Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xipri Arbelbide: "uros bizi izateko, ez sobera gormanta izan"

Xipri Arbelbide: "uros bizi izateko, ez sobera gormanta izan"

Amatiño 2023/03/30 18:30
Mutiko koxkorra zelarik, Xipri Arbelbidek (Heleta, 1934) alemanen tankeak ikusi zituen herriko plazan. Hogeita bat urte baino ez zituen Aljeriako gerlara bidali zutenean. Itzultzean apaiz-ikasketak egin eta, 30 urte bete aurretik, misiolari zen Boli Kostan (1). Bizitza luzean zehar ezagutu aldaketen berri kontatzen dizkio, Jakin (2) aldizkarian (2023/urtarrila-otsaila), Jose Luis Aizpuru kazetariari.

Berrogeitaka urte zituen Xiprik nik ezagutu nuenean, 1979 inguruan, Miren Jone Azurza eta Mikel Atxaga zirenen bitartez. Gogoan dut inoizko zirrara (eta bekaitza) sentiarazi zidala haren hitz egiteko moduak, haren jarioaren doinu musikalak. 

Xipri Arbelbide “ele luzeko gizona da, beti mintzatzen”, apaiz eta irrati-gizona denez. Baina baita idazle eta kazetari dugun heinean ere, “idaztea ere mintzatzea baita”, baxenafar jatorriari berez dagokion gisan. Gure Irratia-ren sortzaile eta lankide, hogeita hamarren bat libururen egile da, eta bost sariren jabe: “Irun Hiria” (1982), “Xalbador” (1988), "Rikardo Arregi" (1991),  “Euskaltzaindia-BBK” (2002) eta “Miguel de Unamuno” (2020).

Xipri ez da maisu gurbila azaleko moldeetan soilik, baita mezu sakonetan eta ideia zailak samur ulertarazteko adierazpenetan ere. Aizpuruk egindako elkarrizketa, hain zuzen, Iparraldeko azken mendeko giroaren nondik norakoaren gida aparta da: belaunaldi-aldaketaz, elizaren gainbeherakadaz, errefuxiatuen eraginaz, Hegoaldearekiko informaziorik ezaz (eta alderantziz), euskaldungoaren zaurgarritasunaz, irratiaren garrantziaz, politikaren mugez, itsasaldeko eta barnealdeko ekonomien interes kontrajarriez eta, ororen gainetik, ia-ia ezustean, azken urteotako aurrerapenaz.

Oker nahiz zuzen, azpimarragarria gero Xiprik duen dohaina, hiruzpalau esalditan egoera edo gertakari konplexu samarrak adierazteko, Mixel Labéguerie-ren nahiak eta ezinak kasu. Edota bizpahiru lerrotan sekulako definizio mortalak egiteko, Pîarres Lafittez nahiz Pierre Topet Etxahunez.

Duela pare bat hilabete izan nintzen azkenekoz  Cazenavenean, Baionako txokolategirik ospetsuena Hegoaldeko hainbat adiskideri erakuste aldera. Artean ez nenkien, ordea, gibeleko etxean Xipri Arbelbide bizi zenik. Ezta etxe-barnean jarria duen aldarean egunero meza ematen duenik ere: “Enetzat, ez baita nehor etortzen”.

Umetan tankeak ikusi eta gaztetan Aljeriako gerla zein Afrikako misioak ezagutu zituen Xipri ez da geldi geratzen diren horietakoa, auskalo eten gabe “mugitzeak ongi zaintzen nauen ala ongi naizelakotz behar dudan mugitu”. Zer gerta ere, datorren urtean 90 beteko dituen Xipri uros (pozik) bizi omen da. Eta zein ote uros izateko sekretua? “Ez sobera gormanta (tripontzia) izatea. Amets handirik ez egitea”.

1) Boli Kostako Errepublika (Côte d´Ivoire). 

2) Jakin 254.

Xipri Arbelbide
Xipri Arbelbide Mendiburu. Heleta, 1934

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: