Русский алфавит
Horra non kamioitzarra geratu den bidegurutzean, ez aurrera eta ez atzera. Gidariari diotsat bazterrera jotzeko, ez duela beste inor pasatzeko lekurik ere uzten, eta ilehori gizon-puska, batere jaramonik egiteke, errepide-barrenera jaitsi eta hainbat paper eskutan dituela datorkit artez arte.
Etorri galdezka dator, antza, batere-batere ulertzen ez diodan arren. Ingelesez al dakien iradoki eta buruaz ezetz dio. Jatorriaz galdetu eta, ez dit ulertzen. Deutsche ote? Buruaz dio ezetz. Errepertoriorik geratzen ote zaidan pentsatzen ari naizela, esango nuke esan, “rruxia” moduko zerbait sumatu diodala erantzun gisa. Paperak luzatzen dizkit helbidea asmatzen lagunduko al diodan baina, ezta hurrik eman ere, den-dena alfabeto zirilikoz idatzia dago-eta. Ene ganorarik ezaz jabetu eta atzeko autorantza doa, argi-mutil aproposagorik aurkituko duelakoan edo.
Ez dut nik esango gaur egun munduan zehar ibiltzeko nahitaez ingeles apurtxo bat jakin behar denik baina, horratik, ez da gero erraz ulertzekoa nola arraio esportatzera iritsi den enpresak bota dezakeen 3.000 edo 4.000 kilometroan barrena ingelesez tutik ere ez dakien txoferra. Ulertzekoa ere ez da nola arraio hainbat muga edo aduana igaro behar izan dituen garraio-motak agiri "irakurgarriagorik" ez izatea. Eta, dena dela, benetan normala ote Enkarterrietan zehar nora ezean helbide bila aritzea karaktere ziriliko hutsez idatzitako paperekin?
Hala ere, hiru xemaiko eurozentrismo merketan alferrik galdu aurretik, euskal enpresek zein hizkuntza eta karakteretan idatzi ohi dituzte albaranak, euren merkantzia Errusiara bidaltzen dutenean?
Errusian hiru bezero banatzaile ditugu. Hauetako birentzat espedizio guztietan gure dokumentazio dena inglesez besterik ez doa (eta karaktere latinoz noski): faktura, packing list-a eta beste edozein dokumentu.
Hirugarren bezeroak eskatzen digu fakturan produktuaren deskribapena bi zutabetan jartzea, batean inglesez eta bestean errusieraz (zirilikoz).
Herrialde arabeetara, berriz, den dena inglesez edo frantsesez (segun eta ze herrialde den).
Horrez gainera, faktura eta albarenez aparte, askotan produktua bera era hainbat hizkuntzatan etiketatu behar izaten dugu: finlandieraz, hungarieraz, arabieraz,...
EGA Master