Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Intelektuala, pentsalaria eta zilegiztatzailea

Intelektuala, pentsalaria eta zilegiztatzailea

Amatiño 2017/07/26 00:05
“Ni la idea de una nación catalana exenta, ni la de una única nación española negando tal condición a vascos y catalanes responden a la realidad plural ya consolidada”. Ideia ez da, inondik ere, berria; baina bai, behar bada, Antonio Elorza (DV, 2017.07.21) bezalako historialariaren esanetan. Eta, nago, erabat adierazgarria dela une honetan. Baina, kontuz, unetxo honetan baino ez.

Madrilgo Unibertsitate Complutensearen Zientzia Politikoetako katedraduna, Antonio Elorza ospe handiko historialaria da, saiakera-idazlea eta zutabegile ezaguna. Politikaz, Euskadiko Alderdi Komunistan aritu zen lehenik, Ezker Batuaren sorreran parte hartu zuen gero, eta 2008an, Fernando Savaterrekin batera, Rosa Diez aurkeztu zuen Madrilen, non, Elorzak, bere burua azaldu zuen UPyD alderdiaren zale zilegiztatzaile (“simpatizante legitimador”) gisa. Ekitaldi berean, Rosa Díezek aldarrikatu zuen autonomiek zenbait eskuduntza itzultzea Espainiako Gobernuari eta, itzuli beharrekoen artean, Hezkuntza azpimarratu zuen.

Sekula intelektualak, historialariak edo katedradunak izan ez garenok ez dugu, segurutik, behar besteko mailarik horren jakintsu handiari kontrakorik esateko; eta, hartara, arrazoi izango du Elorza irakasleak, Espainian nazio bat baino gehiago dagoela esaten duenean, edo euskal zein katalan nazioak errealitate irmotuak direla nabarmentzen duenean. Baita, aurrera begira, nolabaiteko proposamena zilegiztatzen duenean ere: "Una solución posible tras un 1-O fallido, sería pasar del ordenamiento actual a una federación asimétrica".

Segurutik oso garrantzitsu eta adierazgarria da, orain, Antonio Elorza pentsalariak horrelakorik esatea. Baina, aldi berean, baita zuhurtasun handiz hartzekoa ere, horrenbeste pentsamenduren jabe den intelektualak ez baitu arazorik izango, bihar edo etzi, justu kontrakorik “zilegiztatzeko”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: