Zaharra berri
Joxan Goikoetxea, Alain Griffin, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena, Josune Marin, Magali Zubillaga, Estitxu Pinatxo, Txema Garces eta Oriol Flores
Ageriko Joxan Goikoetxea eta ezkutuko Jose Angel Arbelaitzen eskutik, “Egunsentiaren kantak” deitu saioa burutu zuen Pier Paul Berzaitz zuberotarrak, hiru kantariren eta bost musikariren laguntzaz. Hots, Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo, batetik; eta Joxan Goikoetxea (soinua eta teklatua), Alain Griffin (flauta, txirula eta...), Josune Marin (gitarrak), Txema Garces (baxua) eta Oriol Flores (bateria eta perkusioa), bestetik.
Ahots zoragarriak eta musikari iaioak. Kantaldi politta, goxoa, txukuna eta atsegina; baina ez, behar bada, nabarmen bihozkoia. Ohiko zenbait kanta guztiz ezagun falta izan zitzaizkion, jendearen barne-muinak errotik hunkitu ahal izateko.
Pier Paul Berzaitz omen da, azken berrogei urteotan, abestirik gehien idatzi duen euskal kantaria. Baita, segurutik, euskal kantu-antologia ondoen ezagutzen dutenetakoa ere. Ezin ba maisuak egin hautuari kontuak eskatzen hasi; baina, hala ere…
Behin adin batetik aurrera emakumerik gehienak ilehori samarrak direnez gero, auskalo zein ote bertaratu zirenen batez besteko adina; baina, gizonezkook behintzat, guztiak ere burusoilak edo ile urdinduak, hirurogei urtetik gorakoak, hamarretik bederatzi.
Nago, adinekook, aukeran, ez ote dituzten (ditugun) maiteen kanta guztiz ezagunak, sarri errepikatzen direnak alegia. Memoria da zaharron altxorrik handienetakoa eta memoriak, memoria izango bada, zaharra berri eskatzen du gehienbat.
Taldekideak, brankaz
Popaz