XXI. mendeko orkestra, XVI.eko monasterioan
Ez da, gero, ohikoa, orkestra klasiko berriren baten sorreraren lekuko izatea. Hamabost biolin, bost biola, hiru biolontxelo, bi kontrabaxu eta zuzendaria. Guztira hogeita sei musikari, Debagoiena eskualdekoak gehienbat, tartean donostiarrik eta gasteiztarrik ere falta ez den arren. Guztiak Ganbara Faktoria abesbatza oñatiarraren osagarri, “Oñatik merezi duen orkestra sinfonikoa” noizbait izan dezan.
Bidaurreta monasterioa
Agertoki txukuna, txukunik bada, Bidaurreta monasterioa, musika klasikoko ezein talde berririk aurkeztu ahal izateko. Joan Lopez Lazarragak 1510 urtean sortua, eta edozein euskaldun kulturaberak bere bizitzan zehar gutxienez behin bisitatu beharko lukeena.
Lazarragatarrak 1350eko agirietan agertzen dira estreinako. Aurrenetakoa izan zen Pedro Perez Lazarraga, Oñatiko alkatea, Gebaratarren aginte-garaietan. Haren biloba, Joan Lopez Lazarraga (1440-1536), Errege Katolikoen idazkari eta kontalari nagusi, Bidaurretako monasterioa eraiki zuena.
Eta bilobaren iloba, berriz, Joan Perez Lazarraga (1548-1605), Larrea Dorreko (Barrundia, Araba) jaun eta poeta. Berau izan zen Lazarragaren eskuizkribuaren egile, non lehen aldiz agertzen den idatzia (hiru bider) “eusquel erria” izena.