Zamariko zuloko behatokitik
Neanderthalak eta neolitoa; Egiptoko, Greziako eta Erromako mitologiak; Txinako poesia, filosofia eta hainbat dinastia; lapis lazuli, Dama Urdina, ardoa, kalkuluak, Karakorum eta guardasola; Gengis Khan, Mattin Artzu, Napoleon eta Alfredo Ignacio Astiz, Heriotzaren Aingeru Ilehoria; utopia, fedearen indarra, trikuaren txokoa, kirolaren aurkako manifestua, gerrak behingoz amaitzeko sistema gerontologikoa, gizonezkoen emozioaren aitzakiaz onartezinezko bortxakeriak (ezin) ulertu beharra, Carlos López Pereyra doktorearen zamba eta diruaren usainik eza… (Zeruak eta infernuak. Elkar, 2021)..
Hauek eta gehiago dira Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' idazleak bere Zamariko zulotik* eskaintzen dizkigun kronikak. Hala dio behintzat berak, nahiz nik zalantzan jarri benetan –stricto sensu— "kronikak" ote diren. Behar bada, “ipuinak eta irakurgaiak” esango luke R. M. Azkue zenak, eta “atalak” (Atalak. Kuliska Sorta, 1967) Nikolas Alzola 'Bitaño'k, nahiz, agian, Harkaitz Canok “iruzkinak” gustukoagotzat jo eta Elkar argitaletxeak berak... "piezak" deitu.
Zer nahi delarik, Jose Mari Olaizola 'Txiliku' zarauztarrak, Izurtzako 'Bitaño' zenak duela mende erdi bezala, baditu gaur egun joeran ez dauden hiru bertute: patxada, erudizio-punttua eta, aldi berean, gauzak argi bezain erraz adierazteko dohaina. Koldo Mitxelenak 'Bitaño'ren Atalak zirela-eta, zera idatzi zuen (Egan, 1967): Izkera landuan, eta landugabetasun landuagoan, ari geran orrenbeste euskal idazleren artean, Baroja gisako naturaltasun zaillean mintzatzen zaigu Bitaño, erri-inguruan ikasi zuen euskera lauean. Bere bidetik doa, gure literaturaren onean, ez iñoren gidari izateko asmotan, ez iñoren mutil.
Behar bada beste horrenbeste esan genezakeen, orain, 'Txiliku'ren biribilketen eta arin-arinen naturaltasunaz, baina, hala ere, alde nabarmen batez: Jose Mari Olaizolak, irakasle izan aurretik, Ingeniaritza teknikoa ikasi zuela eta, nago, bere mesedetan, igarri egiten zaiola. Beti pentsatu izan dut teknikoak letretan, letretakoak teknikan baino arras hobeak izan ohi direla. Ezagun denez, zientzietako edonork daki bi punturen arteko distantziarik laburrena lerro zuzena dela. Letretakoek, ez beti.
*1865 urtean, Zarauztik Getariarako errepidea egin arte, Santa Barbara mendi-barreneko hondartza-ertzean zegoen kala txikia zen, nonbait, Zamariko zuloa, moilarik ezean (1850) zamaketarako erabili ohi zena.
Inguru bereko Txilikun, berriz, XVII. mende arte-edo behintzat, ontziolak egon ziren. Geroztik, baserri-auzo txikia. Oraindik ere, zenbait kartografiatan agertzen da Txilikugain izeneko munoa.
Zamariko zuloaren azken aztarrenek 1960 arte-edo iraun zuten, mutikotan bertako haitzetan (arroketan) aritzen baiginen izkiratan, aldameneko Bainu-Etxearen inguruan. Errepide berria arteztu eta zabaldu beharrak erakarri zuen, gero, behin betiko dena estali beharra.
Lizardi poeta zarauztarrak gogotik ezagutzen zuen nonbait lekua, beste zenbait izengoitiren artean, "Samaiko zuloa" ere erabili zuen-eta.