Idoia: zerotik hasia ez izanaren zoria
Urte bi ezer gutxi da helduaroan baina sekulako jauzia, ostera, gaztetan. Hemezortzi urte baino ez zituen “Idok”, orain bi urte, Ertzak talde bergararraren piano-jotzaile ezagutu nuenean Zestoan; eta orain, berriz, hogei ditu Idoia kantariak, “Ilun eta abar” diskoa burutu eta, aurtengo udaberrian, banda eta guztiko dozena t´erdi kontzertu, errenkadan, eskaintzen ari denean.
Urte biotan, Idoia ez da, ez, geldirik egon. Musika klasikoaz, garaikideaz eta jazzaz zaildu da Arrasaten, Donostian zein Gasteizen. Horrez gainera, pedagogia musikala ikasten dihardu, Musikenen, noizbait hezkuntza berezian eta neska-mutil ezgaituen artean musika lantzeko asmotan.
Hala ere, aurretik ere, Idoia ez zen bat-bateko “primaderako lilia”. Jatorrian ditu behin eta berriz kantatu beharra (cantar y cantar) iradoki zion aitona eta musikaratzeak dakarren trantsito fisikoan ere lagundu besterik egin ez dioten gurasoak. Hiru ahizpa dira, txikitatik kanta-giroan hazi eta hezitakoak, bakoitzak bere bidea egin arren hiruak elkarrekin grabatzeko (“Mundo al revés”) gai direnak. Musika ez da-eta, etorri berria, Asurmenditarrenean. Inor ez da, euren artean, zerotik hasia.
Idoia etxeko Araba-eraz mintzo da naturaltasun osoz, mikrofono atzean zein aurrean, eta amain ematen dio denari espantu handirik gabe, nahiz Maria Osesen eresiak izan, nahiz Silvio Rodriguez, Beatlesak edo errefrau zaharrak gogoan hartu; edota, Eñaut Elorrietarekin batera, erdi limurtuta, urbitsetan, 25. artikulua kantatzea (azkenik!) lortu.
Idoia estiloaren jabe da, berariazko estiloarena. Eta ez ortozik taularatzen delako, janzten dakielako edo eszena bizten asmatzen duelako soilik, baita ere diseinua, oro har, zer den jakin badakielako. Musikaz ez ezik, gainerakoaz ere, zer gura duen eta zer ez duen gura… ondotxo dakielako.
Zeinen zaila den etxe bat sortzea <...> lekurik ez eraikitzeko zerotik hasten den ezer <...> nork ez du merezi aukera bat…
Horrela dio kantak. Nago, ordea, Idoiak lortuko duela bere etxea sortzea, lau hormaz harago doan etxea … ez baita zerotik hasi… bai baitu aukera merezi.