Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / XVII. mendeko inauteri-literatura italiarra, bizkaierarik mozorrotuenean

XVII. mendeko inauteri-literatura italiarra, bizkaierarik mozorrotuenean

Amatiño 2024/02/04 15:00
“BERTOLDA’REN Maltzurkeri zurrak eta BERTOLDIN’EN Txaldankeri barregarrijak” parerik gabeko liburua da. Giulio Crocek 1620 urtean italieraz argitaratua eta Garro’tar Bernarta “Otxoluak”, 1932an, Sabino Aranaren eskolako bizkaieraz “euzkeralduta”. Nahiz borondaterik zintzoenaz izan, sekula egin behar izango ez litzatekeenaren adibide esanguratsua.
XVII. mendeko inauteri-literatura italiarra, bizkaierarik mozorrotuenean

Verdes Atxiriki´tar Emeteri´ren Irarkorlean, 1932

Giulio Croce

Giulio Cesare Croce (Bolonia 1550-1609) historiakantari izan zen. Ipuin-idazle, herri-kontalari, kale-musikari (biolin-jotzaile), antzerkilari eta titiriteroa, Italiako inauteri-literaturaren ordezkaririk ezagunenetakoa.

Letretatik bizi izateko, jauntxoren baten aterpean babestu beharra ezinbesteko zen garai haietan, Crocek muzin egin zien jauregitako morrontzei, bi aldiz ezkondu zen, hamalau seme-alaba izan zituen, jaio bezain behartsu zendu eta 600 inguru idazlan utzi.

Haren aztarrenek diraute oraindik, liburutegi zaharretako apal ahaztuetan nahiz modernitateko hiru filmetan. Baita italieratik euskarara, zuzenean, inoiz itzuli den aurrenetako liburuan ere. 

Bernardo Garro

Itzultzailea, Bernardo Garro “Otxolua”(*) (Mundaka, 1891 – Bilbo, 1960), ez zen geldi eta geldo geratzen diren horietakoa. Ikasketak Merkataritzaz egina, kirolzale eta mendizale amorratua, autodidakta izan zen kantuz, dantzaz (teoriaz eta praktikaz), musikaz (txistua, gitarra eta pianoa jotzen), eskulanez (zurez zein marrazkiz**), hizkuntzaz (frantsesez, italieraz, ingelesez eta alemanez), literaturaz, itzulpengintzaz eta etimologiaz. 19 urte baino ez zituela joan zen Argentinara, non Carlos Gardel "izarra" ezagutu zuen eta tangotan dezente baino gehiago ikasi, han egin zituen zazpi urteetan.

Berriro etxeratua, idatzi sarri eta labur idatzi zuen, poesiaz zein hitz lauz, Euzkadi egunkarian gehienbat. Hain zuzen ere, Bertoldoren ipuinak horrela argitara eman zituen lehenik, zatika, gero liburu gisa bildu bazituen ere.

Itzulpen-lana gogoko izan zuen eta, orain harrigarri iruditu arren, nabarmen saiatu zen beste zenbait euskalkitan inork aurretik burututako testuak bizkaieratzen, Orixe, Kardaberaz, Mendiburu, Azkue eta beste hainbat idazlerenak, esaterako. Besteak beste, aipatu ditugun Orixez eta Azkuez gainera, Kirikiño, Lauaxeta, Erkiaga, Santi Onaindia eta Luis Villasante lagun izan zituen.

Etimologia-arloan eta hitz-asmakizunetan ere aritu zen. Hain zuzen, “Bertolda eta Bertoldin” (1932) ipuin-liburuak amaieran dakar hiztegia non, zenbait autoreren (Arana-Goiri, Azkue, Lopez Mendizabal, Arriandiaga, Erroman Bera eta beste) erreferentziak biltzeaz gainera, normaltasun osoz ezarri zituen zerrendan bere proposamen berekiak ere, autoretza argi eta garbi adieraziz. 

Kritika orokorra

Gaur egungo ikuspegitik, Bernardo Garro mundakar aspergaitzari kritikarik egitekotan, lastima hain euskaltzale jatorra aranatarren joerarik muturrekoenak irentsi izana. Sinesgaitz, gero, hura bezalako gizon prestu, langile, eragile eta emankorra, hainbat hizkuntzaz gainera euskalki guztiak (erronkarieraz eta zubereraz, tarteko) ezagutu zituen aditu zintzoa, hain itsu aritzea. Tamalgarria, herri-hizkera eta bizkaiera naturala maisuki menderatzen zituen euskaldun petoa, neologismoz mozorrotutako bide estu-mestu, astun eta antzuan zorabiatzea. 

* Begi bakarra. Bekokian zuen orbana gaiztotu eta begia galdu zuen. Berak bere buruari "Otxolua" deitzen omen zion.

** Liburu-azaleko irudia zein barruko beste hamarren bat, Bernardo Garrok berak marraztutakoak dira. 

Bertolda

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: