Zuhaitzak txorrotxioka eta errekastoak ur murmurio
Javier Castro Arantzadiko etnografoari jaramonik egingo badiogu, XVII. mende aldera 17 errota zeuden Mutrikun, eta haietatik zortzi, Artzainerrekan, hain zuzen, Mutrikuko harrobietan errotarriak lantzen ziren garaietan. 1611 urtean, esaterako, 800 kiloko 40 errotarri esportatu ziren, itsasoz, Mutrikutik Portugalera.
Laurehun urte geroago, Mijoa auzoko errepide-barrenean zera jartzen du. “Koostei. Eztia/Miel. 3000 m”. Galipotez nahiz porlanez, bideak 3 kilometro inguru ditu, bai, etengabeko aldats gora. Aurrenengo biak dezente gogorrak eta azken seiehun metroak, aldiz, mortalak, mortalik bada.
Behetik gora, Amieta, Txartxa, Goiakoa, Atxukarro eta Goienekoa errota-baserriak eta, gain-gainean, bide-amaieran, atzena, Koostei (Gorostegi), errekarik gabekoa. Horrez gainera, begi bistan inondik ere sumatu ere sumatzen ez diren arren, ba omen ziren sasoi batean basoak irentsi dituen Zelai eta Artzain errotak ere. Azken hau, hain zuzen ere, errekaren izen berekoa, haran osoari izena eman ziona.
Amieta, Hego Ameriketako hainbat etorkini alokatua bide dago; Txartxa eta Atxukarro jausita edo jaustear, aztarren arkeologiko gisa seinalatuak. Goiakoak osorik dirau, baina ez dirudi inor bizi denik, nahiz tximinia parea jarri berria izan. Goienekoa eta Koostei, ostera, ganorazko segurtasun-hesiaz eta ate-txakur zaunkariaz. Aurrenak guztiz berria ematen du eta Koostei, berriz, nahiz bolada batean landetxe moduan aritu izan, azken honetan ez du batere zerbitzurik eskaintzen. Ezta eztirik ere biltzen, beheko seinaleak amu gisa besterik iragarri arren.
Haran mehar eta estu-mestu guztia inoiz errekak eragin zuen ekonomiaren lekuko isila baino ez da egun. Han-hemenka, noizbaiteko baserri-errotez gainera, zenbait ur-jauzi, presa, ubide, erreten eta itxigailu, erreka bazterrean, noiz, norbait, berriro, hartaz jabetuko zain.
Egun eguzkitsua da, baina ez da inor, ez da inor inon ageri. Ez autorik, ez bizikletarik, ez oinezkorik, ezta abererik ere. Zuhaitzak txorrotxioka eta errekastoak ur murmurio. Historia bertan behera geratu izan balitz bezala.