eta asoziazioa ahalbidetu duenak.


Eta zer ematen dute aditzera marrazki biek? Bada, Peppa pig-enak umekeria, infantilismoa, familia giroa. Bob Belakia, aldiz, lagun giroa, mutil nagusien abenturak, lan kontuak, ganberrokeriak.

Ai, ene! Zelako asoziazio mentalak! Berriro ere betikoan gaude. Betiko rolak betikotzen, eskuz esku, tiritaz tirita, transmititzen. Neskei dagozkie familia, etxea, heldutasunik gabeko kontuak. Mutilei, ostera, kalea, lagunak, mundua, abentura harrigarriak, familiarengandik aparte, bihurrikeriak… Neskak etxean txintxo. Mutilak drogan kalean.


Farmaziako langileak hori guztia izango zuen subkontzientean, jakin barik. Baina tiritaz estalitako zauri bakoitzeko esaten ari zaio ume bakoitzari zer espero duen berarengandik: familia zalea/lagun zalea, sinplea/konplexuagoa, etxerako/kalerako. Ez da gehiegikeria, ez zait burua joan, patriarkatuak zirrikiturik txikiena erabiltzen baitu ahalik eta gazteen geureganatu dezagun berari komeni zaiona. Urratu txikienetatik sar litezke bakteria kutsakorrenak ere, tiritaren bitartez.

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Debatean, euskara galtzaile

Leire Narbaiza 2016/09/20 22:47
Info7 irratiko Gureaz blai saiorako "Egin kontu"-n egindako kolaborazioa eta 2016ko irailaren 20rako

Hauteskunde kanpainaren azken astean gaude, ondotxo jakingo duzuenez. Etengabeko bonbardaketa honek laga digu albo kalte bat euskara da. Bideo formatuan eraso diote gure eskubideari. Eta ez ditut berriro ere hauspotuko gezurrak, pentsatze hutsak ere min ematen didalako. Gainera denok dakizue zertaz dihardudan. Ez du merezi aitatzea!


Kontua da, bideook ez direla eraso bakarra izan. Etb1en izandako debatean ere euskara izan zelako galtzaile. Galtzaile parte hartu zuten politikari batzuen gaitasun maila entzun ostean. Txarra baino txarragoa izan zelako.

Antza denez, ahaztu zaie horiei zein inportantea den hizkuntza ondo jakitea, ahalik eta ondoen adierazteko zein den euren proiektua gobernura ailegatuz gero. Momentu batzuetan, batzuek jaurtitako esaldiak ulertezinak ziren. Ikusleok deszifratu ezinda ibili ginen zer esan nahi ziguten. Eta, jakina, horrek guztiorrek sekulako kritika zaparrada ekarri zuen twitterren. Txiolarien jarduna barreetatik hasi, eta suminduraraino zihoan. Batzuetan entzundakoa sinistu ezinda ere ibili ginen, hain zen ulertezina esandakoa. Kritika zorrotza jaso zuten horregatik, batez ere politikari konkretu batek.


Egia esatera, txantxa giroa nagusitu zen, ezin bestela jasan astakeria gramatikal haiek guztiak. Belarriak odoletan geneuzkan, ia odolustutzeraino. Merkromina eta betadinerik onenena halakoetan barre egitea delako, hala ibili ginen, bestela ezin aurrera egin.


Horrela debate osoan. Baina kexa ere iritsi zen, txiolari batek gaztelaniaz esan zuen oso zatarra dela hautagai baten euskara mailaren kontra egitea, honek eztabaidatu eta espresatzeko ahalegina egiten duenean. (Es muy feo meterse con el nivel de euskara de un candidato que hace el esfuerzo de debatir y expresarse en euskara.).

Marimaistra handiak esaten duen moduan: “Euskararik onena, hitz egiten dena!”. Ados nago sorgin maitagarriak dioskunarekin. Baina kasu honetan ezin daitekeela aplikatu uste dut. Izan ere, kritikak jasan dituztenak ez dira euskaltegiko ikasleak, edo euskara asko jakin barik saiatzen den kaleko jendea. Kritikatuak politikariak dira, berbak darabiltzatenak bere ideiak azaltzeko. Hitza da euren lantresna, komunikazioa baita euren esparrua. Baten batek urteak daramatza euskara maila berarekin, hobetzeko ezer egingo ez balu bezala. Eta hori larria da, gaztelaniaz formatu egiten direlako.


Larritasuna ez ezik, axolagabekeria ere adierazten duelako; alegia, berdin zaielako nola hitz egin euskaraz. Gaztelaniaz inork inoiz ez luke onartuko halako mailarik, lotsagarria begitanduko litzaioke edozeini hala mintzatzea espainolez. Mespretxutzat hartuko lukete.


Guk, ordea, badirudi dena onartu behar dugula euskaraz bada, esfortzua egiten dutelako. Baina ez da hala. Maila egokia exijitu egin behar diegu, bestela alferrik gabiltza. Ez dezagun ahantz hautagai horietako bat edo beste agintari bihurtuko zaigula eta bere eskuetan izango duela hizkuntzaren alde (edo kontra) egitea.

Ez diezagutela barre egin, nahikoa gezur eta irain bota dituzte eta dagoeneko. Euskara maila duina exijitu behar diegu!

Hemen Info7ko web orrian

Mercadonaren lilura

Leire Narbaiza 2016/09/10 15:20
Gipuzkoako Hitzan 2016ko irailaren 9an argitaratuta

Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, supermerkatu berri horretatik oso hurrean beste handi bi ere badaude: Eroski eta El Corte Ingles. Hori 300 bat metroan. Ahaztu barik, Lidl, Dia eta BM ere badaudela hiriaren beste gune batzuetan. Ez dakit zelan lortuko duten guztiek bizirautea.


Tira, hain gune handiak zabaltzeak ez nau askorik harritzen. Badirudi hori dela azken boladan “modan” dagoena: supermerkatu/hipermerkatu asko leku txikian. Mercadona fenomenoak nauka miretsita, bere izen hutsa aipatzeak sortzen dituen kondaira eta lilura. Horrek lagatzen nau aho bete hortz.


Kontua da, aspalditik zebilela eskualdean denda zabalduko zutelako zurrumurrua. Prentsan ere agertu zen. Halako albisteak bolo-bolo barreiatutakoan, jendeak “Ze ondo!” esaten zuen. Ni horrekin txokatuta geratu izan naiz. Ez baitut konprenitzen denda horrek sortzen dien xarma. Zergatia eskatu eta arrazoibidea beti izan da bera: kremak.


Erantzunak begiak talo eginda utzi izan nau. Sakontzen hasi, eta inoiz ez dira gai izan esateko zer gehiagok erakartzen zituen. Beste batek esan zidan zeliakoendako produktu asko zituztela. Ea zeliakoa zen bera edo bera familiako norbait, nik itaundu. Eta ezetz, baina entzuna zuela jabearen alaba gaixotasun hori zuela eta horregatik gluten gabeko produktuen eskaintzarena.


Ikasle talde baten gertatu zitzaidan hau. Ezin ulertuta nenbilen, baina ikasleek, azkenerako ere ez zekiten zergatik zuten hain gustuko Mercadona. Nik ere segitzen nuen haluzinatuta.


Baina kaleko jendeari zer zirrara sor liezaiokeen deigarria zaidan arren, Mercadonaren beste kontu miragarri batzuek ere ematen didate atentzioa. Esate baterako, publizitaterik egiten ez dutela. Tira, ez dakit zer ulertuko duen publizitate berba esanda marka horrek; izan ere, errepideetan dauden panel handi horiek kontratatu dituzte. Eta herriko jubiletxeetako baten hainbat hitzaldi eman. Bertara joandakoak produktuz betetako poltsekin irteten ei ziren berbaldiotatik. Enpresak panel eta hitzaldi “informatibo” deitzen die ekintza hauei. Neohizkuntza darabilte elikagaien banaketako taldekoek ere, antza.


2016-08-17_12-10-04

Niri, ostera, harrigarriena prentsa idatziarena egin zait. Hiru egunkaritan titular bera agertu da denda berria dela eta: Mercadonak supermerkatu berria zabalduko du Eibarren 40 lanpostu «egonkorrekin» (Mercadona abre un supermercado en Eibar con 40 empleos «estables» 1, 2, 3). Berbaz berba berdinak. Harritzekoa, ezta? Agentziak banatutako prentsa oharra kopiatuta hiruretan. Hori bai, notizia baino publi-erreportajea da. Ordutegiaren berri ematen du, zein inbertsio egin duten, zein zerbitzu eskainiko dituzten,... Ez dute iragarkirik jartzen, baina publizitatea era ezkutuan, barra-barra darabilte. Prestigioagatik ote? Nork kobratuko du propaganda ezkutu hau? Nola?


Baina ez esan tristea ez denik denda baten gaineko mistika hau. Ez dakit zer bihurtzen gaituen, kontsumoaren akolitoak, produktu batzuengatik proselitismoa egiteko kapazak. Jabe aberatsen mesederako, gure miseriarako. Miseria morala, besterik ez bada ere. Erostea delako gure erlijio berria.

Hemen Gipuzkoako Hitza-n

Save

Hondartzara esku hutsik joaten ginen sasoi baten!

Leire Narbaiza 2016/08/28 23:10
Hondartza egun batzuetako lehenengo kronika.
Non ote dauden hondartzara toalla hutsarekin joten gineneko sasoiak! Ez krema, ez giltza, ez ezer! Beraneanteak ginen eta nerabeak; gu etxeratu orduko beti zegoen norbait etxean.
Gaizki ikusita zegoen kamiseta luze bat baino arropa gehiago eramatea hondartzara. Eskupainua sorbaldan ezarri, eta txankletei tirriki-tarraka eraginez abiatzen ginen.
Esandako moduan, kremarik ere ez genuen eroaten; izan ere, eguzkitik babesten gintuzten kremak ez genituen ezagutzen. Amen kontua zen Nivea -pote urdinekoa, ez zegoen beste Nivearik- ematea. Azenario eta "behiaren krema" ere bazeuden. Baina horiek beltzarantzeko baino ez zuten balio, olio hutsa baitziren. Azala frijitzeko, alegia.
Gero, gutxira etorri ziren babeserako kremak. Orduan, kapazua erabiltzea beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Gainera, trenean joanez gero hareatzara, dirua eta giltza ere behar genituen. nerabezaroa pasata genuen! Behin lastozko kapazua hartuta, nik liburua ere sartzen nuen. Sekula ez dago-eta soberan.
Urik ere ez genuen eramaten! Lehen egarririk ere ez genuen izaten. Ez dakit nola egiten genuen. Iturriak bazeuden, baina ez dut gogoan bertaraino joatea edatera (ez zeuden hondartzan bertan). Orain nork pasa lezake plaia egun bat ur barik?
Hurrengo pausua krema gehiago eramatea izan zen: 50eko babes gradukoa,30ekoa, aurpegirako. Ezpainetako kakaoa ere sartu genuen orduan.
Zerbait jateko ere behar da. Batez ere egun-pasa joanda.
Bainujantzia aldatzeko ere sartzen dugu poltsan. Nerabezaroan barre egiten genion horri, atsoen kontua zelakoan. Orain denok kanbioarekin!!
Zapia/pareoa ere badaezpada. Erretzeko arriskua badugu, freskatzen badu, txiringitora joateko jantzi barik,..
Buruan jartzeko ere zerbait: kapelu, zapi edo bisera. Pintza/gomak ilerako luzetxo izanez gero, batu ahal izateko.
Hau bakarrik bakarrik edota lagunekin egun-pasa joateko! Umeak sartuz gero txangoan, ia guztia biderkatuta, gehi palak,pilotak, eskuarea, kubo eta abarrak! Ez nau harritu jendea ikustea gurditxoaekin (errekaduetarako erabiltzen duguna) hondartzara joaten. Oso praktikoa! Batez ere, nik orain, aulkia eta eguzkitakoa eroaten hasi naizenetik! Ez da sinplea señora eibartarra izatea!
Zelan konplikatu dugun bizitza!
plaiarako tramankuluak

Kultura, edukiontziak eta itxurakeria

Leire Narbaiza 2016/08/01 22:54
Gipuzkoako Hitzan argitaratuta 2016ko uztailaren 29

Konfirmatu da: azkenean Txillida Leku ez da publiko bihurtuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako museoa erosten parte hartuko; ezinezkoa omen zaiolako beregain hartzea jarri behar zituen 50 miloi euroak.


50 milioi euro. Kontxo! Zifra handia bat-batean pentsatuta. Baina, patxada hartuta, hotzean, ez da hainbeste. Kontuan hartzen badugu futbol zelaiak eraiki eta erreformatzeko ematen diren diru-laguntzekin konparatzen badugu.

txillida leku

Ez naiz gai Txillida Lekurenak dituen ertz guztiak ikusteko ez baloratzeko. Niri neuri pena eman dit, uste dudalako itxita egotea tamalgarria dela, ez digula mesederik egiten. Are gehiago, halakoak publikoak izan beharko liratekeela pentsatzen dudalako. Bestalde, eman dituzten arrazoiak ez dira oso argiak izan, ekonomiko hutsak, gizarte ongizatetik kendu behako luketela diru hori, eta abar. Tira, ez naiz jausiko demagogian, baina euren ahotik halakoak entzuteak aho-ahoan jartzen dit konparazio maltzurra: erraustegian eta AHTn askoz gehiago gastatu(ko) dute eta ez dute arazorik ikusten.


Horregatik diot ea nola egin liezaiokeen muzin halako museo bati probintziako gobernuak. Gure komunitate autonomo honetan kultura, hezkuntza eta formazioa ez ziren, bada, ikur? Ez ote du kulturak salbatu eta eraldatu Bilbo?

Hara, azalutsa da guztia. Faltsua. Eskaparatismoa. Itxurakeria. Egia da Guggenheimek aldatu ziola aurpegia Bizkaiko hiriburuari. Baina turismoa, eraikuntza eta espekulazioaz gain, Bilboko kultura eta sorkuntzari zer eman dio titaniozko eraikinak? Ekonomikoki itzela izan da, baina kultura aurrekontuen lepotik egin zen, ez turismo edota industriatik. Estu eta larri ibili ziren hainbat elkarte txiki orduan, murrizketa ikaragarriak izan zirelako diru-laguntzetan.


Zer etorri zaie bueltan? Tabernari lanak? Bai. Eta kultura arloko lan txarto ordainduak eta ia esplotazio baldintzetan. Izan ere, greban daude Guggenheimeko behargin batzuk, eta amaitu berri dute huelga Arte Ederretako langileek berrogei egunetan borrokan ibili ondoren.

arte ederren museoa

Horrela jakin dugu prekarietatean dagoela oinarrituta kulturaren hiria. Arte Ederretako Museo publikoan subkontratazioak, miseriak ordaintzen. Guggenheimek sortutako dirdira eta glamourra, batzuendako baino ez da izan aberastasuna. Lata handiegia zainzuri gutxirako.

balenciaga museoa

Agian horretan datza kontua, edukiontzi hutsak eraiki edota egitean. Balentziaga museoa bezala: eder askoa, erakusgai onarekin, baina erraldoiegia duen funtserako. Edo Tabakalera bera, espazio hutsa, gauza gutxirekin. Oteizaren hustasuna aldarrikatu nahi ote dute?


Zertarako kutxa erraldoiak ez badaukagu zer sartu? Edo sartzeko daukaguna agintarien gustukoa ez bada? Kultura hitzarekin betetzen zaie ahoa, baina herrietan aspaldian egiten diren hainbat jaialdi diru-laguntzarik laga dituzte. Ezinbestekoak dira diru pizar horiek bizi irauteko, aurre egiteko egindako egitarauari. Gainera, zer esan lezake kulturaz bere herriaren folkloreaz lotsatzen den gobernuak? Diasporako dantzariak bidaltzen dituenean dantza tradizionalen jaialdira diru ezaren aitzakian, baina agintari ia guztiak hemendik Washingtonera bidaian joan direnean? Kultura, ja! 


Hemen kulturak axola du eraikuntza tartean dagoenean. Eta guri ardura digu soilik pintxoak eta edatekoa zerbitzatzen denean. Gure kulturaren adierazlerik gorena baita!

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Eustakio

Leire Narbaiza 2016/07/18 22:28

Hamar urte bete dira aitxa joan zitzaigula. Gaitza da baloratzea aita bat zer den. Gainera,  bakoitzaren esperientzia ere desberdina izango da. Egia esatera, askotan zer dugun ere ez dakigu falta den arte. Hala izan da nire kasuan. Ez naiz aitazuloa izan (amazuloa ere ez, bide batez esanda). Aita hor zegoen figura bat zen, beste barik. Maitatua? Bai,  baina neurrian. Askotan gaitzetsia ere bai. Jakina da gu garela ‘Hil ezazu aita’ kantatzen zuen belaunaldi batekoak.

Abestiak abesti, ez genuen hil. Bat-batean hil zen Eustakio. Bihotzekoak jota, abisatu barik, uztailaren 18 batean, gainera, frankismoaren ikur den egunean. Nor eta bera, frankismoaren biktima bikoitza edo hirukoitza. Frankismoaren kontrako behargin fina izan zenaren patu ironikoa.

Biktima zela aldarrikatzen zuen azken urteetan. Durangoko bonbardaketan etxe barik laga zuten eta gerrako ume bihurtu (nahiz eta horrela ez duten ofizialki onartzen, 4 urteak bete barik zituenez, amarekin eta anaia txikiarekin ebakuatu zuten Frantziara).

Bigarrenez biktima atxilotu  torturatu eta kartzelaratu zutenean. Izan ere, subertsiboa zen oso euren aktibitatea. Donostiako Artzain Onaren katedrala eskalatu eta ikurrina jarri zuen orratz bateko puntan. Ekintza gogoangarria,  baina berarendako baino peligrorik ez zuena. Komando arriskutsua, alajaina.

Ironiaz nioen hau, gaur eguneko perspektibatik, baina orduan bide bat zabaltzen ziharduten eta errepresioa brutala izan zen. Tortura kasuez berbetan ibili direnean azken egunotan, gure aitxa beti izan dut presente. Berak ez zuen aukerarik izan testigantza emateko. Eta ez dago zerrendan. Eustakio Manzanasek torturatu zuen. Badakigu jipoi itzelak eman zizkiola (ia ezer ez zigulako kontatu)  Harritxintxarren gainetik ibilarazi zuten belauniko eta praka barik. Behatzetako (oinetakoak, giputzendako) atzazalak erauzi zizkioten, eta ordudanik arazoak izan zituen atzazalok arraro irteten zitzaizkiolako eta okelan sartu. Honek guztionek itzelezko lotsa sentiarazten zion, gainera. Tortura beti presente.

Hau da guk dakiguna. Ziur gaude latzagoak jasan zituela, kontatu ezean, jakin ezin. Baina justiziaren begietan bera zen gaizkilea. Kartzelatik irten eta gutxienez 10 urtera telefonoa interbenitu geneukan, eta sarri kuartelera joateko esaten zioten.

Duela pare bat urte bere argazkia eta datuak aurkitu zituzten hainbat “susmagarrirekin” batera, guardia zibilek "arriskutsuak" identifikatzeko erabiltzen zuen poltsikoko koaderno moduko batean. Sekulako inpresioa egin zidan, ileak laztu, koadernotxo horretan sufrimendua zegoelako islatuta.

Album Fotografico s.i.g.c.(1) by LeireNarbaiza on Scribd (bera 99. da)


Eusko Jaurlaritzak errepresaliatuei emandako diru-laguntza bat kobratu zuen Madrazo sailburu zela. Gaizki pasatu zuen, urduri. Barruan zuen guztia mugitu zitzaion, kartzelan emandako denbora, torturak,... dena biziarazi zioten tramiteok. Era takar eta kariño barik tratatu zituzten paperak egin bitartean, dirutxo horrekin dena erreparatu zutelakoan.

Dena isilean sufrituta, barruan gordetzen zuen guztia. Bere kalterako, jakina. Ona eta txarra. Bere sozietate gastronomiko matxistako batzar baten alabak bazkide egiteko eskatu zuen hartan bezala. Ia jan egin zuten, baina berak bere alaba bien eskubidea aldarrikatu. Gero, guri ezer esan barik, isilik. Jakin genuen arte. Gutxitan egon naiz hain harro norbaitetaz!

Niretako gizon handia, eta naizen gauza asko berari esker naiz. Euskaldun eta euskaltzale, esate baterako. Leire naiz berari esker.

Eustakio, beti nigan, beti gurekin.

Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta!

Leire Narbaiza 2016/07/15 10:00

“Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta!”. Hala dio Iruñeko horma bateko pintadak. Horrela izatea nahiko genuke emakume guztiok, etxerako bidean ez ezik, gure bizitzako momentu guztietan ere.

Etxerako bidean libre izan nahi dut!

Pintada hau sinbolo bihur liteke, agertu den hiria bezala. Izan ere, San Fermin eguneko kontzentrazioak esango nuke inflexio puntu bat markatu duela eraso sexisten salaketa eta arbuiatze aldera. Hala sentitu nuen nik, behintzat. Sare sozialetan ere inpresio bera jaso zuen zenbaitek.

Beharbada, sentimendu hau ETBko albistegiak sortu zidan, pantailaren aurrean jarri nintzenean espero ez nuelako halakoa gaitzespen kontzentrazio handirik. ETB2ko Teleberria ikusteko telebista piztu, eta lehenengo titularra Iruñeko elkarretaratzea, kazetaria bertan eta zuzenean zela. Udaletxe plaza eta inguruak mukuru beteta, txupinazoan bezain beste. Eta fondoko oihuak aho batez: “Ninguna agresión sin respuesta” (Erasorik ez, erantzunik gabe).

Titularren ostean, berriro ere jo zuten bertara albistea garatzeko. Orduan beste oihu bat ere entzun zen: “Gora borroka feminista!”. Ileak laztu zitzaizkidan, oilo ipurdia sortu zidan halako jendetzak feminismoaren aldarria egiten entzuteak. Gizarteak norabidea alda lezakeela esango nuke, lehenengo mikro-urratsa izan litekeela. Asko esatea dela iritziko dio batek baino gehiagok. Baliteke, baina batutako pertsona kopuruak aldaketa adierazten digulakoan nago, Nahikoa da! ozen aldarrikatzeko beharra.

Iruñeko kontzentrazioa

Dena dela, oraindik bidea luzea eta malkarra da. Hainbeste urtetako isiltasunari amaiera emateko lan egin beharko da gogoz. Lehenengo eta behin komunikabideetan, sexu erasoez informatzen dutenean nola egiten duten kontakizuna errebisatu beharra dago. Esate baterako, egunotan entzun eta entzun gabiltza “ustezko erasoa”, “ustezko bortxaketa”. EZ! Ustezkoak atxilotutako erasotzaileak dira, ez erasoak. Eraso sexualari ustezko hori erantsita biktimari sinisgarritasuna kentzen zaio, zalantzan jartzen da jasandako agresioa, sufritutako jazarpena. Kontuan hartuta sexu erasoei baino ez zaiela hitz hori eransten, areagotu egiten da susmoa. Izan ere, inori ez litzaioke bururatuko idaztea “ustezko lapurreta bat salatu du gizon batek”, lapurretak sinistu egiten baitira, eraso sexualak ez, ostera. Hori adierazten baita “ustez/ustezko” gehituta.

Beste komunikabide batzuetan, ordea, ez dituzte zalantzan jarri salaketak. Baina askotan argazki desegokiak erabili dituzte albisteak ilustratzeko. Titiak erakusten dituzten neskenak esate baterako, edo lotan mozkor itxura duten emakumeenak. Subliminalik jaurtitzen duten mezua hauxe da: “zer nahi duzue, bada, zeuen burua ez baduzue zaintzen, normala da erasoa”. Kasu honetan, era inkontzientean, andrazkoei egozten zaie errua, ez erasotzaileari.

bortxaketa mediotean

Adibide bi hauek zuzentzea erraz egin litekeelakoan nago. Lehenengo urratsak lirateke eraso matxistak zeharo deuseztatzeko bide luzean. Nahikoa da! esanda hasi dute bidaia Iruñean.

Hau idazten ari naizenean, sanferminak ez dira oraindik amaitu. Sexu eraso gehiago salatu dituzte hainbat emakumek. Ausartak izan direnak, baina libre izan nahiago zutenak! Libre izan gaitezen, ez ausart, denon aldarria ezinbestekoa da! Eraso matxista gehiagorik ez!

Bortxaketaren arazoak

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Nahita sufritzea telebistan

Leire Narbaiza 2016/07/04 11:40
Gipuzkoako Hitzan 2016ko uztailaren 1an argitaratuta.

“Gizon-emakume bikote bat, biluzik natura basatiaren erdian, hogeita bat egunez bizi iraun nahian”. Horrela hasten da “Aventura en pelotas” (Abentura larrugorritan) saioa, zapatu gauetan TDTko Discovery Max kanalean ematen dutena. AEBetako produkzio bat da eta jatorrizko izena “Naked and afraid” (Biluzik eta beldurtuta) du. Ortozik daude, bakoitzak hara eramateko objektu bakarra baino ezin du hautatu eta bideo-kamera bana dute grabatzeko eta sentitzen dutena adierazteko.


Saioan sarri nabarmentzen dute biluzik egotearena, batez ere andre-gizonak direlako. Sexuan pentsatzen, alegia. Baina larrubizi egotearenak badu askoz garrantzi handiagoa, ezin baitute babesik eduki, ez eguzkitik, ez hotzetik, ez zomorroen hozkadetatik. Gogorra eta latza. Horrela hiru astean. Gainera, ia jan barik, ura ere bilatu ezinda, behegainean lo eginda eta aterperik gabe. Infernua lurrean!

Naked and afraid

Beste kate batzuetan ere badaude bizi-iraute saioak. Ez hain muturrekoak baina bai gogorrak. Oraintxe bertan tele5-n badute bat sai-famatuekin eta etb2n “El Conquistador del fin del mundo” dontsua. Biek ala biek sekulako audientziak lortzen dituzte, nonbait; niri fenomeno ulertezina egiten bazait ere.


Egia da jende ugari dagoela saio horietan parte-hartzeko prest. AEBtakoan ez dakit, baina bai tele5koan eta El conquis-en casting itzelak egiten dituzte. Zer dela eta? Espainiako kate horretakoan badakit dirua dela motibo nagusia. Sasi-ezagunak izanda, batzuei sekulako dirutza ordaintzen diete bertan egoteagatik eta saria ere nahiko potoloa da, 300.000 bat euro. Baina etb2koan zein da motibazioa? Wikipedian begira, ikusi dut edizio batzuetako saria 18.000 eurokoa dela. Pentsatzen dut bertan egoteagatik ere emango dietela zerbait, baina ez da ekonomikoa bertara joateko grina. Entzun izan dut euren burua proban jartzeko dela, noraino irits litekeen norberaren indarra ezagutzeko. Begiak talo eginda lagatzen dizkidate horrelako erantzunek. Izan ere, sufritzea ez dut batere gustuko eta jende horren helburua horixe berori da: ea zenbat agoantatzeko gai diren ezagutzea!


Horregatik, argi daukat ez nintzatekeela sekula santan halako programa batera aurkeztuko, pentsatzen dudalako gorriak ikusteko badagoela eguneroko bizitza. Dena dela, ez naiz jausiko topiko eta demagogian, eta muturreko emozioak bizi nahi duenari ez diot esango joan dadila errefuxiatu eremu batera, edo gure hirietako etxe gabeekin bizitzera. Ez, deigarria bazait ere senperrenak ikusteko gogo hori ez dut erantzun erraza eman nahi.


Beraz, zein da lehiakideen motibazioa? Zerk bultzatzen ditu? Baliteke mendeetako katolikotasunaren eragin ezkutua izatea: sufrituta baino ez dugu lortuko zerua, mundua malko-haran hutsa delako. Edota aberaskumetxoak izanda, eguneroko oinarrizko premiak aseta ditugula jakinda, ezer jokoan ez dugula argi edukita abenturazale izateko premia dugula. Mendebaldarren gutiziak ditugula, berba baten. Seguru gaudelako aurreko bizimodu erosora itzuliko garela, egoerarik latzena jasanda ere. 


Erreza da naufrago gosetiarena egitea, itzultzean ohe beroa eta hozkailu betea aurkituko dugula dakigunean. Eta hori gure mundutxo honetan baino ez da gertatzen. Gure Lurreko beste munduetan biziraupena da araua, gurean itxurakeria hutsa da.

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Save

Mikro-Orlandoak

Leire Narbaiza 2016/06/17 14:44
2016ko ekainaren 17an Gipuzkoako Hitzan argitaratutakoa

Aurreko asteko ostegunean, trena hartu nuen Elgoibartik Eibarrera etortzeko. Iluntzea zen eta nahiko beteta zetorren, sasoiko lehenengoetako eguraldi eguzkitsua izan baikenuen. Jendea, ni legez, etxera bueltan zetorren, asko eta asko hondartzatik, Debatik. Halakoetan gertatzen den moduan gaztetxo asko zegoen bidaian.


Nire ondoko konpartimentuan hiru mutil eta neska bat zetozen. Ez dakit zenbat urte izango zituzten, baina lehenengoz botoa emateko adina ez zuten urrun izango. Hortxe, mugan, adindun bihurtu berri edo bihurtzeko puntuan. Neska erdi-lo zetorren mutiletako baten sorbaldan burua jarrita. Biak ikusten nituen nire aurrekoen ondoan eserita zeudelako; hau da, ia parez pare gindoazen.


Kontua da, mutilak ahots ozenez –adin horretan sarritan gertatzen den moduan– azaltzen ziharduela zein gutxi ikasi zuen. Harro zioen bere gelako neskek whatsapp-ez ari zirela kontatzen ikasi eta ikasi zebiltzala; eta bera bitartean futbol amerikarra ikusten. Harritzekoa zela, neskak agobiatuta, bera lasai.


Lautan edo errepikatu zuen hau. Beti ere neskenganako mespretxuz, exajeratu hutsak zirela, bizitza sozialik ez zutela eta abar. Ar gazte bat bere arkeria aldarrikatzen adiskide eta neska-lagunaren aurrean.


Segitu zuten berbetan. Eta halako baten gogoratzen ez ditudan futbolari batzuen izenak aitatu zituzten. Ar gazteak, ozen atzera ere, esan zuen jakin berri zuela futbolarietako bat marikoia zela (gaztelaniaz ari zen eta “maricón” esan zuen). Disgustu itzela hartu zuela, mito bat erori zitzaiola, twitterren fondotzat jarrita zuela bere argazkia hain idolo handia baitzen berarendako. Eta horrelakoak komentario guztiak. Nik purrustada bat egin nuen ozen eurei begira. Ez ziren konturatu, nahiz eta zuzen eta erdeinuz begiratu nien.


Jarraitu zuen diskurtsoa esanez aitatutako beste jokalariak nesken prakak erabiltzen zituela, eta horrela janzteko hobe zuela buztana moztea, gizon ez bazen sentitzen! Zerbait esateko gogoz nengoen, baina ez nintzen ausartu. Gainera, nire geltokira iritsita nengoen. Aitzakia ederra aurkitu nuen ezer ez aurpegiratzeko!


Koldarkeriagatik ez nion ezer bota, ernegatzen banengoen ere. Halakoetan ez naiz batere ausarta, aitortu behar dut. Marmarrek, purrustadek eta begirada okerrek ez zuten ezertarako balio izan, ez zirelako interpelatuta sentitu. Egia esatera, konturatu ere ez ziren egin.


Pasatu zen eta ahaztu nuen. Baina igandean berriro ere etorri zitzaidan pasadizoa, Orlandoko sarraskiaren berri  izan nuenean. Benetan damutu zitzaidan konturik ez hartu izana, errieta ez egitea mutil gazte hari. Uste dudalako ez dugula onartu behar inoiz halako adierazpenik inon. Badela ordua denok halako lelo homofoboei aurre egiteko, ez onartzeko eta gaitzesteko.


Kargu hartuta ez genuen Orlandokoa saihestuko, jakina. Baina, beharbada, gazte horiek niri agiraka entzun izan balidate, hausnartzeko momenturen bat hartuko zuketen, ahotik jaurtitako guztia egokia izan zen ala ez pentsatzeko, mikro-Orlando bat egin zutela, alegia.


Seguruenera ez zuen ezertarako balioko. Hala eta guztiz ere, konbentzituta nago pausu bat aurrera eman behar dugula halakoetan, nik egin ez banuen ere. Horrela baino ezingo dugulako homofobia akabatu eta deuseztatu.

Hemen Gipuzkoako Hitzan

LGTB Plaentxia

Save

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua