Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nola 25 urtez ezkutuan bizi Donostiako "marko paregabean"

Nola 25 urtez ezkutuan bizi Donostiako "marko paregabean"

Amatiño 2024/06/09 10:55
Jose Gabriel Mujika kazetariak, 25 urtez El Diario Vasco egunkariaren zuzendari, ordubeteko elkarrizketan azaldu ditu, TVEren bigarren kateko “En Primicia” saioan, ETAren bortxakeriak zirela eta bi hamarkada luzetan bizi izandako larriminak. Besteak beste, 1999ko urtarrilean ETAk bidali zion gutuna eta geroztik gorderik izan duena, inori-inori erakusteke, “beste inor ez zedin gehiago arduratu”.
Nola 25 urtez ezkutuan bizi Donostiako "marko paregabean"

Kontxan

Mehatxu nabarmena zerion ETAren gutunari, zera zioenean: “Son ya demasiados años en los que muchos periodistas se han escondido tras falsos escudos de la libertad de expresión y de pluralidad de información para convertirse en armas para el combate de la unidad española y contra el independentismo. ETA quiere hacerte un llamamiento expreso a ti como profesional de la información, para que asumas la función informativa que debe cumplir todo periodista y, rompiendo con toda una cadena de mentira informativa, colabores en dotar al conjunto de la sociedad a la que dices servir de una información veraz y plural”. Hau da, ala egiten duzu ETAk ontzat emango duen informazioa ala amaituko duzu zure bizitza arriskutan jartzen. Eta arriskua hautatu zuen.

Jose Gabrielek ez zion gutuna inori erakutsi. Inori. Ez familiari, ez lankideei, ez poliziari. Hogeita bost urtean gorderik izan du tiraderan, jaso zuen estalki berean, En Primicia programak elkarrizketatu nahi izan duen arte. Nolabaiteko “liberazioa” sentitu omen du.

ETAk indarrean jarri zuen “sufrimenduaren gizarteratzea” delako ekintzak eragin nabaria izan zuen kazetarien artean (1995-2008). RTVE, EITB, EFE, Antena3, El País, El Mundo, El Correo eta El Diario Vasco-ren aurkako atentatuak gogoratu besterik ez dago.

Giro hartan, ETAk Santiago Oleaga DVren finantza-zuzendaria erail zuen 2001eko maiatzean eta gertaerak sekulako erasan bortitza izan zuen Donostiako egunkariaren baitan. Bada sumatu duenik ETAk finantza-arduraduna tirokatu zuela, ezin izan zuelako Jose Gabriel Mujika zuzendaria aurkitzerik izan, hainbatean bere argazkirik ez zutelako inon topatu eta ezin, hartara, identifikatu ere (1). Pentsatzekoa da, gero, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariaren zuzendariak, hogeitaka urtez ezkutuan, gordeka, bizi beharraren egoera. Non eta gure “marko paregabean”!

Errotik kazetaria

Jose Gabriel Mujika (Donostia, 1957), Deia egunkariaren Gipuzkoako Ordezkaritzan hasi zen 1980ko hamarkadan, lehenik, eta Donostiako RNEren kirol-korrespontsala gero.  1990etik aurrera El Diario Vasco-ren erredaktore nagusi, zuzendari-ordea 1994ean eta zuzendari, azkenik, 1995etik 2020ra arteko 25 urteetan.

Berrogei urte inguru joan dira elkar ezagutu eta lankide izan ginenetik. Hogeitaka urte besterik ez zituela sosegu eta zentzuzko gaztea zenak izan du geroztik abagune latzik, erantzukizun handiko lanbideaz gainera,  adorea, kemena eta kuraia ageri asko “phorogatzeko” (2), duela 500 urte Etxeparek esango zukeen bezala. Eta, bitartean, euskaraz ere ikasi du.

Jose Gabrielek, beste edonork bezala, asmatuko du edo ez, baina inork ez dio leporatu ahal izango hartzen dituen erabakiak aurrez ondo hausnartuak ez direnik, beti ere euskal gizartean nagusi diren balio etiko eta zibikoetan oinarrituak. 

Zilegi bekit aitortzea, niretzat zorionekoa izan dela Jose ezagutzea eta ohorea bere laguna izatea.

1) Ertzaintzak zenbait atxiloketaren ostean aurkitutako informazioaren arabera.

2) Esperientzia zentzuko adieran. "Etxepareren hiztegia". Patxi Altuna, 1979.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: