Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zentral nuklearrek etorkizunik ez

Zentral nuklearrek etorkizunik ez

Amatiño 2025/05/23 13:55
Lobby nuklearrak presioa areagotzeari berrekin omen dion arren, zentral nuklearrek ez dute etorkizunik. Nekez egingo dira berriak, besteak beste, errentagarriak ez direlako eta merkatuko kapital pribatua (1) –inoiz besterik adierazi arren— ez delako sekula sartuko irabazirik gabeko operaziotan.

Otra vez a vueltas con las nucleares” izenburupean, elkarrekin bildu ziren San Telmo Museoaren aretoan Javier Olaverri ingeniari antinuklearra, Marisa Castro (Ekologistak martxan) eta Cristina Rois (Movimiento Ibérico Antinuclear). Esan beharrik ez, helburua ez zela energia nuklearraz ezelako eztabaidarik eragitea, azken bolada honetan energia nuklearraren aldeko lobbya suspertzen ari ote den susmoa salatzea baizik. Aretoa gainezka, gazterik ez, eta ikusentzulego arruntak bat-batean nekez bildu ahal izateko besteko datu-pila.

Javier Olaverrik zehatz gogorarazi zituen 1960ko hamarkadako eztabaidetan indar nuklearraren alde azpimarratu izaten ziren lau ustezko dohainak: ugaria. segurua, merkea eta hondakinen lar arazorik gabekoa. Sei hamarkada geroago, aldiz, energia nuklearra ez da ugaria (%9), ez da segurua (Three Mile Island, Chernobyl eta Fukushima zentralen istripuak) eta daitekeenik garestiena da. Hondakinek, berriz, hurrengo belaunaldiei ehundaka urtetan uztea baino beste konponbiderik ez dute.

Marisa Castrok energia nuklearraren suspertzaileek erabili ohi dituzten beste hiru argudio deuseztatu nahi izan zituen. Alegia, besterik esan arren, ez dela energia “lokala”, nahiz zentralak edozein herrialdetan kokatu ahal izan, uranioa oso leku gutxitan (2) baino ez baitago. Ez da “berdea”, azken prozesuak C02rik isurtzen ez duen arren, prozedura guztiaren bizi-zikloa isurtze-iturririk handiena delako. Eta ez da bermerik gehien eskaintzen duen energia-mota, aurreko apirilaren 28ko itzalaldian ikusi zenez, zentral nuklearretako argindarra izan zelako aurren joan zena eta itzuli zen atzena.

Cristina Roisek gogorarazi zuen, berriz, zentral nuklearren biziraupena 40 urtekoa izanik, orain munduan dauden zentralen batez besteko adina 32 urtekoa (3) dela, oraintsu egin berri direnak ere kontuan hartuta. Zentral berriak egitea ez omen da errentagarria eta “merkeena zaharrekin jarraitzea da”.

Horrez gainera, Roisek berak biziki salatu zuen, hondakin nuklearren “hilerrien” gastua milaka miliokoa bada ere, larriena ez dela etengabeko jario ikaragarri garesti hori, baizik eta enpresa nuklearren artean ez ezik, “guztion” ari garela ordaintzen, eta, aldi berean, hurrengo belaunaldiei sekulako hipoteka lagatzen.

1)  Errusian eta Txinan ari dira egiten, teknologia zaharkitu samarraz eta merketxoaz, hain zuzen.

2) Gehien Australian dago, baina, paradoxa bada ere, ez dute batere zentralik eraiki.

3) Espainian dauden bost zentralen (7 erreaktore) batez bestekoa 46 urtekoa da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: