Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zazpi mirarietako bat: Rakhmaninov, Luganskiren pianoan

Zazpi mirarietako bat: Rakhmaninov, Luganskiren pianoan

Amatiño 2021/06/19 10:05
Ez da ziurrenik aurtengoa izan Euskadiko Orkestraren denboraldirik distiratsuena, baina, txarrenean ere --Bilbon, Donostian, Gasteizen zein Iruñean--, ondo amaitzen asmatu du: Sergei Rakhmaninov-en “Paganiniren gai bati buruzko rapsodia”z, Nikolai Luganski piano-jotzailearen eskuetan.
Zazpi mirarietako bat: Rakhmaninov, Luganskiren pianoan

N. Luganski 'Printzea'

Nikolai Luganski (Mosku, 1972) egungo hogei piano-jotzailerik onenetakoa da. Errusiar hezkuntza-sistemaren arabera, haur-eskolan ekin behar izan zion musika ikasteari eta, berrogei urte geroago, munduan zehar makinatxo bat kontzertu eskaintzeaz gainera, irakasle da jaioterriko kontserbatorioan. Izar handia da, bai, baina izarrak konta ahala diren galaxian.

“Errusiar eskola” izan bada, jakina, galdetu bestela Rakhmaninov, Txaikovski, Prokofiev, Xostakovitx eta gainerako aldra oparoari. Baina pianoaren historia aldatu zutenen artean, Luganskik gogoan ditu, Rakhmaninov maisuaz gainera, Liszt austriarra, Chopin poloniarra eta Albeniz katalana (aita, Angel Albeniz Gauna, gasteiztarra).

Musika zeharo baztertzeke, adierazgarri gero, irakurle moduan Luganskik Anton Txekhov duela idazlerik gustukoen. Are adierazgarriago, berriz, zergatia. Alegia, Txekhovek kontakizun laburrekiko joera zuen eta, Luganskik ere, Txekhoven ildotik, nahiago nonbait testu trinko eta motzak, zernahi gisako prosa luze eta joria baino, hitz-jarioak nekez lekarkeelakoan onik. Txekhov musikari izan balitz ez bide zituzkeen sinfoniak egingo, laukote edo boskoteentzako “bagatelak” baizik.

Zer nahi delarik, Errusiako zalego hurbilak biziki maite du moskutarra eta “Printzea” deitzen dio, dotorea bezain airosa delakoan. Luganskik, berriz, gustuko ditu, xakea, txirrindularitza eta igeriketa; eta, han-hemenka (Euskal Herritik kanpo) egindako hainbat elkarrizketatan, Donostia aipatu izan du sarri (batere presio eta premiarik gabe) Europa hegoaldeko hiririk politenetakotzat.

Denboraldia amaitzeko, Rakhmaninoven “Paganiniren gai bati buruzko rapsodia  osoak ditu 24 aldaera, zeinetatik hemezortzigarrena den ezagunena, ez baita alferrik hamarren bat filmen soinu-bandetan (Somewhere in time) erabili izan.

Bada dioenik, Rakhmaninoven rapsodia hau musikagintzaren zazpi mirarietako bat dela. Beinke. Baina, orduan, hemezortzigarren aldaera pasteleko ginda besterik ez da, bete-betean.

Hona hemen, entzun.

Luganski eta Putin
Luganski Errusiako Federazioaren Estatu-saria (2019) jasotzen, Putinen eskutik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: