Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zulo beltzetik galaxiarik zabalenera

Zulo beltzetik galaxiarik zabalenera

Amatiño 2021/09/09 09:00
Zazpi euskal opera konposatu ziren 1909-1920 bitarteko hamarkadan. Ondoko mende osoan, bat baino ez (Gernika. Escudero, 1987). Adituek jakingo dute zelan kalifikatu azken ehun urteotako euskal musikaren balantza, baina operaz, behintzat, hutsaren hurrengoa, zulo beltza. Iluntasun hori argitzera datorren izpia da "Maitena".
Zulo beltzetik galaxiarik zabalenera

1909ko libretoa, Artetaren marrazkiaz

Charles Colinen (1863-1950) musikaz eta Etienne Decrepten (Baiona, 1868 - Bidarte, 1938) libretoaz (Artetaren diseinuz) burutua, Maitena euskal opera Bilboko Koral Elkarteak aurkeztu zuen estreinako (1909), arrakasta handiz, Campos Elíseos Antzokian. Ondotik etorri ziren Gasteiz, Iruñea eta Donostiako ekitaldiak. Geroxeago, berriz, Mexikon (1912), Hendaian (1913), Madrilen (1928), Hossegorren (1930) eta Donibane Garazin (1931).

Ia mende bat geroago, Bilboko Koralak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak elkarrekin berreskuratu eta grabatu dute Maitena, Enrique Azurzaren zein Iker Sanchezen zuzendaritzapean, Miren Urbieta-Vega (sopranoa), Mikeldi Atxandalabaso (tenorea), Marifé Nogales (mezzosopranoa), Fernando Latorre (baxua) eta beste lau interprete nagusirekin batera.

Kritikarien irizpidez, Maitena dateke euskal operarik onenetakoa. Laurogeita hamar urteko isilunearen ondotik estreinako grabatzea eta euskarri digitalez bildu ahal izatea da, berriz, “miraria” (Iñigo Alberdi), “luxoa” (Miren Urbieta-Vega), “sortea” (Mikeldi Atxandalabaso), “ingeniaritza akustikoa” (Elias Unzueta), “euskarazko ondare lirikoaren aldarrikapena” (Lorea Bilbao) eta “euskal laguntza publiko-pribatuaren fruitu” (Bingen Zupiria).

Ekoizpenari dagokion CDa aurkezpen egunean kaleratu da eta Deia egunkariaren bitartez zabalduko. Irailaren 24tik aurrera, ostera, nazioarteko hogeita hamarren bat ataritan aurkitu ahal izango da, besteak beste Spotify, Naxos, YouTube, itunes, Google Play eta eClassical nabarmenenetan.

Laurogeita hamar urteko zulo beltzetik gaur egun izan daitekeen galaxiarik zabalenera.

Iñigo Alberdi
Iñigo Alberdi, Bilboko Koral Elkartearen kudeatzailea eta egitasmoaren bultzagile.

MaitenaCD450
'Maitena' CDaren azala, Artetaren beste irudi batez.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: