Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / XIX. mendeko erromantizismoaren marketina

XIX. mendeko erromantizismoaren marketina

Amatiño 2022/04/16 11:15
Antonín Dvorák (1841-1904) musikagilearen 9. Sinfonia “Mundu Berrikoa” eskaini du Euskadiko Orkestrak, Aste Santuko kontzertuaren baitan. Bohemiarraren konposizioa da, segurutik, musika klasikoaren historian, sinfoniarik ezagunenetakoa, eta XIX. mendeko nazionalismo musikalaren erreferentzia nagusia, Bedrich Smetana txekiar aberkidearen “Má vlast” (Nire aberria) poema sinfonikoarekin batera.
XIX. mendeko erromantizismoaren marketina

Antonín Dvorák

Ez dago zalantzan musikaren historiak Dvorák jotzen duenik Bohemiako musikagintzaren erreferentzia nagusitzat. Beste kontu bat da, ordea, objektiboki hori horrela ote den edota musikagileak berak ahalegin berezirik egin ote zuen ohore hori merezi ahal izateko.

Gehientsuenek uste izan arren musika-marketina XX. mendean loratu zela estreinako, Nikolaus Simrock austriarrak 1793an sortu zuen musika sustatzeko ekoiztetxea, XIX. mendean zehar Mozart, Hayden, Beethoven, Schumann, Brahms, Mendelssohn eta beste hainbat musikariren lanak merkaturatu zituena.

Simrock argitaletxeak 1878an plazaratu zituen Dvorák-en “Dantza eslaviarrak”, Alemanian eta Austrian ez ezik, sekulako salmenta-arrakasta lortu zutenak Europa guztian zehar. Harrera onak eraman zuen Simrock (garaiko kritika beroaren laguntzaz) Dvorák “bohemiar musika onaren ordezkari” gisa bataiatzera, eta nolabaiteko zabalkunde-plana burutzera, eslaviar tradiziozko herri-musikagile hura diru-iturri nabarmena izan zedin.

Baina Dvorák ez zegoen, nonbait, herri-musikari on eta apalarenak egiteko. Are gutxiago, 1891an, New Yorkeko Musika Kontserbatorio Nazionalak zuzendaritza eskaini zionean, urteko 15.000 dolarreko soldataz (egungo 40.000 euro hilero). Bohemiarrak ez zuen birritan pentsatu eta hurrengo urtean alde egin zuen New Yorkera, non, lagunak egite aldera edo, berehala laudatu zituen amerikar indioen eresiak, musika afroamerikarraren doinuak eta beltzen melodiak, guztiak etorkizuneko musika amerikarraren oinarriak izango zirela iragarriz. Irizpide maitekor haiek medio, New Yorkeko Filarmonikak enkargatu zion “espiritu amerikarra” bildu eta islatuko zukeen sinfonia.

Urtebete geroago (1893), Dvorák-ek aurkeztu zuen Mundu Berrikoa, 9. Sinfonia, Ipar Ameriketako Estatu Batuen omenetan. Paradoxa bada ere, estreinaldiaren aurretik Dvorák-ek kazetariei aitortu zien, espantu handirik gabe, konposizioa osatzerakoan ez zuela, ez beltzen, ez esklaboen, ez indigenen eta ez natiboen lelorik, molderik edo erritmorik gogoan izan, “tokian tokiko herri-doinuen gainetik musika unibertsala” delakoan.

130 urte geroago, egungo musika-aditurik gehienek uste dute, egia bada ere musika-hizkuntza unibertsala dela, nekez esan daitekeela herri-musikak, doinuak, soinuak, eresiak eta tradizioak bereizgarri edo gogoangarri ez direnik, eta, Dvorák-ek amerikar espiritu peto-petoarentzat burututako “Mundu Berrikoa" sinfonia, funtsean, gehiago dela bohemiarra, newyorktarra baino. Hau da, betidanik zekiena baino ez zuela egin.

Alegia, eta hau nik diot begirune osoz, Dvorák musikagile eslaviar, abertzale eta erromantikoa izan zenik ukatzeke, onartu ere onartu beharko marketinean ere hutsaren hurrengoa baino zertxobait gehiago izan zela, aitzindarietakoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: