Debatean, euskara galtzaile
Hauteskunde kanpainaren azken astean gaude, ondotxo jakingo duzuenez. Etengabeko bonbardaketa honek laga digu albo kalte bat euskara da. Bideo formatuan eraso diote gure eskubideari. Eta ez ditut berriro ere hauspotuko gezurrak, pentsatze hutsak ere min ematen didalako. Gainera denok dakizue zertaz dihardudan. Ez du merezi aitatzea!
Kontua da, bideook ez direla eraso bakarra izan. Etb1en izandako debatean ere euskara izan zelako galtzaile. Galtzaile parte hartu zuten politikari batzuen gaitasun maila entzun ostean. Txarra baino txarragoa izan zelako.
Antza denez, ahaztu zaie horiei zein inportantea den hizkuntza ondo jakitea, ahalik eta ondoen adierazteko zein den euren proiektua gobernura ailegatuz gero. Momentu batzuetan, batzuek jaurtitako esaldiak ulertezinak ziren. Ikusleok deszifratu ezinda ibili ginen zer esan nahi ziguten. Eta, jakina, horrek guztiorrek sekulako kritika zaparrada ekarri zuen twitterren. Txiolarien jarduna barreetatik hasi, eta suminduraraino zihoan. Batzuetan entzundakoa sinistu ezinda ere ibili ginen, hain zen ulertezina esandakoa. Kritika zorrotza jaso zuten horregatik, batez ere politikari konkretu batek.
Egia esatera, txantxa giroa nagusitu zen, ezin bestela jasan astakeria gramatikal haiek guztiak. Belarriak odoletan geneuzkan, ia odolustutzeraino. Merkromina eta betadinerik onenena halakoetan barre egitea delako, hala ibili ginen, bestela ezin aurrera egin.
Horrela debate osoan. Baina kexa ere iritsi zen, txiolari batek gaztelaniaz esan zuen oso zatarra dela hautagai baten euskara mailaren kontra egitea, honek eztabaidatu eta espresatzeko ahalegina egiten duenean. (Es muy feo meterse con el nivel de euskara de un candidato que hace el esfuerzo de debatir y expresarse en euskara.).
Marimaistra handiak esaten duen moduan: “Euskararik onena, hitz egiten dena!”. Ados nago sorgin maitagarriak dioskunarekin. Baina kasu honetan ezin daitekeela aplikatu uste dut. Izan ere, kritikak jasan dituztenak ez dira euskaltegiko ikasleak, edo euskara asko jakin barik saiatzen den kaleko jendea. Kritikatuak politikariak dira, berbak darabiltzatenak bere ideiak azaltzeko. Hitza da euren lantresna, komunikazioa baita euren esparrua. Baten batek urteak daramatza euskara maila berarekin, hobetzeko ezer egingo ez balu bezala. Eta hori larria da, gaztelaniaz formatu egiten direlako.
Larritasuna ez ezik, axolagabekeria ere adierazten duelako; alegia, berdin zaielako nola hitz egin euskaraz. Gaztelaniaz inork inoiz ez luke onartuko halako mailarik, lotsagarria begitanduko litzaioke edozeini hala mintzatzea espainolez. Mespretxutzat hartuko lukete.
Guk, ordea, badirudi dena onartu behar dugula euskaraz bada, esfortzua egiten dutelako. Baina ez da hala. Maila egokia exijitu egin behar diegu, bestela alferrik gabiltza. Ez dezagun ahantz hautagai horietako bat edo beste agintari bihurtuko zaigula eta bere eskuetan izango duela hizkuntzaren alde (edo kontra) egitea.
Ez diezagutela barre egin, nahikoa gezur eta irain bota dituzte eta dagoeneko. Euskara maila duina exijitu behar diegu!
Baina ondiok be haruntzago noa: Amuriza eta Kepa Altonaga-rekin bat egiten dut 100%ean. Euskera batua umearoan egonik berba asko eta asko falta ditu transmititu nahi dugun hori ahalik eta zehatzen adierazteko. Eta hutsune ikaragarri horretan batzuk oso oso eroso moldatzen dira. Hain zuzen ere ezer zehatzik ez esan eta inongo konpromisorik ez hartzeko. Eta zoritxarrez uste dut euskaldunon arteko liskar eta gatazka askoren iturri ere badela (ez bakarrik noski) hizkuntzaren gabezi hori, komunikazioa zailtzen baitu.
Horregatik aitortu behar dut, penaz, euskalkien erabilera okerrak zenbait eremutan (nazio-mailakoetan) ez duela laguntzen komunikazio azkar eta eraginkorra lortzen.
Jakina hau nola konpontzen da? Politikariei eta geure buruekin exijenteak izaten, zuk diozun modura. Euskera erabiliz eta ganoraz bada hobe.