Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zabortegiak itxiko direnerako pedagogia

Zabortegiak itxiko direnerako pedagogia

Amatiño 2013/05/16 23:55
Zakar-erraustearen gaineko datu objektiboetako bat zera da, Europar Batasunaren baitan: zenbat eta herrialde aberatsago eta garatuago, hainbat eta zakar gehiago errausten da. Eta zenbat eta herrialde txiroago eta atzeratuago, hainbat eta zabortegi gehiago.

Zakar per capita

Herrialdez herrialde, kiloak zakar urteko eta biztanleko. Koloretan, berriz, zein neurritan birziklatzen (orlegiz) diren, errausten (horiz) edo zabortegitara (gorriz) botatzen

Ahalik eta gehiago birziklatu beharra ez dago zalantzan. Zalantzan ez dagoen bezalaxe errauste eta zabortegi-sistemak kontrajarriak direna. Eta Europar Batasunaren erronka zehatz argia da, erraustearen alde eta zabortegien aurka.

Bizkaiak eragiten du gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko zakar guztien %60 inguru. Eta kopuru horretatik, %39 birziklatu egiten du, %34 erraustu eta %27 zabortegitan metatu. Gipuzkoak, berriz, %33 birziklatu eta %67 zabortegitara bota. Eta Arabak, azkenik, %24 birziklatu eta %76 zabortegitan pilatu. Europar Batasunaren arauak beteko badira,  barrena %50 birziklatu beharko du orok, 2020 urtean,

Ez du ematen Euskal Autonomia Erkidegoak %50 baino askoz ere gehiago birziklatu ahal izango duenik sei-zazpi urte barru. Demagun %60 birziklatzera heltzen garela edo, asko jota, %70eraino. Zer egin, ordea, birziklatu ahal izango ez diren zaborrez?

Jakina, Euskal Autonomia Erkidegoan zakar-ardura osoa herri-administrazio bakar batek balu, arazoa samurra litzateke, teoriaz behintzat: hiru herrialdeontzat errauskailu bateratua eraiki eta kitto. Baina gurean gauzak ez dira horren errazak. Gurean ez dugu ezer partekatzeko ohiturarik. Denetarik nahi ditugu hiru, gauzak onak zein txarrak izan. Onak, inork ez duelako ezer onik inoren esku utzi nahi; eta txarrak, inork ez duelako inoren txarrik norberaren gain hartu.

Segurutik, hotz-hotzean eta nolabaiteko ikuspegi tekniko hutsez, errazena eta merkeena litzateke Zabalgarbiko errauskailua premietara egokitu eta hiru lurraldeetako zakarrok bertara eraman, nahiz –aitortu beharko— Donostiatik zein Gasteiztik Bilboraino zakarrak garraiatu beharra ez izan, ingurumen aldetik, aterabiderik eredugarriena. Baina, behar bada, zailtasunik latzena ez litzateke hori izango.

Aurrenik, Gipuzkoako erakundeek nahi izan beharko lukete (herritarrek onartuko luketenik ez dut nik zalantzan), erabaki politiko horri leriokeenarekin; eta ondotik, Bizkaiak ere inorenak hartzeko gertu azaldu beharko luke, han ere ez baita giro. Ez dakit bietarik zein litzatekeen zailago.

Dena den, batean nahiz bestean, pedagogia dezente egin behar izango da aldez aurretik.

Zakar bilakaera

Urtez urte gehitu izan dira birziklatze (orlegiz) eta errauste (horiz) kopuruak eta maldan behera, berriz, zabortegiak (gorriz)

jaime
jaime dio:
2013/05/17 16:24
 Gurean ez dugu ezer partekatzeko ohiturarik. Denetarik nahi ditugu hiru, gauzak onak zein txarrak izan. Onak, inork ez duelako ezer onik inoren esku utzi nahi; eta txarrak, inork ez duelako inoren txarrik norberaren gain hartu.
Zaurian piko egin duzu, Luis Alberto. Herri honen estigmarik makurrena: sakabanatzea!
Edozein arlotan: zerga-bilketan, inbertsioetan, diru-banatzetan, lurralde baten besteekiko independentzia barruko politika bideratzeko, Eusko Jaurlaritzaren menpekotasuna Foru Aldundiekiko, E.A.E.-ren funtzionamendu normala beti agintean dagoen alderdi politikoaren apeten arabera eragina (oztopatua sarritan), eta abar...
Zergatik ez ditugu benetako profesionalak kontratatzen E.A.E.-ko erakunde guztietarako, alderdi politikoekin zer ikusirik izango ez luketenak? Zergatik ez ditugu hiru lurraldeak batzen gastuak murrizteko? Zergatik ezin dugu Euskadi Euskal Herrirantz abia dezan Eusko Jaurlaritza sendo bat lortu? Ez al gara inoiz gai izango Herri lehiatsu, moderno eta libre sortzen?
Hiru lurraldeen artean horrelako saltsa eta anabasa baldin badugu, zer ez gertatuko litzateke zazpiak elkarturik bagina!!!!!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: