Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zuloagaren lagunak

Zuloagaren lagunak

Amatiño 2015/11/14 17:00
Ignacio Zuloaga pintoreak eta Manuel de Falla musikariak elkar ezagutu zuten, Parisen, 1910 inguruan, eta lagun minak izan ziren heriotza arte. Eibartarra 1945 urtean hil zen eta Cadizkoa, hurrengoan. Adiskidetasun haren adierazgarri da Madrilen bildu den erakusketa: “Historia de una amistad”.
Zuloagaren lagunak

Erakusketaren kartela

Hogeitaka urtetan (1913-1939) berrehun gutun baino gehiago idatzi zizkioten elkarri, hainbat opari trukatu, bat etorri ziren 1898ko espainiar hondamendiren gaineko hausnarketaz eta elkarrekin prestatu zuten 1928an Parisen aurkeztu zen El retablo de Maese Pedro ikuskizuna. Fallak konponitu zuen musika eta Zuloagak moldatu zituen, berriz, lau “buruhandi” eta hainbat txotxongilo, Maxime Dethomas artistaren laguntzaz.

Zuloagak Parisen bertan ezagutu zituen Henri de Toulouse-Lautrec eta Maxime Dethomas, eta bigarren honen arrebarekin, Valentinerekin, ezkondu zen. Eztei-lekuko izan ziren Isaac Albeniz musikari katalana eta Eugène Carrière frantses pintore sinbolista. Lagunik ez zitzaion falta izan, antza, eibartarrari.

Ignacio eta Valentine senar-emazteek hainbat solasaldi eratu ohi zituzten Zumaiako Santiago-Etxean, eta bertan izan omen ziren, noiz edo behin, Unamuno, Pío Baroja, Ortega y Gasset, Julio Beobide, Blasco Ibáñez, Gregorio Marañón, Pablo Uranga, Valle-Inclán, Azorín, Juan Belmonte, Albako Dukea, Maeztu, García Lorca eta beste hainbat. Hauetako zenbait eta gehiago elkartu zituen “Mis amigos” lauki burutu gabean.

Kopinak

Aurrez aurre lau buruhandiak eta, barrenean, hainbat txotxongilo. Nonbait, Zuloagak, pintatzen ez ezik, beste hainbat gauza egiten ere bazekien

Falla2

Manuel de Falla, Zuloagoak pintatua, ehun pezetako billetean "ospetsu" egin zena

Los amigos

"Mis amigos" marrazkia, Zuloagak margotzeke utzi zuena. Ezkerraldean, txapel eta guzti, Zuloaga bera.

Unamuno-e-Ignacio-Zuloaga-en-El-Reti

Unamunorekin, Madrilen

jaime
jaime dio:
2015/11/15 18:35
Ni ez naiz margolaritzan aditua, baina, orain dela urte mordotxo bat Bilboko “Museo de bellas artes” delakoan Ignacio Zuloaga eibartar handiari eskainiriko erakusketa eder batek zeharo txunditurik geratu nintzen. Gogoan dut, batez ere, margolan bat zeinean pintorea eta beste lagun batzuk agertzen baitziren. Beheko planoan txakur bat etzanda zegoen,eta, hurreratu behar izan nuen, ia-ia ehuna ukitu arte, nola pintatu zituen txakurraren ileak ikusteko. Sinestezina aizue!
Beste horren beste esan daiteke Manuel de Fallari buruz. Bere konposizio zoragarrien “Noches en los jardines de España” edota “El amor brujo”entzute hutsak, lur honetan ez dagoen beste plano batetara eraman dezake arima! Benetan!
Bi erraldoi hauen ondoan, Luis Albertok aipatzen dizkigun beste konpositore, idazle, margolari, sendagile edo txuliatzaileak errepikatuko ez den aro bat sortu zuten. Gero, kaskarkeria edo mediokritatea etorriko zitzaion arteari!
Amatiño
Amatiño dio:
2015/11/16 17:01
Bai. Uste dut nik ere gogoan dudala margolan hori. Otso-txakurra (edo polizia-takurra), lurrean eserita, eskuineko bazterrean. Baina, ez dut inon aurkitzen. Ezta interneten ere, nahiz Zuloagaren lauki pila han-hemenka sakabanatuta egon... Ea aurkitzen dudan libururen batean...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: