Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zer da merkeago, futbola ala musika klasikoa?

Zer da merkeago, futbola ala musika klasikoa?

Amatiño 2024/08/31 08:45
Beste behin, eta 85 urte dira honezkero, abuztuan zehar eratu da Donostiako Musika Hamabostaldia. Euskal Herriko musika-topaketarik handiena, Espainiako zaharrena eta Europa guztiko antzinakoenetakoa. Besteak beste, publikoaren fideltasuna duena arrakastaren zutabe.

1939ko gerra ostean dendari eta ostalari donostiarren ekimenez sortutako musika-topaketak bide luze eta oparoa egin du harrezkero, 1991etik hona Donostiako Udala, Gipuzkoako Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean. Hilabete dirauen hamabostaldiaren programazioak musika klasikoari dagozkion molde guztiak eskaintzen ditu. Donostian ez ezik, Gipuzkoako zein Araba, Iparralde eta Nafarroako hainbat herritan zehar ere barreiatzen da, eta badu oinarri jarraikortzat sarri errazegi ahazten den zutabea: publikoa.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren jarraitzaileek azalpenik behar ez duten arren, gehiago dira gizartean uste dutenak musika klasikoa zaletu gutxi batzuentzakoa baino ez dela, nolabaiteko elitearen beren-beregiko kontsumoa eta, zer nahi delarik, beti ere oso garestia. Nago, ordea, musika klasikoa dela zuzeneko ikuskizunik merkeenetakoa.

Izan ere, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioari dagokionez, behintzat, abuztuan zehar herriz herri antolatu ohi diren saiorik gehienak doan izaten dira. Han-hemenka areto txikietan eskaintzen diren taldekako kontzertuek, berriz, 8, 10 edo 15 euro balio izaten dute, eta aurrenengo mailako zuzendarien eskutik, Europako orkestrarik ospetsuenei, inoizko sinfoniarik onenak jotzen entzuteko, Kursaaleko sarrerak 30-70 eurokoak izaten dira.

Zenbaitek esan dezake, arrazoiz, 30€ garestitxo dela. Bai, baina zenbat balio dute lehen mailako edozein futbol-partidaren sarrerek? Futbolera joateagatik 30 eurotik gora ordaindu izaten duten milaka eta milaka zaleek elitetzat jotzen al dute euren burua? 

Behar bada ez dira denak diru-kontuak. Futbolaren jarraitzaileen artean gizonezkoak nagusi diren bitartean, emakumeak baitira gehiago musika klasikoaren ikusentzuleen artean. Edo bai... ez diote-eta alferrik emakumeek diruari gehiago begiratzen gizonezkoek baino.

Donostiako Hamabostaldia 2024
Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, Milango Scalaren Filarmonika. Txaikovskiren 5. Sinfonia. 1.800 lagun

Riccardo Chailly

Orchestra Filarmonica della Scala 

Piotr Ilitx Txaikoski

Sinfonia 5. OP. 64 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: