Zelten eguzki-behatokia: "Es lo que toca"
Egunak joan eta egunak etorri, egunero, goiz eta arratsaldez, astegun buru zurian nahiz jaian, atezaina da Antonio Javierre auzo-alkatea. Aurten, dagoeneko, ia 7.000 bisitari hartu ditu. Zergatik egiten ote duen galdetu eta, berak erantzun: “Es lo que toca”.
Ez dago deirik, ez programarik, ez iragarkirik, ez bertso-paperik. Albistea ahoz aho sakabanatzen edo barreiatzen da han-hemenka, eta gero eta gehiago dira San Benito ermitara hurreratzen direnak bost minutuko sartu-irtena egiteko. Ez dago sarrerarik erosi beharrik, ez txanponik utzi beharrik. Joan, txanda hartu, zain egon eta, halakoren batean, sartu. Kontu izan, sei lagun bertaratuz gero, gutxien-gutxienez ordu erdiko egonaldia izango dela.
Baina… zer egiten du bisitariak ermita barruan bost minutuan, ipurtargitan, bakar-bakarrik? Ba… ezer ez edo nahi duen guztia: egon, pentsatu, hausnartu, asmatu, bururatu, oldoztu, gogoeta egin, otu izan, "motxila" hustu, barre, negar, damutu, kokildu, aspertu…
Jatorriz, eraikina zaharrenetakoa da, hiru mila urte bai, Brontze Arokoa edo. Zelten eguzki-behatokia izan omen zen. Ia mila metroko garaiera du munoak, nondik ikusten diren Jazetaniako berrogeitaka herrixkak, Sabiñanigotik Leireraino.
Batere ohikoa ez den arren, aldarea mendebaldean du jarria eta sartaldera jotzen duen horman itsu-leihoa dago, nabarmen aldrebes samarra dirudien arren, apropos egina dagoena, martxoko zein iraileko ekinozioak eta udako solztizioa neurtzeko. Urtean behingo su eta guztiko erromeria, martxoaren 20an ospatu izaten da.
Indar teluriko guztiak bertan biltzen omen dira. Magiazko lekua, magiazkorik bada, gezurra dirudien arren abian dirauena. Zergatik? Zertarako? "Es lo que toca".
San Benito ermita, Oranteko munoan (967 m.), zelten eguzki-behatokia izan zena
Ekialdera ematen duen sarrera. Barruan, ilunetan, bakar-bakarrik... nor bere kasa!
Iluntzean, urriko eguzkiaren azken errainu goriak, itsu-leihoan barrena sartu ezinik
Jacaldeko sakana, Orantetik ikusia. Barrenean, Pirinioak