Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zuk zeure buruarekin inbertituko al zenuke erdi bana?

Zuk zeure buruarekin inbertituko al zenuke erdi bana?

Amatiño 2016/08/07 00:05
Espainiar ekonomia ez omen da 2017 urtean zehar %2,9 igoko, %2,00 baizik. Hiritarren konfiantza-maila %11,4 jaitsi da eta jendea beldur da hurrengo urtean lana galduko ote duen edo irabaziak murriztuko. Bistan da espainiar gizartea (euskal hiritarrok tarteko) ez dela bere buruaz fio. Eta espainiarrak ez badira (gara) euren buruaz fidatzen, zergatik besteek fidatu behar dute Espainiaz?

Europako gizartean inkesta egitea aski litzateke argi asko nabarmentzeko, zorrik handienak dituzten europar hiritarrak greziarrak, espainiarrak eta portugaldarrak direla. Baina ez da egia. Per capita behintzat, Irlanda (43.848 euro biztanleko) , Belgika (38.766), Italia (37.749) Austria (34.609) eta Frantzia (30.439), Grezia (28.313) baino zorpetuagoak daude. Eta aipatu seiak, gehi Alemania (26.674), Holanda (26.289) eta Finlandia (24.212), Espainia (23.447) eta Portugal (22.244) baino zorpetuagoak.

Datua datu, harrigarri samar iruditu arren, austriar eta belgikar “aberatsen” zorra, portugaldar eta espainiar “txiroena” baino, barrena, %50 handiagoa da biztanleko. Eta, teoriaz, greziarren eta alemaniarren arteko aldea, txiroenen eta aberatsenen arteko zorra alegia, %6 besterik ez da.

Honek guztiak ba aldu logikarik? Zer dela-eta gertatzen da? Batzuen eta besteen arteko datuak horren antzerakoak baldin badira, edo, are gehiago, zenbait kasutan aberatsak txiroak baino zorpetuagoak baldin badira, zergatik herrialde aberatsen alde horren malgu jokatu eta txiroen kontra, berriz, horren zurrun?

Erantzuna da zorra ez dela neurtzen, praktikan, biztanle soilko, gizarte bakoitzaren Barne Produktu Gordinaren araberako baino. Hots, zorra ez delako neurtzen kopuru absolututan, zorpetu bakoitzaren ordaintzeko gaitasunaren heinean baino.

Hau da, Greziaren, Espainiaren edo Portugalen zuloa ez da handia euro pila zor dutelako, inoiz ordaindu ahal izango dutela sinestarazteko besteko bermerik azaltzen ez dutelako baino. Beste modu batez esanda, Espainiaren ajerik handiena ez da dagoeneko duen zorra, zor hori noizbait ordaintzeko eskaintzen duen itxaropen urria baizik.

Espainiak ments handia du, gero eta handiagoa. Baita langabezia handia ere. Sistema ekonomiko zaharra, erdipurdiko produktibitatea, berrikuntza gutxi eta ikerkuntza urri. Zer dela-eta diru gehiago maileguz eman inoiz ordaindu ahal izateko ahaleginik egiteko gertu ez dagoenari? Aukeran, ez ote hobe dirua utzi ordainduko duela segurtatzen duenari, nahiz aurretik zor handiagoaren jabe izan?

Amaitzeko, gatozen berriro hasierako konfiantza kontuetara. Zergatik Espainiaz fidatu, espainiarrak euren buruaz fidatzen ez badira?

Eta, urrutiegi joan beharrik gabe, zu zeure buruaz fidatzen al zara? Edo, nolabait ulertzeko, zuk zeure buruarekin ezertan inbertituko ote zenuke erdi bana? Ala zure partea ere beste norbaitek jarri behar izango ote luke?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: