Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zaratatsuenak ez dira emankorrenak

Zaratatsuenak ez dira emankorrenak

Amatiño 2017/11/14 09:00
Datorren urteko aurrekontuak direla-eta, nago, uste dut, oro har bi eratako politikariak daudela. Batetik, erakundeen kudeaketaren garrantzia azpimarratzen dutenak eta, bestetik, zer gerta ere, etenik gabeko aldarrikapen kanpolarrosetan aritu ohi direnak.

Aurrekoen artean nagusi dira, gehienbat, erakunde-tradiziorik duten alderdietako politikoak eta nolabaiteko gobernu-eskarmentuaren jabe direnak. Bigarren tankerakoak dira, ostera, sarri asko erakundeak gutxiesteaz gainera, ardura horretan, inoizka baino, egokitu ez direnak.

Eta ez dihardut alderdien arteko banaketa egiten, soil-soilik. Gobernu-lanetan urtetan jardundakoen artean ere badira sekula jestio-ardurarik hartu nahi izan ez duten politikariak eta, urteak joan eta urteak etorri, aldarritan eta alderdi-estrategiatan baino trebatu ez direnak.

Honekin ez dut esangura gobernu-ardurak jestio hutsa izan behar duenik, edota eskakizunei abagunerik zor ez zaienik. Nabarmendu nahi dudan bakarra da, aldarri arolei zein maiz eta erraz ezarri ohi zaien horren emaitza eskaseko epika, eta eguneroko kudeaketaren errutina isilari zein gutxitan aitortzen zaion darion etekin oparoa eta datxekon meritu nabaria.

Bitasun kontrajarri honen lekuko da, 2018ko aurrekontuen negoziazioa eta 155 artikulua, derrigorrean, elkarrekin lotu beharra; eta, behin ahoa berotzen hasiez gero, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren arteko koalizio-gobernua zalantzan jarri nahi izana. Ziurrenik arrazoi dute Alderdi Popularrari leporatzen diotenak 155 artikulua zernahitarako, komodin gisa, erabilitzea. Baina, horratio, leporatzaileok ere pentsatu beharko dute ez ari ote diren 155 artikuluaz baliatzen, eurei gehien komeni zaizkien aukera-maukeretarako.

Kolorea kolore eta, gustukoa gustuko, seguru gero izango dela euskal gizartean alderdiren bat edo beste, Euskadiko Alderdi Sozialista baino aldarrikatzaileagorik; baina, 155 artikuluaren aitzakiaz, Idoia Mendiaren taldearen kurrikulum demokratikoa zalantzan ipini eta herri honen erakundetze-lana sozialistei ukatzen dienek hobe lukete euren azken berrogei urteotako balantza behingoz egin, eta gaur egun indarrean dugun Estatutua nortzuei zor diegun –eta nortzuei ez— aitortu.

Ez dakit nik, honezkero, Euskal Herriak lortuko ote duen, inoiz, orain arte lortu duena baino gehiago. Baina, artean, niri behintzat ez zaizkit batere fidagarriak iruditzen orain arte sekula ezer lortu ez dutenen esne-berbak eta hitz-jario harroak.

Segurutik, Hego Euskal Herrian dugun burujabetza ez da denok asetzeko lain, nahiz, gure autonomia, Katalunian, Ipar Irlandan, Eskozian edo Quebec-en dutena baino handiagoa izan. Baina ordua da espanturik gabe adierazteko, dugun estatusa, jakineko batzuei zor diegula –hain zuzen ere, ez zaratatsuenei— eta beste batzuei, aldiz, ez diegula ezer zor, nahiz itxuraz –itxuraz baino ez— beti eskalerik zorrotzenak balira bezala agertu.

Euskadi Irratia. Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: