Txillardegi, zer gerta ere, euskararen alde
Giro hartan, euskara eta erakundeak delako gaiaz lauzpabost alditan Txillardegirekin jendaurrean eztabaidatzea egokitu zitzaidan. Ni 35 urteko kazetaria baino ez nintzen eta bera, berriz --orduko gazteontzat behintzat--, atzo arte gure artean izan dugun Txillardegi idazle, euskalari, maisu eta politikari ospetsu berbera edo.
Batere zalantzarik gabe, beste egoera batean ez genuen sekula elkarrekin aurrez aurre topo egingo, are gutxiago jendaurrean eztabaidatuko, baina orduko giroak zeregin hartan jarri gintuen. Berari tokatu zitzaion herri-mugimenduen eta herri-ekimenaren garrantzia azpimarratzea eta niri, berriz, erakundeen ordua aldarrikatzea eta euskara erakundetu beharra defenditzea. Segurutik bera ez zegoen euskara erakundetzearen aurka, nik nekez arbuia nezakeen bezala herriaren ezinbesteko eginkizuna, baina, agerian behintzat, oso rol-banaketa kontrajarria ezarri zitzaigun.
Azkenean, hainbat aldiz elkarrekin eztabaidatu ostean, biok ikasi genituen buruz norberaren zein inoren argudioak eta lasai asko bildu ohi ginen elkarrekin mahai-inguruko aurkezpenen aurretik, erdi barrezka “kaixo, berriro ere” elkarri esanez.
Eztabaida horietako bati ekin aurretik esan zidan behin: “Zu, Amatiño, ez gero etsi, ez amore eman, eutsi zureari, eztabaida hauek euskararen etorkizunaren mesedetan dira-eta”. Orduan ez nuen jakin zergatik eman ote zizkidan animo haiek: aurkari eskastzat ninduelako, ezbaia maite zuelako ala, bere baitan, euskara erakundetu beharra nahitaezkoa sumatzen zuelako. Gaur badut orduan ez nuen susmoren bat edo beste.
Edozein modutan, zer gerta ere, beti euskararen mesedetan laguntzeko gertu.
Txillardegi. Oñati, 1976
Badakit ez naizela nor Txilardegi handiaren panegerikoak egiteko, haren irakurle xume eta eskerdun bainaiz, besterik ez. Baina, zerbait esatekotan, euskal literaturan haize bolada fresko bat izan zela esango nuke; antzinako euskal idazle erlijioso eta kostunbristen itzalatik aldendua, sekulako aggiornamento eragin zuen elaberrigintzan euskal existentzialismoa sortuz. Baina, batez ere, nik gehien eskertzen diodana "Euskal aditz batua" liburua da. Elbira Zipitriak euskal aditzei buruz sortu zuen sailkapen genialaren (Nor, Nori, Nork, etabar.) hildotik, kolorez baliaturik, argitu zuen aditz-jokoen historio-misterioa. Ez dut uste liburu hau gaur egun salgai izango denik, baina, merezi luke izatea, zenbait buruhauste ekidituko lieke egungo ikasleei. Beraz, bihoakio, hil osteko bada ere, nire eskerrik beroena