Zazpigarren Artearen industriaren hasiera
Ezin esan, gero, noiz jaio ote ziren lehen sei arteak: arkitektura, eskultura, pintura, literatura, musika eta dantza. Ezin zehaztu urtea, ez hamarkada, ez mendea, ezta, behar bada, milurtekoa ere. Eta hainbat arrazoi dugu uste izateko, sei arteon lehen emanaldiak doakoak izan zirela, musu-truk alegia.
Jakin badakigu, ordea, zinemaren lehen ikuskizun publikoa 1895eko abenduaren 28an izan zena, eta bertaratu ziren ikusleek ordaindu behar izan zutena. Gertatu zen Parisen, non Auguste eta Louis Lumière anaiek aurkeztu zituzten berrogeita hamar segundo inguruko lehen hamar ekoizpenak, berrogeiren bat lagunen aurrean. Azaldu zirenen filmen artean zeuden, inoiz egindako lehena, “La sortie de l’usine Lumiére à Lyon” eta klasikorik klasikoenen artean beti aipatu ohi diren “Le jardinier”, “Le repas de bébé” eta beste zazpi gehiago.
Hurrengo hamar uteetan (1895-1905), Lumière anaiek 50 segundoko 1.422 film ekoiztu edo ekoiztararazi zituzten euren laguntzaileekin batera, eta haietako 108 aleren bilduma da, orain, Thierry Frémaux Cannesko Zinemaldiaren zuzendaritzapean, “Lumiére. Comienza la aventura” deitu dokumentala osatzen duena.
Antologia hau Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen, arestian, Thierry Frémauxek berak, zuzenean eta gaztelaniaz; eta orain areto komertzialetan banatzen ari den kopia, berriz, frantsesez da, gaztelaniako azpidatziekin. Hala ere, ez da frantses askorik jakin behar, Frémaux maisuaren ildoa jarraitzeko eta darion ironia zorrotzaz jabetzeko. Izan ere, 50 segundoko film bakoitzari dagozkion azalpen labur bezain didaktikoak dira, besterik gabe, sekulako harribitxiak.
Filmak, denetik eta denetarik, 108 ale biltzen ditu, errenkadan, bata bestearen ondotik, Ezin uka, zinezale amorratua eta dezente aditua izan behar dela horrenbeste aleri, hasi eta buka, eten gabe jaramonik egiteko. Ale guztiak dira berdinezak baina, oro har, guztiei darie nolabaiteko monotonia, are gehiago gogoan izanda, zein baliabide eskasez egin ziren: kamera finko bakarra, bisorerik gabe eta nolabait esateko “iritzira”. Alegia, gehientsuenetan, ez da kamera irudi bila doana, baizik-eta, kamera da, aurretik pasatzen zaiona biltzen duena.
Haatik, egia ere bada,, antologia horretan laburbiltzen dela Zazpigarren Artea asmatu zutenen irudimena eta zentzu komerziala, eta bertan antzematen direla ondoko mende luzean zinemak garatu dituen lanabesen oinarriak, bai teknikaren aldetik (eremu-sakontasuna, lehen planuak, planu kontrajarriak, zehar-ikuspegia, lehen travellinga, errepikapenak, bertsiogintza…) eta baita kodeen aldetik ere (gizartea, umeteria, familia, bidaiak, lekukotza, dolumentazioa, kritika, umorea, sarkasmoa…).
Zazpigarren Artearen sortzaile izan zirenez gero, sarri asko nabarmendu nahi izan da Lumière anaiek zinematografoa (makina) asmatu zutela baina ez, ordea, zinema (edukia). Film honek frogatzen du, ostera, Lumière-tarrak, teknologia asmatzeaz gainera, zinema-artearen aitzindariak ere izan zirela, eta, gutxi bailitzan, negozio-iturria izan zitekeela hasiera beretik sumatu zutela, alegia: zinematografoa ez ezik, Zazpigarren Artearen industria ere asmatu zutela.
Lumière anaiak, 1940 urte inguruan