Zesar etxean dago
Zesar
Zientzia-fikzioari gutxieneko baldintza bi eska dakizkioke: entretenigarri eta sinesgarri samar izatea. El origen del planeta de los simios zeharo entretenigarria da, nahiz istorio batere sinesgarria izan ez. Baina, behar bada, kasu honetan, nolabaiteko salbuespenen bat zor diogu El planeta de los simios (1968) gazterik ikusi genuenok behinik behin.
Segurutik ez dago Franklin J. Schaffner zuzendariaren filma ospetsua aurretik ikusi beharrik Ruper Wyatt-enaren ustezko nondik norakoa ulertzeko, baina izenburutik beretik hasita ezin uka batak bestea dakarkeela ezelango aitzakiarik gabe.
Zer gerta ere, bistan da ez direla geroztik berrogeitaka urte alferrik joan. Orduko kartoizko tximinoak digitaldu egin dira, eta orduan ihauteritarako petral asko mozorrotuak ematen zuten aurpegi geldo, zurrun eta bizigabeak izugarri adierazkor, esanguratsu eta zoli itxuraldatuak ageri dira egun. Ezin gero Zesarren begi pixelatuei bizitasun, bizkortausn eta sinesgarritasun gehiago eska.
Animaliek ba ote dute sentimendurik? Auskalo, baina sentimendurik gabeko gizaki krudelik ez da behintzat filman falta. Ze pentsa eragiten duten tximinotegiko hainbat jarrerak eta gertakarik, eta indartsuak benetan San Franciscoko Golden Gate zubian zeharreko irudiak, sekuoia basorantza (Muir Woods) etxera-bidean. Iradokitzailea Zesarren lidergoa tranbia zein zaldi gainean. Esanguratsua, berriz, oraguntanak luzatzen dion mezua: gizakiek ez dute animalia argiegirik gura.
El planeta de los simios filman Charlton Heston azken-azken sekuentzian baino ez da non dagoen konturatzen. El origen del planeta de los simios delako honetan, ostera, Zesar iraultzaileak une oro daki zer nahi duen eta non dagoen: etxean.
"El planeta de los simios", 1968
"El origen del planeta de los simios", 2011