Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zirkuak

Zirkuak

Amatiño 2013/11/10 20:50
Seguru gero PPren donostiar egoitzaren kontra gertatua ez dela ezker abertzaleak sekula egin duen oldarkeriarik handiena, eta EH Bilduk eskubide osoa duela nahiago duen jokabidea Eusko Legebiltzarrean hartzeko; baina, zirkua zirku, herri honetan zirkugilerik handiena ezker abertzalea izan da, bere erasoak gutxiesten eta inorenak handitzen.
Zirkuak

Mikel Larrañaga, 1955

Aquellos primeros plenos izenburupean gogoratu berritu ditu (EIBAR aldizkaria, 116. alea) Mikel Larrañaga alkate ohiak, 1979ko lehen hauteskundeen ondoko udal-bilkuretan izan ohi ziren katramilak. Mikeli ez zaio inoiz adorerik eta ironiarik falta izan, arazoak nolabaiteko tarteaz aztertzen jakin izan du beti, demaseko patxada du eta sekula (sekula, gero) haserretzen ez diren horietakoa da. Horretara, ez da harritzekoa Mikelek bertatik bertara bizi izan zituen gertakari latzak umorez kontatzea, ezelango amorru, gorroto eta herrarik gabe.

Hala ere, Mikelen onak ez du orduko larria estaltzen. Mikel alkate izan genuen lau urteetan (1979-1983) ETAk bospasei lagun erail zituen Eibarren eta alkatetzari laga osteko urteetan, berriz, bi adiskide min garbitu zizkioten. Inor hiltzea inondik ere zilegi ez bada, zer esanik ez “okerreko informazioaz” eragindako hilketak izan zirela aitortuz gero.

Eta giro oldartzaile hura gutxi bailitzan, Herri Batasunaren jarraitzaile sutsuak joaten zitzaizkion aldraka, ez behar bada erailketa haiek artez arte babestera, baina bai, ordea, erailketok salatu nahi zituztenen jarrerak eragoztera eta gutxiestera.

Hiru hamarkada geroago, PPren Donostiako egoitzaren aurka egindako erasoa dela eta, Bilduk Eusko Legebiltzarrak adostutako salaketa ez onesteaz gainera, Pello Urizarrek PPren protesta “zirkutzat” jo du. Seguru gero PPren donostiar egoitzaren kontra gertatua ez dela ezker abertzaleak sekula egin duen oldarkeriarik handiena, eta EH Bilduk eskubide osoa duela Legebiltzarrean nahiago duen jokabidea hartzeko; baina, zirkua zirku, herri honetan zirkugilerik handiena ezker abertzalea izan da, bere erasoak gutxiesten eta inorenak handitzen.

Ezker abertzaleak okerrak zuzentzeko, bere burua erakundetzeko, gaizki eginak ahazteko eta sakrilegiotzat jo zituenak bedeinkatzeko eskubide osoa du. Baina, mesedez, begirune eta apaltasun apurtxo bat, sasoi batean mehatxatu gintuztenak kalean agurtzen jarraitu dezagun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: