Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zergatik izan behar du literaturak doan?

Zergatik izan behar du literaturak doan?

Amatiño 2009/09/27 18:09
Nik neuk ez dakit zergatik poetak eta kantariak pentsalari diren eta geologoak zein sukaldariak, ostera, ez. Oraindik ere jende askok uste du intelektuala izateko letretakoa izan behar dela. Baina hau ez da behar bada harrigarriena. Txundigarriena da edozein ingeniari jakintsuk pentsatzen duela hogei lerro kaskarreko zutabetxoa idazteko gauza den kazetaria edo idazlea bera baino intelektualagoa dela. Horrek ez du beti horrela izan beharrik eta gainera, gehienetan, ez da izaten.

Javier Reverte tipo serioa iruditzen zait. Esan nahi dut, ezagutzen ez dudan arren, serioak iruditu izan zaizkidala beti bere kronikak, nobelak eta bidai-liburuak. Eta baita, jakina, bere irizpideak ere. Hala ere, El País egunkarian idatzitako  ¿Por qué debe ser gratis la literatura? artikuluari arin samarra deritzat. Ni erabat bat etorri ez arren, ulertzen dut idazleak kexu izana literaturak gizartean duen balio urriaz baina, edozein modutan, ez dut uste Javier Revertek oraingoan asmatu duenik. Ez dut esango arrazoirik ez duenik, arrazoirik izanez gero ere defentsa txarra egin duela baizik.

Batetik, Revertek pasadizoan besterik aditzera eman arren, ez dut inondik ere sinesten artistak eta letretakoak direnik intelektualik bakarrak. Eta, behar bada, ez dihardu egokiegi honelakorik dioenean:

      Lo que interesa ahora de aquel suceso es reseñar que, del grupo de hombres que proclamaron la independencia irlandesa en la Oficina de Correos dublinesa, tres eran poetas, dos de ellos también profesores de lengua y el tercero dramaturgo; un cuarto era periodista y autor de letras de canciones; y un quinto, instrumentalista de gaita y profesor de gaélico. De modo que sólo dos no tenían que ver con actividades artísticas o intelectuales.

Bestetik, nik esan esango nuke hezkuntza doako den (edo izan beharko lukeen) artean, kulturak edo kulturatzat jotzen ditugun adierazpenek ez dutela izan beharrik eta, gainera, ez direla. Nik behintzat literatura –antzerkia, zinea, musika, kontzertuak, pintura, museoak, egunkariak edo aldizkariak bezalaxe— ordaindu behar izaten dut. Eta ordaintzen ez ditudan erakusketak, liburutegiak eta telebistak zergen bitartez ordainarazten dizkidate, neronek kontsumitzen ote ditudan galdetu beharrik gabe. Ez, ez dut uste kultura doakoa denik, ezta literatura ere, eta ez zait iruditzen, gainera, izan beharko luketenik ere.

Beste kontu bat da eskari-eskaintzaren plazan kultura eta literatura (edota kazetaritza, jakina) zenbaitek nahi baino merkeagoa izana. Baina honek soluzio txarra du, lar eskaintzako edo eskari urriko ekoizpenek ezer gutxi balio baitute. Lehen, orain eta gero. Seguru asko eskaria ez da gauzen balioa erabakitzeko neurririk bidezkoena baina… ba al da besterik?

Inoren aukerak

Zenbait kultura-aitzakiatan ez da txoriburu samarrik apopilo falta. Esaterako, orain hurrengo, Bernardo Atxaga eta Daniel Innerarity bikotearen hitzaldi bateratuan izandako lagunarekin kalean tope egin eta, harroxko antzera, bota zidan: Ez zintudan atzo Atxaga eta Innerarityren hitzaldian ikusi. Eta baita nik ere bat-batean, gezurretan, erantzun: Ezta nik ere zu herenegun energiaz izandakoan…. Eta bera, zer esan jakinezta, aho zabalik, ziurrenik “ez da berdina” pentsatzen. Hainbaten lagun hurkoa kontrolatzeko tentaldiaz gain,  aski jendek esan beharrik gabekotzat jotzen du literatura energia baino garrantzitsuagoa dela. Ez dut ezetzik esango baina… zergatik?

Beste behin, denok ezagutzen dugun euskal aktorea kexu azaldu zen egunkarian egindako elkarrizketan nik inoiz gutxitan ikusi izan dut politikorik antzerki-saioetan salatuz. Segurutik arrazoi osoa zuen. Baina, ezta nik ere aktore askorik hitzaldi politikoetan… eta? Bai, badakit euskal politika aspergarria dena. Baina nork esan du euskal antzerkigintza entretenigarria denik?

Nik neuk ez dakit zergatik poetak eta kantariak pentsalari diren eta geologoak zein sukaldariak, ostera, ez. Oraindik ere jende askok uste du intelektuala izateko letretakoa izan behar dela. Baina hau ez da behar bada harrigarriena. Txundigarriena da edozein ingeniari jakintsuk pentsatzen duela hogei lerro kaskarreko zutabetxoa idazteko gauza den kazetaria edo idazlea bera baino  intelektualagoa dela. Horrek ez du beti horrela izan beharrik eta gainera, gehienetan, ez da izaten.

  Javier Reverte

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: