Zientziaz, umorez eta labur
Urtez urte, 2011an estreinako ekin eta harrezkero, Bilbon eratu ohi da, irailero, “Naukas” (zientzia, errusieraz) deritzan programa non, 60 inguru hitzaldi edo aurkezpen laburretan barrena, beste horrenbeste zientzia-arlo aztertu izaten diren, modurik zorrotzenean bezain erarik entretenigarrienean. Eta, hori bai, gehienez hamar minutuz, zer gerta ere, batere aitzakiarik gabe, erlojupean.
Duela sei urte erdi-afariketan hasi ziren topaketa hauek zientzia-eremuko gizarte-fenomeno bihurtu dira honezkero unibertsitarien artean. Ikaragarria da gero 500 laguneko aretoa beteta ikustea, 20-35 urteko neska-mutilez lepo egina. Are gehiago kontuan izanik eraikinak dituen gainerako gela guztiez baliatu beharra izaten dela eta hitzaldiok barne-telebistaz eskaini.
Aldi berean, beste hainbat saio ere eskaini izaten dira, hala zientzia eta teknologia arloko aditu ezagunei egindako elkarrizketak, nola zientzia giroko antzezpenak eta musika-saioak. Baita gaztetxoentzako zientzia-zabalkundearen gaineko ekitaldiak ere.
Naukas.com deritzan atariaren laguntzaz antolatua, honako hau da Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrak urtero eratu ohi dituen ekitaldietarik oihartzunik gehien lortzen duena.
Nork esan zuen zientzia aspergarria zela?
Juan Ignacio Perez "Iñako", Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria
Artea baino ez da... zientzia-gai sakonak labur eta umorez azaltzen asmatzea
Bizkaia Aretoko Mitxelena gela, gazte jendez gainezka