Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zientzia, gizadiaren abenturarik handiena

Zientzia, gizadiaren abenturarik handiena

Amatiño 2023/08/11 22:25
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Jakiundek urtero Uxuen eratu ohi dituzten Uda Ikastaroek estreinako ekitaldia izan dute, gaur, Donostiako Miramar jauregian, Pedro Migel Etxenikeren “Del encantamiento jónico a la computación cuántica” delako hitzaldiaz. Arrakastaz, gainera, antolatzaileek uste baino areto handiagoa egokitu behar izan dute-eta azken orduan.
 Zientzia, gizadiaren abenturarik handiena

P. M, Etxenike, gaur

“Zientziaren oinarria da greziar  filosofia klasikoaren erara pentsatzea, eta zientziaren etorkizuna konputazio kuantikoan datza”. Mugarri bi hauen arteko bilakaeraren hildotik (2.500 urte), ordubete baino ez du Etxenikek izan, ikasketaz eta adinez entzuleria erabat anitzari zientzia zer den azaltzeko. Eta hemen, berriz, hogeitaka lerro baino ez, gure zientzialaririk gorenaren laburpena egiteko: “Zientzia da unibertsoa ulergarri gerta dakigukeela pentsatzea. Xarma jonikoa, berriz, noizbait unibertsoa gure adimenez ulertu ahal izango dugunaren sinesmena”.

Zientzia bost ardatz nagusitan oinarritu du Pedro Migel Etxenike irakasleak: arrazionalizazioa, matematikatzea, gauzen barne-muinen analisia, objektua eta subjektua bereiztea, eta mitoak baztertu eta galdetzeari ekitea. Ondorioz, “zientzia inteligentziaren irakurketa da, ez bere emaitzak”.

Etxenikeren hitzetan, “zientzia da gizadiaren arte-lanik garrantzitsuena”. Halaber, “gero eta gehiago jakin ahala konturatzen gara gero eta zer ikasi gehiago dugula. Ezer gutxi dakigula. Ez dakigu ezer, ez gara ezer, baina gu gara ezer ez dakiguna eta ezer ez garena dakiten bakarrak”.

Zientziaren arlo eta esparru guztiak dira, aldi eta maila berean, garrantzitsuak; zientzia guztiak daude elkarrekin konektatuak: “zientzia armiarma-sare konplexua da”. Eta, ohi duenez, zientzia aplikatuaz gainera, oinarrizko zientzia aldarrikatu du, beste behin, Etxenikek. Alegia, “alferrikako zientziaren baliagarritasun bikaina”.

Besteak beste, euskal karteldegian dagoen “Oppenheimer” filma barrena pare bat aldiz aipatuz, zientziaren arriskuez hitzegiten amaitu du Etxenikek: “zientzia da gizadiaren abenturarik handiena. Zientziak eskatzen ditu sormena eta askatasuna. Aurrerapen bakoitzari arriskua datxekio. Eta zientziak behar du, behar dio gizarteari entzun eta zentzuzko erantzuna ematen asmatu”.

Gainerako programa

Pedro Migel Etxenikeren ondotik mintzatu dira Ricardo Hueso ("El inicio de una revolución astronómica: el primer año del telescopio espacial JWST") eta Fernando Jauregi ("El proyecto James Webb mucho más que la creación de un nuevo telescopio espacial").

Amaiera gisa, Uxueko miga-jana.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: