Zuzenean entzun, telebistaz ikusi
Duela hainbat urte etorri zen telebista ordena pittin bat jartzera; hau da, irudia ikusleen begi aurrean ipintzera. Hasieran, organojolearen irudi soila besterik ez, artista aurpegiz ezagutzeko baino ez, gizonezkoa ala emakumezkoa ote, zaharra ala gaztea, bizarduna ala burusoila. Kamera bakarra, plano osoa, ikuspegi finkoa. Geroztik, kamerak gehitu egin dira urtez urte eta saiorik saio, aukerak ugaldu, proposamenak landu, emaitzak aberastu.
Gaur bertan Debako elizan izan den ekitaldia* hainbat kameraz (barrena hiru) baliatu da, irudi-kalitate dezentez eta errealizazio-lan txukunaz. Organojolearen aurpegia ezezik, baita eskuen zein oinen lehen planoak ere.
Irudiak ez du inondik ere audioa hobetuko baina bai, behar bada, audientziaren kopurua gehituko eta iraupena erraztuko. Ez da kontu berria. Greziako antzezlariak zein Zuberoako pastoralgileak ere aspaldi konturatu ziren ikusentzuleek gehiago irauten zutela eserita zutik baino.
Zuzenean entzun, telebistaz ikusi. Teknologia ez da beti gauzarik zailena.
Pantaila handia Debako Santa Maria elizaren aldare erdi-erdian
Koruko organojolea, aurrez aurre
Xehetasun hauek ezta korura bertara igoez gero ere
* Ana Belen García, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal organojoleen kontzertua
Nik be eskertu neban telebista sistema Debako elizan, azkenaldian Bergaran eta Durangon ere ikusita neukan sistema hau, eta interesa ematen dio kontzertuari. Dena den, Debakoa entzuten ari nintzen bitartean, pentsatzen ibili nintzen zer ote zen hobe, ikusgarritasuna irabaztea kontzertua "ikusita", ala entzumenean baino ez konzentratzea, eta nola iristen nintzen hobeto musikara. Tarteka begiak ixten nituen, irudiak entzumenean eraginik ez izateko.