Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zientziaz idaztea literatura al da?

Zientziaz idaztea literatura al da?

Amatiño 2021/06/07 13:00
Galdera gogoangarria, 2001 urtean Eibarren eratu Prosa Zientifikoari buruzko biltzarrerako egindakoa. Hogei urte geroago, lehengo lepotik burua: zientziaz idaztea literatura ote? Ez dakit, ni ez naiz, ez zientzialaria eta ez literatoa. Baina irakurle naizen aldetik, erantzun erraza: idazlea Kepa Altonaga baldin bada… bai.

Kepa Altonaga biologoak baditu euskal prosan lar aurkitzen ez diren dohainak eta ahalak: dakienaz idazten du, artez eta zuzen, aratz eta maratz, doi eta labur, gozagarri zein entretenigarri, beti ere ikertzaileak berak Jean Etxepareri goraipatzen dion euskara “supradialektal, aglomeratibo eta ekumenikoaren” ildotik.

Kontua da, duela 65 milioi urte meteorito batek jo zuela Lurra eta inpaktuak eragin omen zuela, besteak beste, dinosauroen suntsipena. Paleontologoen ustez, ostera, ordurako dinosauroak akabatuak omen zeuden. Bi “omen” horien arteko eztabaidaren inguruan gatzatu du Altonaga irakasleak Iridioaren mintzoa saiakera, kontsilentziaren metodoa jarraituz.

Alegia, biologia-irakasleak dioskunez, kontsilentziaren printzipioak adierazten digu edozein hipotesik sinesgarritasuna irabazten duela zerikusirik gabeko iturrietako datuek konklusio sendo bererantz ‘konbergitzen’ dutenean, hots, jatorri independenteetako frogek ‘konspiratzen’ dutenean interpretazio historiko jakin baten alde”. Daitezkeen aldeak gogoan hartzeke, nago kontsilentzia berberaz baliatu dela Altonaga idazlea, gai unibertsala euskal irakurleenganatzeko.

Berralegia, osterantzean nekez uler baitaiteke zelan arraio elkartarazi ahal izan dituen, non-eta iridioaren anomaliaren altzoan, Jean Etxepare, Piarres Lafitte, Luigi Anselmi, Koldo Mitxelena, Bitaño, aita Arrupe, aita Villasante, Sauveur Candau, René Cassin, Iratzeder, Joannes Xabaño, Jean Louis Davant, Piarres Xarriton, Susuzuko Ainhoa Tamura, Txomin Agirre eta gainerako beste hainbat, Terekiko memoria nostalgiko aitortua eta “gure literaturako jazounerik erromantikoena” tarteko.

Maite dugu orok Zumaia. Maite dugu, bai, Sopelatik Bidarterainoko “the magic layer” delako geruza magikoa. Halaber, maitagarria da Iridioaren mintzoa, irakurleak suspertaraziko dituen mintzoa. Beribilez (Jean Etxepare, 1931) liburuaren pare, itxuraz arina eta adeitsua izan arren “zaku barne handikoa”.

Zientziaz idaztea literatura ote den? Idazlea Kepa Altonaga bada, behintzat, bai.

Flyscha Debatik Jaizkibeleraino
Aitzuritik Askizura bitarteko magia

Sosola
Sosola dio:
2021/06/08 12:07
Halaxe da ba. Aurrea hartu didazu Amatiño, aipamena egitekotan nengoen ni ere hemen. Irakurri-berri dut nik eta sekulako gozatua hartu.
Eibar ere aipatzen zaigu Keparen ustezko morokil horretan, hain zuzen, Stephen Jay Gould paleontologo eta agian izan den zientzia-dibulgatzaile handienak egin zigun bisitaren inguruan. Hala ere, nago beste aipamentxoren bat ere merezi beharko zukeela gure herriiak, barka, hiriak. Izan ere iridioa mintzatzen den lekune bat ere badugu hemen. Zehazki, Urko mendiaren magalean, Ixuatik mendebaldera doan pinu-pistak eta Amasabalegi baserrira doan bide-zidorrak bat egiten duen launetxoan. Ez da estratotipoa jakina, ez du urrezko iltzerik mereziko, baina sikeran karteltxoa jartzea ondo legoke, nik uste.
Amatiño
Amatiño dio:
2021/06/08 17:44
Ba... ikastola inguruan dagoenez, ez litzateke zailegia izan behar.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: