Mercadonaren lilura
Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, supermerkatu berri horretatik oso hurrean beste handi bi ere badaude: Eroski eta El Corte Ingles. Hori 300 bat metroan. Ahaztu barik, Lidl, Dia eta BM ere badaudela hiriaren beste gune batzuetan. Ez dakit zelan lortuko duten guztiek bizirautea.
Tira, hain gune handiak zabaltzeak ez nau askorik harritzen. Badirudi hori dela azken boladan “modan” dagoena: supermerkatu/hipermerkatu asko leku txikian. Mercadona fenomenoak nauka miretsita, bere izen hutsa aipatzeak sortzen dituen kondaira eta lilura. Horrek lagatzen nau aho bete hortz.
Kontua da, aspalditik zebilela eskualdean denda zabalduko zutelako zurrumurrua. Prentsan ere agertu zen. Halako albisteak bolo-bolo barreiatutakoan, jendeak “Ze ondo!” esaten zuen. Ni horrekin txokatuta geratu izan naiz. Ez baitut konprenitzen denda horrek sortzen dien xarma. Zergatia eskatu eta arrazoibidea beti izan da bera: kremak.
Erantzunak begiak talo eginda utzi izan nau. Sakontzen hasi, eta inoiz ez dira gai izan esateko zer gehiagok erakartzen zituen. Beste batek esan zidan zeliakoendako produktu asko zituztela. Ea zeliakoa zen bera edo bera familiako norbait, nik itaundu. Eta ezetz, baina entzuna zuela jabearen alaba gaixotasun hori zuela eta horregatik gluten gabeko produktuen eskaintzarena.
Ikasle talde baten gertatu zitzaidan hau. Ezin ulertuta nenbilen, baina ikasleek, azkenerako ere ez zekiten zergatik zuten hain gustuko Mercadona. Nik ere segitzen nuen haluzinatuta.
Baina kaleko jendeari zer zirrara sor liezaiokeen deigarria zaidan arren, Mercadonaren beste kontu miragarri batzuek ere ematen didate atentzioa. Esate baterako, publizitaterik egiten ez dutela. Tira, ez dakit zer ulertuko duen publizitate berba esanda marka horrek; izan ere, errepideetan dauden panel handi horiek kontratatu dituzte. Eta herriko jubiletxeetako baten hainbat hitzaldi eman. Bertara joandakoak produktuz betetako poltsekin irteten ei ziren berbaldiotatik. Enpresak panel eta hitzaldi “informatibo” deitzen die ekintza hauei. Neohizkuntza darabilte elikagaien banaketako taldekoek ere, antza.
Niri, ostera, harrigarriena prentsa idatziarena egin zait. Hiru egunkaritan titular bera agertu da denda berria dela eta: Mercadonak supermerkatu berria zabalduko du Eibarren 40 lanpostu «egonkorrekin» (Mercadona abre un supermercado en Eibar con 40 empleos «estables» 1, 2, 3). Berbaz berba berdinak. Harritzekoa, ezta? Agentziak banatutako prentsa oharra kopiatuta hiruretan. Hori bai, notizia baino publi-erreportajea da. Ordutegiaren berri ematen du, zein inbertsio egin duten, zein zerbitzu eskainiko dituzten,... Ez dute iragarkirik jartzen, baina publizitatea era ezkutuan, barra-barra darabilte. Prestigioagatik ote? Nork kobratuko du propaganda ezkutu hau? Nola?
Baina ez esan tristea ez denik denda baten gaineko mistika hau. Ez dakit zer bihurtzen gaituen, kontsumoaren akolitoak, produktu batzuengatik proselitismoa egiteko kapazak. Jabe aberatsen mesederako, gure miseriarako. Miseria morala, besterik ez bada ere. Erostea delako gure erlijio berria.
Save
Zuk "prentsa" aipatzen duzu, baina izen abizenak dituen talde bateko prentsa izan da kanpaina egin duena, VOCENTO taldea. "El Correo" Bizkaian eta "El Diario vasco" Gipuzkoan.
Ze nolako lotura duten VOCENTOk eta Mercadonak ez dakit. Hau da ikerketa egiten duten kazetariek egin zezaketen lan bat.
Eta muinari helduz, egiaztatuta geratu da ze nolako eragina duen gugan publizitateak, batez ere mozorrotuta sartzen digutenean.