Zerrategi "adimenduna"
Zerainek harrotzeko besteko historia luze eta mamitsua du. Goia* pintorearen arbasoengandik hasita, Ostatu jatetxeko babarrunetaraino, burdina-meategiak eta lehen petrikilloa** tarteko, Zerain ez dago historia faltan; bai, ordea, etorkizun larritan.
Erdi Aroan ekindako eliza, XVI. mendetik honako burdina-meategiak, oinaztarren eta ganboatarren arteko jauretxea (XIV), kartzela (1711), bolatokiak, zerrategia (XIX), artisautza-museoa etab. … Bada gero zer ikusirik berrehundaka biztanleko herri ospetsu honetan. Egun, inora bidean galdua ematen duen arren, noizbait Gaztelatik Europarako galtzada erdian omen….
Denetarik bat aukeratzekotan, harrigarri bada ere, ehun urte luze baino ez dituen Larraondoko zerrategiak merezi du, besterik gabe, bisitatxoa. Nago, urrutiegi joan beharrik gabe, badela han-hemenka bertako eliza, jauregi, meategi, kartzela edo museoa baino hoberik edo antzerakorik. Zeraingo zerrategiaren berdinik edo antzekorik ez, ordea, beste inon, nik dakidala behintzat.
Zeraingo zerrategi hidraulikoa, Larraondo baserrian bizi zen familiak eraiki zuen 1890 urtean, Lasurtegi erreka bazterrean, udazken eta neguko ur-emariaren indarraz baliatzeko. Nahiz 1960 urte arte lanean iraun, oraindik ere indarrean jarraitzen du, urari amain emanez gero.
Zerrategia bisitatu ahala, ur-jarioaren eraginez abian jarri daitezke, zerraz gainera, sutegia, argindarra, tornua, arrabota, ehogailua, zorrozteko harria, esmerila eta zulatzailea. Zeraingo Larraondo baserria izan omen zen, XIX. mendearen amaieran, argindarra ezagutu zuten lehen euskal baserrietakoa.
Bistakoa da Larraondo familia jende bizkorra zela, ur-indarrez sortu eta zerrategiko hamarren bat tramankulu lanean jartzen asmatzeaz gainera, isiotzeko eta amatatzeko giltza jartzeko gauza izan baitziren, non-eta zerrategitik hogeita hamar metrora dagoen baserrian.
Entxufe inteligenteak instalatzea asmakizun handia da, segurutik, etxeko berogailua lanpostutik telefonoz piztu edo itzali ahal izateko. Baina, XIX. mendearen hondarrean, baserritik atera beharrik gabe zerrategia martxan jartzeko sistema asmatzea gutxi batzuen etorriaren eta abileziaren froga baino ez zen.
Segurutik ez zuten eskola askorik. Premia, berriz, ikaragarria.
Zerrategia, lanean, aurreko asteburuan
Lasurtegi errekaren emaria, azaroko euriteen ondorioz
XIV. mendeko Jauregia
Aizpeako burdina-meategietako labeak, Zerainen
Ez zen giro aurreko asteburuan, Zerain aldean.. Eskerrak, gero, babarrun-janak berotu gintuen Ostatu jatetxean.
* Domingo de Goya y Villamayor, Francisco Goya pintorearen herenaitona, Zerainen jaioa, 1600 inguruan.
** José Francisco Telleria "Petriquillo" (1774-1842). Lehen petrikiloa (sasi-sendatzailea) izan omen zen.