Zer larretan galdu ote, euskal ekimena...
Sarri aipatu izaten da irakaskuntza-eskaintzaren eta enpresa-eskabidearen arteko koherentzia, lotura edo zubigintza areagotu beharra. Baita salatu ere, zenbait Ikasketa-motak nekez aurkitu ohi duela lanpostu aproposik merkatuan eta, aldi berean, paradoxa bada ere, hainbat enpresak ez duela bere premiei erantzungo dien langile egokirik topatzen.
Prestaketa-mota eta lan-eskaintzaren arteko egokitasunik eza unibertsitate-esparruan zein lanbide-heziketan nabarmendu izaten da maiz, baina ez, ordea, lehen irakaskuntzaren aurrenengo mailetan. Hau da, ostera, Emiliano Lopez Atxurrak salatu berri duena, orain hurrengo Zamudioko Teknologia Parkean izandako topaketetan zehar eta aurreko astean Adegik eta Kutxabankek, elkarrekin, Donostian antolatutako hitzaldian.
Petronorren eta Tecnaliaren lehendakariari jaramonik egingo badiogu, erabat birmoldatu beharko litzateke haurren eta neska-mutikoen hezkuntza, haren ustez euskal ikasleen prestakuntza ezegokia lehendabiziko mailetako eskola-ereduan oinarritzen baita.
Zamudioko teknologo handien zein Gipuzkoako enpresari txikien artean azpimarratu zuenez, gurean indarrean dagoen irakaskuntza-eredua memoria-trebakuntzan oinarritzen omen da eta ez, ordea, hausnarketa-ahalmen lanketan.
Gazte jendeari ez omen zaio behar beste bere kasa pentsatzen irakasten, ezta elkarrekin taldean lan egiten ere. Gure haurrak lotsatiegiak omen dira, porrotaren beldur, eta ez dira seguru sentitu arte ezer azaltzeko gauza. Gutxieneko ausardia-puntua falta ei da.
Nazioarteko berrikuntza-sektorean bada honako lelo esanguratsu hau: “Zure produktua merkatuan azaltzeko orduan, ez lotsatzeko besteko perfekzioa noiz lortuko zain bazaude, beti plazaratuko zara berandu”. Lelo honen arabera, euskal produktua nekez izango da aurrena nazioarteko merkatuan. Eta, oinarrizko bekatuetako bat, lehen eskolan omen dago.
Non hago, zer larretan, zorioneko euskal ekimena, tailer-zokoetan barrena, oroitzapenen gerora ihesetan joan hintzena...
Ez. Nik plazaratu nahi nukeena da antzinako ohituraren onura – ustez, ahaztua edo galdua – López Atxurra jaunak esandakoaren osagarria izango litzatekeena.
Joan zen mendeko 50. Hamarkadaren bukaeran, Eibarko herriaren urrezko aroan, beste inon ikusi ez nuen ohitura bat zegoen txikiteoan, hots, ugazaba eta langileak elkarrekin ibiltzea tabernaz taberna. Tailerretan sortzen ziren arazo teknikoak aipatzen eta eztabaidatzen ziren sarritan lankideen artean. Zenbat irtenbide egoki ez zen topatzen tabernako mostradore gainean paper puska batean zirriborratua!
Badakit ezin dela antzinako ohituretara itzuli, baina, zein mesedegarri izango litzateke ugazabak edo goi-mailako arduradun eta langileen arteko harremanak estuagoak izango balira!