Zer ote, azalaren azpian?
Auskalo “zinefilo” edo “zinemazale” hitzak sinonimoak ote diren. Ez da berdin Ingmar Bergman-en Dontzeilaren iturburua igande bazkalostean ikusi nahi izatea edo asteartero Felix Linaresen "La noche de..." noiz hasiko zain egotea. Nik zinemazaletzat daukat nire burua; ez dut uste, ordea, zinefiloa naizenik.
Batek daki non ote dagoen muga edota non ipini behar ote dugun marra gorria. Aukeran, behar bada, Under the skin filma dugu langaren bat edo beste jartzeko abagunea, zinefiloek gogotik txalotuko duten filma baita, nahiz zinemazale askori izugarri geldo, arraro eta ulergaitz gertatu.
Eta, ia bi orduren bueltan, filmaren funtsezko nondik norakoa, batez beste, argitu arren, ikusleak gogotik eskertuko lituzke hainbat pasarte, sekuentzia eta iruditako xehetasun eta argibideak, 1960ko hamarkadako arte-eta-ensayo edo zine-klubetako ekitaldietan irrikaz entzun ohi genituen bezalakoak.
Enigmaz jositako zientzia-fikziozko kontakizuna, harako estralurtarrek zein ondo ezagutzen gaituzten (gizonok, batez ere) primeran islatzeko gauza dena, bakardadea eta sexu-erakarpena tarteko. Gupida eta sentimenturik gabe bere funtzioa --jakinezta-- ondotxo betetzen duen robota, azkenean damu edo gogaikarri ez ote zaion gertatzen lirudikeen arren.
Artista, gero, Scarlett Johansson, giro ezin likits eta narrasagoan; eta zein eremu gordin, latz eta laiotzak, Eskoziako zenbait etxola, kale-zulo, baso galdu eta itsasbazter. Egoera zarpailak, benetan. Nago ez ote darien gizonezkook errazago liluratzen dituen morbo-puntua.
Filma geldo, motelegi, suertatzen da sarri, eta ezin esan atsegina denik. Irteerako sentsazioa artegatsu samarra da baina, inor animatze aldera, zinez diot biharamuneko galbahean geratzen diren kondarrak dezente estimagarriagoak bihurtzen direla.
Ez dut uste denik lantzean behin txartel-leihatilara hurreratzen den zinemazalearentzako ikuskizuna baina, ezinbestekoa, aldiz, bere burua zinefilotzat duen edonorentzat. Dena dela, joatekotan, aldez aurretik hiruzpalau iruzkin eta kritika irakurrita joan.