Eustakio
Hamar urte bete dira aitxa joan zitzaigula. Gaitza da baloratzea aita bat zer den. Gainera, bakoitzaren esperientzia ere desberdina izango da. Egia esatera, askotan zer dugun ere ez dakigu falta den arte. Hala izan da nire kasuan. Ez naiz aitazuloa izan (amazuloa ere ez, bide batez esanda). Aita hor zegoen figura bat zen, beste barik. Maitatua? Bai, baina neurrian. Askotan gaitzetsia ere bai. Jakina da gu garela ‘Hil ezazu aita’ kantatzen zuen belaunaldi batekoak.
Abestiak abesti, ez genuen hil. Bat-batean hil zen Eustakio. Bihotzekoak jota, abisatu barik, uztailaren 18 batean, gainera, frankismoaren ikur den egunean. Nor eta bera, frankismoaren biktima bikoitza edo hirukoitza. Frankismoaren kontrako behargin fina izan zenaren patu ironikoa.
Biktima zela aldarrikatzen zuen azken urteetan. Durangoko bonbardaketan etxe barik laga zuten eta gerrako ume bihurtu (nahiz eta horrela ez duten ofizialki onartzen, 4 urteak bete barik zituenez, amarekin eta anaia txikiarekin ebakuatu zuten Frantziara).
Bigarrenez biktima atxilotu torturatu eta kartzelaratu zutenean. Izan ere, subertsiboa zen oso euren aktibitatea. Donostiako Artzain Onaren katedrala eskalatu eta ikurrina jarri zuen orratz bateko puntan. Ekintza gogoangarria, baina berarendako baino peligrorik ez zuena. Komando arriskutsua, alajaina.
Ironiaz nioen hau, gaur eguneko perspektibatik, baina orduan bide bat zabaltzen ziharduten eta errepresioa brutala izan zen. Tortura kasuez berbetan ibili direnean azken egunotan, gure aitxa beti izan dut presente. Berak ez zuen aukerarik izan testigantza emateko. Eta ez dago zerrendan. Eustakio Manzanasek torturatu zuen. Badakigu jipoi itzelak eman zizkiola (ia ezer ez zigulako kontatu) Harritxintxarren gainetik ibilarazi zuten belauniko eta praka barik. Behatzetako (oinetakoak, giputzendako) atzazalak erauzi zizkioten, eta ordudanik arazoak izan zituen atzazalok arraro irteten zitzaizkiolako eta okelan sartu. Honek guztionek itzelezko lotsa sentiarazten zion, gainera. Tortura beti presente.
Hau da guk dakiguna. Ziur gaude latzagoak jasan zituela, kontatu ezean, jakin ezin. Baina justiziaren begietan bera zen gaizkilea. Kartzelatik irten eta gutxienez 10 urtera telefonoa interbenitu geneukan, eta sarri kuartelera joateko esaten zioten.
Duela pare bat urte bere argazkia eta datuak aurkitu zituzten hainbat “susmagarrirekin” batera, guardia zibilek "arriskutsuak" identifikatzeko erabiltzen zuen poltsikoko koaderno moduko batean. Sekulako inpresioa egin zidan, ileak laztu, koadernotxo horretan sufrimendua zegoelako islatuta.
Album Fotografico s.i.g.c.(1) by LeireNarbaiza on Scribd (bera 99. da)
Eusko Jaurlaritzak errepresaliatuei emandako diru-laguntza bat kobratu zuen Madrazo sailburu zela. Gaizki pasatu zuen, urduri. Barruan zuen guztia mugitu zitzaion, kartzelan emandako denbora, torturak,... dena biziarazi zioten tramiteok. Era takar eta kariño barik tratatu zituzten paperak egin bitartean, dirutxo horrekin dena erreparatu zutelakoan.
Dena isilean sufrituta, barruan gordetzen zuen guztia. Bere kalterako, jakina. Ona eta txarra. Bere sozietate gastronomiko matxistako batzar baten alabak bazkide egiteko eskatu zuen hartan bezala. Ia jan egin zuten, baina berak bere alaba bien eskubidea aldarrikatu. Gero, guri ezer esan barik, isilik. Jakin genuen arte. Gutxitan egon naiz hain harro norbaitetaz!
Niretako gizon handia, eta naizen gauza asko berari esker naiz. Euskaldun eta euskaltzale, esate baterako. Leire naiz berari esker.
Eustakio, beti nigan, beti gurekin.