Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zakarren etorkizuna: metatu, erraustu ala esportatu

Zakarren etorkizuna: metatu, erraustu ala esportatu

Amatiño 2013/05/12 13:20
Zakar-kontua ez da gero baretzen ari Gipuzkoan. Eta ez da baretuko zakar-bilketa ez ezik, osteko trataeraz guztion adostasuna lortzen ez den artean. Azken bolada honetan atez ateko bilketa-sistema dugu, antza, eztabaidaren ardatz. Baina, behar bada, atez atekoaren inguruko eztabaida basoa ikustea eragozten digun zuhaitza baino ez da. Funtsezko eztabaida ez da atez atekoa ala bosgarren zakarrontzia, zabortegia ala errauskailua baino. Goazen Europara.

Zakarrak1

Udal-zakarren trataera Europar Batasunean: birziklapena (orlegiz), errausketa (horiz) eta zabortegiak (gorriz)

Datuok ezin adierazgarriagoak dira. Lehen eta behingoz, gehien birziklatzen dituzten (%48-62) estatuak (Suedia, Belgika, Herbehereak, Alemania, Danimarka eta Austria) dira, batere salbuespenik gabe, gehien errausten dutenak (%35-51) eta zabortegitara gutxien botatzen dutenak (%1-3).

Goiko taula horretan Europar Batasunaren 27 estatuak biltzen dira. Ez dira agertzen Norvegia eta Suitza, Batasunaren kide ez direnez. Hala ere aipagarri euren datuak: Norvegian %40 birziklatzen dute, %57 errausten eta %3 zabortegitan pilatzen. Suitzan, berriz, erdi bana birziklatzen eta errausten, eta alerik ere zabortegitara botatzen.

Alegia, laburbilduz eta esne-berbetan galtzeke: Gipuzkoaren zakar-arazorik handiena ez da atez atekoa bai ala ez, atez atekoaz ezkutatu nahi dena baino. Hau da:

 Bizpahiru hamarkadatan buru-belarri aritu ondoren, Europako herrialderik aurreratuenak %43-62 birziklatzera heldu dira, Gipuzkoan txitean pitean aipatu eta urte batetik bestera helburu normaltzat jo nahi den %70-80 horretatik lar urruti.

 Gipuzkoan izurritea bailitzan txarretsi nahi den errauste-sistema beste inon baino gehiago erabiltzen da Europako herrialderik garatuenetan. Alegia, zenbat eta herrialde aurreratuago hainbat eta errauskailu gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik ere %47,5 botatzen da zabortegitara. Lurraldez lurralde, %27 Bizkaian (Frantzian bezala), %67 Gipuzkoan (Hungarian moduan) eta Araban %76 (Eslovakian pare).

Auskalo zein bilketa-sistema ote den hobea, atez atekoa ala bosgarren zakarrontzia. Baina hori ez da arazorik nagusiena. Gipuzkoako zakarrok hiru etorkizun besterik ez dituzte: pilatu, erraustu ala esportatu. Eta zenbat eta lehenago hartu erabakia, hainbat hobe.

Zakarrak2

Udal-zakarren batez besteko  trataera Europar Batasunean. 2011

jaime
jaime dio:
2013/05/12 19:29
Bizkaian bizi izan arren, guztiz interesatua nago nire jatorrizko lurraldean piztu den zaborrari buruzko eztabaidan. Atez-atekoa ala bosgarren edukiontzia? Hor dago koska!
Arlo honetan herritar ezjakin eta zalantzatia naizen aldetik, batzuen eta besteen argudioak entzun ondoren, ez dut oraindik behin betiko iritzirik nireganatzea lortu. Orain dela gutxi, IVAPeko aldizkaria jaso dut etxeko postontzian, 80.zenbakia hain zuzen ere, eta 16. orrialdean agertzen da gipuzkoar guztion buru eta ahoetan dagoen galdera: Atez-atekoa ala bosgarren edukiontzia?
Arreta handiz irakurri ditut hiru elkarrizketatuen argudioak eta lehen bezain zalantzati geratu naiz. Zorionez, Amatiñok aurkeztutako grafikoak argitxo bat ekarri dit nire zalantza lainoan, zeren eta, garrantzitsua iruditzen baitzait jakitea zer egiten duten Europako herririk garatuenek arlo korapilatsu honetan.
Hala ere, galderatxo bat: zergatik ez ote du Eusko Jaurlaritzak arazo hau bere gain hartzen eta, ikerketa sakonak egin ondoren, zaborra kudeatzeko sistema bakar bat ezartzen Euskadi osorako?
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2013/05/13 08:19
Oso grafika deigarria, zer pentsa ematen duena. Amatiño, hori lortu duzun jatorri berdinean ez da egongo herritar bakoitzeko zakar kantitatea kilotan, ezta? Iruditzen zait oinarrizko arazoetako bat zaborraren "sorkuntza" bera izan daitekela.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/05/13 11:02
Jaimeri:

Eusko Jaurlaritza ezin da horretaz jabetu, nik uste, zakar-kudeaketaren eskuduntzak ez direlako bereak. Gauzak ez dira horren errazak. Dena den, zure kezkak ematen dit aukera beste iruzkin bat idazteko. Aste barruan egingo dut.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/05/13 11:13
Gariri:

Daturik ez da falta. Hala ere ez dakit denak homologagarriak edo alderagarriak ote diren. Dena den, Europar Batasunaren batez besteko 503 kilo urteko eta biztanleko da.

Estatuz estatu, Alemania (597), Austria (510), Espainia (531) eta Frantzia (527), esaterako, antzerakotan ari dira. Baina, Danimarkan, aldiz 718. Zergatik ote?

Aldi berean, Bizkaian 535, Gipuzkoan 530 eta Araban 443 (?). Kontzeptu berberak ote?

Edozein modutan, Danimarka eta Araba alde batera utziz, bistan da, zure galderari erantzunez, "sorkuntza" maila beretsua gertatzen dela hainbat lekutan.

Javi
Javi dio:
2013/05/15 09:42
Estatistikek guztion gogo eta iritziak asebetetzeko datuak eskaintzen dituzte. Herrialde aurreratuenen datu xehetuei begiratuz gero, gorabeherak badaudela antzeman daiteke. Belgikan esaterako, Flandriak bai lortu duela %70etik gorako berziklatze maila (2010ean %71,38). Errausteak berez dakar zabortegien erabilera-mailaren beherakada, eta errausteak ere behera egiten du berziklatzea handitzen denean. Eta gakoetako bat da zaborraren sailkapena eta konpostatzea, zabor-bilketa eredua aldatzea eskatzen duena. Beraz, nire ustez eztabaidak merezi du, indarrean dauden ereduek argi erakusten baitute erraustea eta berziklatzeaaren arteko lehia. Hemen, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, erraustea zabaldu gabe dago oraindik eta posible da urrats bat aurrera egitea.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/05/15 12:10
Arrazoi duzu, “estatistikek guztion gogo eta iritziak asebetetzeko datuak eskaintzen dituzte” baina, horretarako, ez dira estatistikak ezkutatu behar eta Flandrian, esaterako, hamarren bat errauskailu dituzte.

Nik ez dut uste Europako datuen arabera esan daitekeenik lehia erraustearen eta birziklatzearen artean dagoenik. Flandriak erakusten du, hain zuzen, erraustea eta birziklatzea osagarri direla eta lehia-galtzailea zabortegia baino ez dela.
Beinat
Beinat dio:
2013/05/24 16:50
Zabor ixkanbila honetan ikusten dudana, bi aldeetan ados dauden gauzak badirela ;
organikoa jaso beharra ( zabortegiak ez bete, kutsadura, usaiak eta isuriak saihesteko )
biometanizazioa , konpostaia
gaia ezberdinak ( beira, papera, etb... ) birziklatzeko instalazioak.
Gauza hauek ezin ahal dira denen artean eraikitzen hasi ?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: