Zelako gizarte-mota, halako gizarte-lehiakortasuna
Sekula historian ez da egun bezainbat gazte prestaturik aritu izan munduan barrena aukera hobearen bila. Oraintsu arte, migrazioa prestakuntza nabarmenik gabeko behartsuen hautua izan izan da gehienbat. Aspaldiotan, aldiz, inoizko gazteriarik jantziena ari da joan-etorrian, sartu-irtenean.
Zientzia-irakaskuntzak diru-ezarpen handia eskatzen du. Onerako baino ez da bertako gazte jendea ondo hezitzea, eta ez da kalterako kanpoko jakitunak gurera erakartzea, hemen lan egin dezaten. Inondik ere ez da “iraungarria”, aldiz, bertakoen prestakuntzaz buru-belarri jardutea gero kanpoan amaitzeko, edo kanpotarrak bertaratzea bizpahiru urteren bueltan alde egiteko.
Zer egin, ordea, bertakoek atera beharrik izan ez dezaten –edo joan ostean itzul daitezen— eta bertaratzen direnak luzaro gera daitezen? Erantzuna ez da segurutik erraza baina gizarte-lehiakortasunarekin lotura estua du, eta erantzukizun guztia ez dagokie erakundeei eta enpresei soilik. Zer gerta ere, guztion artean eraiki nahi dugun gizarte-motak ere badu zer ikusi handirik.
Enbata itzela eta kapitain pilotu urri
Dena den, gazte jendea kanpora atera eta ondo prestatu ostean itzultzeko ideia ez da berria. Oso oker ez banago –buruz ari naiz— ehundaka euskal gazte mundura ateratzeko lehen proposamena orain hogeita hamar urte inguru egin zuen Jesus Alberdik, SPRIren zuzendari nagusi zela (1983-87).
Jesus Alberdi aurreko astean erretiratu berri zaigu, hogeita bost urte luze Elkargiren kontseilari ordezkari izan ondoren. Adegiren, Bankoaren eta Elkargiren beraren sortzaile eta eragileetakoa, Jesus Alberdi bezalako aitzindari eta sustatzaile gutxi gero azken lau hamarkadotan. Eta, hain zuzen ere, tamalez, lehen errenkadatik joan doakigu, bera moduko dozena erdiren bat enbata aurrean beharko genituzkeen garaian.
Eta enbata aipatu dugunez, aukera-maukeran euskal esaera zaharrak dioena: “ontzia galduez gero guztiok pilotu”.
Eli Galdos eta Jesus Alberdi (1994-04-14)