Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zer da Espainiako selekzioarekin jokatzea?

Zer da Espainiako selekzioarekin jokatzea?

Amatiño 2013/02/03 23:20
Galdera hau egin dio Pedro Mari Goikoetxea kazetariak Jose Angel Iribar atezain ohiari eta zarauztarrak erantzun: “Kirolari bezala baloratua izatea, mundu mailan ezaguna izatea eta onenekin lehiatzeko aukera”. Ez dakit erantzunik egokiena ote den baina, gutxienez, kontutan hartzekoa, Iribarrek 49 bider jantzi zuen-eta Espainiako elastiko gorria. Bada hor hamaikatxo bestelakorik dioena, “gorria” janzteko aukerarik ere sekula izan ez arren. Edo horregatik, behar bada.
Zer da Espainiako selekzioarekin jokatzea?

Liburu azala

Eta, holakoetan esan izaten den moduan, Iribar ez da “susmagarria”. Gogoratu besterik ez dago Jose Maria Garciari emandako erantzuna. Kazetariak, galdera politikorik ez ziola egingo agindu ostean, espainiarra sentitzen ote zen itaundu zion irratiz, zuzenean eta 1978an. Eta Iribarrek, espainiar futbol-taldearen atezain mitikoa zenak, erantzun, gaztelaniaz: “Ni neure etxekoa naiz eta etxe bakarra daukat”.

Kontu jakina ere bada hiru urte lehenago, 1975an, Franco hil aurretik, Gipuzkoako gobernadore zibilak “Iribarren sentimendu patriotikoa” nabarmendu zuela jendaurrean, Zarautzen bertan egin zitzaion omenaldian. Jakina den bezalaxe Iribarrek berak mikrofonoa hartu eta erantsi zuela, euskaraz: “Zuek, zarauztarrak izanik, ondo ezagutzen nauzue. Ez dut uste azalpen handirik eman behar dudanik. Norbaitek zalantzaren bat badu, ekitaldi hau bukatutakoan argituko diot dena”.

Kontu hauek eta makinatxo bat gehiago bildu ditu Pedro Mari Goikoetxea ETBko kirol-kazetariak IRIBAR: irudia eta eredua (Alberdania, 2012) liburuan eta Iribarren beraren ahotan jarri.

Liburu irakurgarria, benetan, futbola maite duen edozein euskaldunentzat eta, zer esanik ez, “Makatza”ren belaunaldi berekoak garenontzat eta horretara, ezinbestez, gaztetan, nagusitan eta zahartzaroan Zarauzko semearen garaikide --eta herri txiki honetan hainbat esparrutan "bizikide"-- izan garenontzat.

Iribarren bizitzaz eta kirol-ibilbideaz gainera, beste edozenbat xehetasun eta ipi-apa jasotzen eta argitzen ditu Goikoetxearen bildumak. Zergatik ez zuen Iribarrek Realean jokatu? Nola utzi zion Espainiako selekzioan jokatzeari? Zer esan zion Francok eskua luzatu zionean? Zein hizkuntzatan idazten zion Jose Angel gazteak bere andregaiari? Zein da Iribarren gogoeta Athletic-ez eta euskal harrobiaz?

Ah! Eta berrehundaka argazki…

Iribar ikurrina

Kortabarria eta Iribar, Atotxan, 1976ko abenduaren 5ean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: