Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zerbait egiten ari gara gaizki

Zerbait egiten ari gara gaizki

Amatiño 2017/07/07 00:05
“Zerbait ari gara gaizki egiten”. Honelatsu aitortu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, azken egunotako eraso sexistak direla-eta. Arrazoi du. Ez, soilik, egoera larritzat jotzeagatik; baita “gara” adizkia erabiltzeagatik ere.

Eztabaida, esamesa edo ika-mika kalean dago, lagunartean, afalondoan. Datuek eta estatistikek denerako ematen dute, baina, esanak esan eta eginak egin, badirudi egoerak ez duela, antza, onera egiten.

Hau guztia gertatzen da, “ez da ezetz” delako aldarria hitzetzik hortzera entzuten den jai-giroan; "ez beti da ez",  komunikabideak gero eta aktiboagoak diren garaian; eta Esne Beltza musika-taldearen “no es no, solo no, quita bicho que te he dicho que no” leloak udako kanta izan nahi lukeen unean.

Duela urte gutxi nekez imajinatu arren, egungo Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun, Enplegu, Gizartekintza, Hezkuntza, Ekonomia-garapen, Lan eta Justizia sailburuak emakumeak dira. Baita, Nafarroan, Hezkuntza, Kultura, Justizia eta Segurtasun arduradunak ere. Eta Nafarroako lehendakaria bera, eta legebiltzarburu biak; eta Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorea, eta EiTBren zuzendari nagusia eta… Nonbait hainbat urrats ganoraz jorratzeko gauza izan gara azken urteotan baina, hala ere, Beltran de Heredia andereak ausnarrean aditzera eman bezala, jarraitzen dugu zerbait gaizki egiten.

Haurtzarotik landu beharreko heziketa omen da soluzioetakoa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez gero. Ez dio nik ezetzik esango, baina, hala ere, ez dirudi gurean baino heziketa landuago duten herrialderik garatuenen datuak lasaitzeko lain direnik.

Esaterako, Danimarkako, Finlandiako zein Suediako eraso sexisten salaketak ez dira, inondik ere, txaloak jotzeko modukoak, oro har Espainiako batez besteko kopuruak bikoizten baitituzte.

Nik ezer gutxi dakit arlo honetan baina, jakinminez baino ez bada ere, gustatuko litzaidake jakitea zein den –herrietako jaietan gehienbat-- sexu-erasotzaileen alkohol-tasa. Baietz, kasurik gehien-gehienetan, autorik ez hartzeko besteko maila nabarmen gainditu.

Garbi gera bedi, ez naiz alkohola aitzakitzat jotzen, alderantziz baizik. Izan ere, autoa gidatzeko fidagaitz denak zergatik izan behar du fidagarri neska-laguntzan?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: