Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zapicoren gomuta eta oinordetza: made in Eibar

Zapicoren gomuta eta oinordetza: made in Eibar

Amatiño 2023/10/19 22:10
Zapico, Eibar Kirol Elkartearen material-zaintzailea, orain dela bi urte luze errretiratu zen, baina, oraindik ere, haren gomutak eta oinordetzak indarrean jarraitzen dute. Gomutak, espainiar ligaren lehen eta bigarren mailako “utilleroen” artean sekulako lagun-giroa sortarazi zuelako; eta oinordetza, berriz, erabateko “berrikuntza” asmatzeagatik.
Zapicoren gomuta eta oinordetza: made in Eibar

Zapicoren armairua

“Material-zaintzaile” esaten zaio futbolarien aldagelako arduradunari. Hau da, beharrezko kamiseta, galtza eta galtzerdiez gainera, jokalariek behar izan ditzaketen bota eta bestelako arropen zaintzaz jabetu ohi denari. Beste modu batez esanda, kirol-jardueran erabilitako jantzi guztiak jaso, garbitu, txukundu, hurrengo abagunerako prest jarri eta, bakoitzari berea,  egoki banatzen dituenari. Oraingo futbolariek “materiala” deitzen diote arropa-bilduma horri guztiari, eta horretaz jabetzen denari, material-zaintzaile edo material-arduradun. Ingelesez, “kit manager” eta, gaztelania arruntean, “utillero”.

Espainiar ligako “utillerorik” maitatuenetakoa Eibarko Zapico izan zen 2021eko udaberrian erretiratu arte. Angel Fernández "Zapico" (Langreo, 1951) Eibarrera etorri zen lan bila, 18 urte besterik ez zituela, eta eskopetagintzan aritzeari ekin zion heldu bezain laster. Baita berehala gogotik futbolzaletu ere. Zapicok Eibar taldea ezagutu izan du kategoria guztietan jokatzen, eskualde-sestran nahiz hirugarren, bigarren eta lehen mailetan. Mende erdian barrena denetarik  izan zen: bazkide soila aurrenik, zuzendaritzakoa gero,  entrenatzaile ondoren eta, azkenik, material-arduraduna.

Hain zuzen ere, material-arduradun bezala lortarazi zituen aurretik ez zeuden bi gauza. Batetik, Ipuruara jokatzera etorritako talde guztien “utilleroei” ongi-etorri abegitsua eman eta “hamaiketakoa” edo dena delakoa eskaini. Alegia, inondik ere elkar ezagutzen ez zuten lanbide bereko profesional “ezkutuak” aurrez aurre jarri eta euren arteko harremanak suspertu eta, orain esaten denez,  bistaratu. 

Bestetik, material-arduradun guztiek izaten duten arazorik zailenetakoari konponbidea aurkitu. Izan ere, besterik uste arren, edozein futbol-taldetan, zailena ez da lokatzez  lohitutako botak garbitzea, blai busti ostean lehortzea baizik. Garbitzea ziztu bizian egin daiteke  presiopeko ur-txorroaz. Baina, gero, nola erabat lehortu jokalariek berriro jantzi behar izango dituztenerako?

Botak lehortzeko makina, “made in Eibar”

Hona Zapicok bere kasa moldatutako errezeta: 

 Hartu ezazu bulegotako armairu arrunta (1),   eta kendu egiozuz barruko apalak.

 Apal bakoitzaren ordez jarri egizuz alde batetik besterako barra metaliko bi, botak ahuspez non jarri izateko (2). Eta, paraleloan-edo, ezarri erresistentzia elektriko bana altura bakoitzeko.

 Behin armairua moldatuz gero, behar izango duzu: kalefaktorea, beroa sortzeko; termostatoa, 40-45 gradutik ez pasatzeko; eta erlojua, denbora neurtzeko, komenigarrien den orduan amatatu dadin.

Horrela esanda, badirudi munduko gauzarik errazena dela, baina Ipuruara bisitari etorri ohi diren material-arduradun guztiek (3) argazkia atera izaten diote, etxeratu orduko antzerako zerbait egin ahal izateko.

Ez omen du, oraindik, copyrightik.

1) Ipuruan jarritakoa 1,20 X 2,00 metrokoa da. 

2) Zapicok 40 pare inguru jarri ohi ditu aldi berean.

3) Azkenengoak, esaterako, Huescakoak,  aurreko asteburuan.

Angel Fernández Zapico
Zapico, erretiroa hartu aurretik (Juan Echevarria. Marca)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: