Zentral nuklearrak ere norbaitek egiten ditu
Aurreko udazkenean, Espainiako Gobernuak Garoñako zentral nuklearra 2013an ixtea erabaki zuenean, Confebask kontra mintzatu zen nabarmen asko. Euskal enpresari-elkartearen ustez, ixteko argudioak ez omen ziren teknikoak, alderdi-arrazoiak baino.
Confebask-en ordezkariek aditzera eman zutenez, Garoña ixtearen ondorioz energia garestitu egingo da, atzerriko merkatuaren menpekotasuna gehituko eta mix energetikoaren oreka arriskutan jarriko. Erabakiak ez omen du zentzu handirik, petrolio-kontsumoaren mesedetan gertatuko baita eta, zer esanik ez, mugaz handik, oso kilometro gutxitara, hainbat zentral nuklearrek indarrean jarraituko duenez gero.
Auskalo Confebask-en arrazoiak onak, txarrak ala erdipurdikoak izan ote ziren. Ez zen Confebasken adierazpena izan ni harritu ninduena, komunikabideen bitartez bere jarrera jendaurrean adierazi nahi izana baino. Izan ere, nik dakidanez ez da inondik ere hau izan Confebasken ohitura. Ez nuke behintzat esango Confebask beti atera izan denik Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako beste zenbait energia-egitasmo gatazkatsuren alde. Zergatik ote Burgosen dagoenaren mesedetan? Eta egitasmo nuklearraz gainera!
Argibideren bat Jose Alberto Praderaren eskutik etorri da. Bizkaiko Diputatu Nagusi ohiak gogorarazi duenez, 1970 eta 1980 hamarkadetan garrantzitsuak izan omen ziren indar nuklearraren arloko euskal ezagutza eta ingeniaritza Iberdrolaren egitasmoen inguruan eta, garai hura amaitu zen arren, azken urteotan energia- eta ingurumen-sektoreek ezagutu izan duten susperraldiaren ildotik, abagune ona litzateke galdutako lidergoari berriro ekiteko.
Praderak dioenez, hurrengo urteetan Europako Batasunak energia nuklearraren aldeko apostua egingo omen du eta, haren iritziz, euskal industriak urraspide horretatik jo beharko luke, krisialditik ateratzeko, bere ezagutzari eusteko eta atzean ez gelditzeko.
Euskal energia-sektoreko enpresen zein Praderaren aldarrikapenen gibelean ez dago, funtsean, indar nuklearraren aldeko defentsa kontzeptual itsurik, euskal industriaren ezagutzaren eta lehiakortasunaren defentsa baizik. Alegia, energia nuklearrik izango ez bada, ez dadila izan; baina, izango bada, ondorio guztiekin izan dadila, euskal industriak zer eskaini bai baitu.
Hornikuntza hauen atzekaldean makinatxo bat teknologia dago, industria eta lantegi asko