Zein erraza den inorenak neurtzea
Jende arruntaren kultura-senik eza edota haren iritzia inoren esanari zein atxikia dagoen adierazteko, tarteka-marteka agertu ohi da, han-hemenkako euskarrietan, Joshua Bell biolin-jotzailerik ontxoenetakoaren laguntzaz, The Washington Post egunkariak Metroan egindako esperimentua.
Pasarte ezaguna da. Goizeko zortziak aurretik, Joshua Bell maisuak ekin zion biolina jotzeari Washingtongo Metroaren sarreran eta 43 minutuan sei eresi ezagun eskaini, Bach eta Schubert tarteko. Guztira 1097 lagun pasatu omen ziren aurretik, zazpi baino ez geratu, bat bakarrak ezagutu eta hogeita zazpik, berriz, txanponen bat edo beste arrapaladan bota. Oro har, 32 dolar bildu omen zituen artistak.
Ez da honelatsuko esperientzia bakarra. Ara Malikian ere beste horrenbeste egina da Madrilgo Metroan eta, kasu batez zein bestez, kazetariek esan zuten aldez aurretik esan nahi zutena. Alegia, inork ez zituela gogoan hartu ere egin eta, oholtza ofizialetik kanpo, kontzertuko ehun dolar ordaintzeko gertu dauden ustezko musikazaleak ez direla egiazko arteaz jabetzeko gauza.
Ez dakit ba… Segurutik kazetariak eta kritikariak zeharo adituak dira inorenak neurtzen, baina nonbait ezer gutxi dakite zer den zortziak aurretik Metroz lanera joateaz eta, are gutxiago, orduan iritsi beharraz.
Segurutik kritikariek eta kazetariek asko irabazten dute, eta ez dira nonbait konturatzen $32 dolar 43 minutuan (44,88 orduko), $77.296 bezainbateko soldata litzatekeela urteko (1700 lanordu). Auskalo gutxiegi ote den biolin-jotzailearen egoa eta cacheta ordaintzeko, baina ezin esan behintzat Metroan zehar dabilen jendea eskuzabala ez denik edota artistak gutxiesten dituenik. Ez dut uste Metroan diru-eske jartzen den orok horrenbeste diru biltzen duenik. Osterantzean, denok amaituko genuke Metroan
Ez dakit nor den petralagoa, sasi iker-kazetaritzaren izenean iruzurretan diharduen erreportaria ala beti ere jende arruntaren jarrerak eta jokamoldeak gutxiesteko gertu dagoen kritikari harroa.