Zientzietakoak eta letretakoak
Anjel Lertxundi. Eskarmentuaren paperak. Alberdania, 2009
ORAIN GIZA ZIENTZIAK DEITZEN DIEGU lehen humanitateak deitzen genienei. Nondik atera da zientziak deitzea gizakiaren alde espiritualei buruzko ikasketei? Zer dago horren atzean ez bada letretako jendeak bizi duen gutxitasun konplexua –ulergarria bezain merezia, bestalde— zientzien aurrean?
Letretako jendeari oso erakargarria zaio zientzien izaera enpirikoa: hipotesi bat eraiki, ikertu, hipotesiaren egia edo baliogabetasuna frogatu…
Baina non dago eta nolakoa da testu jakin bat ederra den ala ez frogatuko digun jardun enpirikoaren metroa?
oooOooo
Segurutik Anduk arrazoi du, baina letretako jendeak beste iritziren bat izango luke zientzietakoak letretakoen inbidia-puntuaz bizi direna baleki. Behar bada zientzietakoek susmatu sumatzen dute letretakoek baino gauza zehatzagoak, zindoagoak eta neurgarriagoak dakizkitela baina faltan sentitzen dute, ostera, letretakoen magia, xarma edo trebetasuna gairik zailena erraz adierazteko, hiruzpalau ukitutxoz gauzarik arruntena itxuratzeko eta beraiei gainditezinak iruditzen zaizkien egoera larrietatik arin bezain lirain ateratzeko.
Zientzietakoak badaki etxerako balio duena, kanporako ere balio nahi izango luke, ordea. Kontua ez da nork dakien gehien, ezta nor baino nor argiago ere. Kontua da, gero eta kanpolarrosagoa den gizartean zientzietakoak motel sumatzen duela bere burua, motz, lotsati, antzu, atzeratu, estu-mestu. Eta letratakoena, aldiz, argi, ernai, bizkor, seguru, lerden, jabe… iruditzen zaiola.
Normalean zientzietakoek dezente asko jakin behar izaten dute huntaz edo hartaz hitzegiteko. Baita ikaragarri urduri jarri ere, hitzegin behar dutenaz inork baino gehiago jakin arren. Letretakoa, ordea, kapaz da esateko “nik honetaz ezer gutxi dakit baina, nere ustez, nik esango nuke…” Eta objektiboki arinkeriatzat jo genezakeen jarrera honek erabat liluratzen du zientzietakoa, ohartzen baita ez dela aski ipi-apa guztiak zehatz-mehatz ezagutu beharra nork bere iritzia emateko, nolabaiteko inteligentzia emozionala ere izan badela, eta pertsonak besteen pareko izateko ez duela beti inork baino gehiago jakin beharrik, natural-natural eta lasai-lasai, nork bere mailan --beti azken etsamina bailitzan aritzeke-- azaldu baino. Zenbait unetan zientzietakoek nahiago lukete letretakoak balira baina… ezin. Honek ez du esangura zientzietakoek muzin egiten diotenik norberaren gustura egindako aukerari, artista-jendearen barne-inbidiaz bizi direla baizik. Letretakoen distira dutela amets, alegia.
Hauxe da behintzat nere “eskarmentua” dozena t'erdi urtean zientzietako edozenbat ingeniari, teknikari, teknologo eta kimikarirekin lan egin ostean. Dena den, amaitzeko, hiru ñabardura labur baino ez:
1. Eskarmentua eskarmentu, nolako jatorria halako ikuspegia. Behar bada ni ez naiz Andu baino “zientzietakoagoa”, baina seguru gero bera ni baino “letretakoagoa” dela.
2. Anduk esan bezala, behar bada zorrotzago jokatuko genuke giza zientziei humanitateak deituko bagenie. Baina, aldi berean, ez gero Pedro Migel Etxenikeri esan fisika eta kimika humanitateak ez direnik.
3. Zientzien eta humanitateen arteko banaketa klasikoa Aristotelesen denboretakoa omen. Agindu ere agindu ziguten --1982ko udazkenean entzun nuen estreinako-- teknologia berriek bi hemisferio horiek elkartaraziko zituztela baina… antza denez, oraingoz ez behintzat.
Kontraesan gogorra bizi dugu banaketa horren hezkuntza sistemari dagokionean. Batetik, letretakoa izan arren zientzien oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela diogu, eta alderantziz ere bai. Baina gero praktikan, hezkuntza sistemaren azken urteotako bilakaerak bien artean hesi gaindiezina eraikitzera jo du. Gazteak oso goiz (15-16 urterekin...) hasi behar dira beraien ibilbidea definitzen (zientzietakoa ala letretakoa izango diren) eta behin "bandoa" hautatuta sistemak izugarri penalizatzen ditu batetik besterako saltoak. Neuk zientzietatik jo nuen batxillergoan eta matematika, fisika, kimika eta biologia egin nituen selektibitatean. Ondoren kazetaritzan matrikulatu nahi izan nuenean "zigortu" egin ninduten eta "letretako" ikasle guztien atzetik jarri ninduten zerrendan. Alperrik nota ona lortzeko egindako ahalegin guztia. Baina suertea izan nuen eta sartu nintzen. Eta ibilbide profesinalean oso garbi izan dut zientzietako kazetariak falta direla erredakzioetan. Okerrena da gaur egun, batxilergoa zientzietatik eginez gero ez dagoela batere aukerarik kazetaritza ikasteko.