Zapalduak eta zapaltzaileak
Helmut Khol kantzilerrari Alemaniako hiritarrek nahi baino “europazaleagoa” ote zen leporatu zitzaion 1994an, baita berak erantzun ere: Hara, politiko-mota bi daude, goizean goizo inkestak irakurri eta emaitzen arabera erabakiak hartzen dituztenak eta euren estrategia izateaz gainera aurrera eramaten saiatzeko gertu daudenak. Edo inork uste al du nik alemaniarrei galdetu niela 1982an Cruise eta Pershing misilak jartzerik nahi ote zuten Sobietar Batasunari aurre egiteko? Gertatua gertatu, bistan da Barack Obama ez zela Europara etorri zenbaitek entzun nahi zuena esatera, berak benetan uste duenaren berri ematera baino.
Bat nator ni Igor Filibi irakasleak Obamaren hitzaldiaz idatzitakoarekin baina, hala ere, gehiago zirikatu beharraren beharrez, zera erantsiko nuke, Barack Obama ez dela berak hitzaldian zehar aitortu duenez “mundu-liderra” edota bi gerratan dagoen gudarostearen “komandante nagusia” soil-soilik, baita munduko polizia-burua ere.
Bai, badakit poliziak ez duela ospe onik, baina poliziarik gabeko gobernu-sistemarik ezagutzen duenak esan dezala. Zein, zelako eta zertarako polizia eztabaidatu daiteke baina ez, ostera, polizia-erakundearen premia bera.
Bai, jakin ere badakit zenbaitek ez diola Ameriketako Estatu Batuen lehendakariari mundu-poliziaren zereginik onartzen baina, besterik ezean, eta Europako Batasunaren atzerri-politikaren hutsaltasuna, estrategia bateratu falta eta eraginkortasunik eza ikusita, nik nahiago, badaezpada, polizia iparramerikarra iparkorearra edo baino, adibidez.
Bai, badakit guzti horren premiarik ez dagoela edo ez lukeela egon behar, mundua zinez eta minez ona dela, eta gauzak beste moduren batez egingo balira, hobeto alegia, denok ere elkarrekin bake santuan konpontzeko gauza izan gintezkeela...
Baina, betiko baina, gauza bat da onak izatea, lagun hurkoa maiatatzea, hobe beharrez aritzea eta elkar errespetatzen ahalegintzea; eta beste bat da, ordea, sineskorra edo inozo samarra izatea eta nork bere burua sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik kokatzea.
Urrunegi joan beharrik gabe, aurreko ostegunean, Deustuko Unibertsitateak honoris causa doktorea izendatzen zuelarik, Jon Sobrinok gogoratu zigun munduan bizi garenok talde bitan baino ezin garela banatu: zapalduak ala zapaltzaileak. Kinka larria bezain latza gero, nik ez baitut nere burua zapaldutzat… Hala ere, gure Jon Sobrino miresgarriak ez zigun argitu jesuitak zein taldetan dauden.