Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabierren gustukoak

Xabierren gustukoak

Amatiño 2020/12/06 13:25
Ez dakit gaur ETBk (22:15) eskainiko duen “Ni naiz Lete” dokumentala hodeietara jasota ote dagoen eta, hartara, Xabierrek berak ikusi ahal izango duen, baina, ikusiko balu, seguru gero gustatuko litzaiokeela.

Baleuko ekoiztetxeak lau urtaroetan (udaberria, uda, udazkena eta negua) egituratu du Xabier Lete abeslariaren bizitza eta beste lau lekukoren (Arantxa Lete, Bernardo Atxaga, Lourdes Otaegi eta Antton Valverde) ekarpenak baliatu ditu haren izaera, jokamoldeak, emaitzak, balioak eta anekdotak azaltzeko.

Ia ordubetez, taxuz eta zentzuz erakusten zaigun Xabier bera da, bete-betean, ezagutzeko aukera izan genuen hura, eta, nago, erabat gogoangarri suertatzen den testigutza honetan ez ote den zatia adierazgarriago Xabier “esataria”, kantaria baino. Xabierren nahiak, aldarriak, funtsezko irizpideak, ironia, enpatia eta, nolabait esateko, batere normala ez zen gizarte korapilotsu hartan, Oiartzungo semearen “normalidadea”.

Seguru ere, ohiko zuen begirakune pentsakor harekin ikusiko zukeela Xabierrek dokumentala eta, eszeptizismo-puntuaz, ameto eman: “bai, ongi dago… zer nahi duzue ba nik esatea?”

Atseginez ikusten den dokumentala izateaz gainera, ikusi beharrekoa. 

Oratorioa

Atzo, Kursaalean, Joxan Goikoetxearen Hesia urraturik oratorioa ere gustuko izango zukeen Xabierrek. Ez, soilik, adiskidearen –maisutzaz eta lehialtasunaz gainera-- maitasuna uholdeka dariolako eresiari, baita ere Xabierrek berak zituelako –inork izatekotan— barneratuak Joxanek burututako mugimendurik gehientsuenen aireak, zenbait kasutan, jatorrizko doinurik ezean, Joxanek berak sortarazi behar izan dituen arren melodia berriak. Dena den, nik neuk, bat hautatzekotan, Jardin bat zuretzat delakoa.

Funtsean, ia ordu eta erdiko ekitaldi zoragarria, 13 ataletan banatua, Xabier zenaren gomutaz, “haren kezkak, zalantza existentzialak, aberria. nostalgia, pasioa, fedea, etsipena, elkartasuna, adiskidetzea, babesa, maitasuna, salbazioa eta itxaropena… ere” elkarrekin bildu, gurutzatu, bilbatu eta islatu nahirik. Euskal larrainean tarteka-marteka baino sortzen ez diren musika-ekoizpenetakoa. 

Ondo, Landarbaso abesbatza (emakumeak, gehienbat) eta Euskadiko Orkestraren profesionalez osatutako Kaabestri Ensemblea (haizekoak, batez ere), zein Miren Urbieta-Vega sopranoa, Beñat Egiarte tenorea eta Anne Barron gaztetxo bakarlaria. Denak Juanjo Oconen zuzendaritzapean.

Sarrera gisa, oratorioaren aurretik, Eñaut Elorrietak eta Maite Larburuk hiru kanta eskaini zituzten elkarrekin,  Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bikotearen omenetan. Maitek ahots polita du eta Eñautek ere, orrorik egiten ez duen artean. 

Eskertzekoa, berriz, Kursaal Eszenak zabaldutako programa. Edozein musika-saiotan musika da protagonista, noski, baina literatura apurtxo batek ez dio sekula entzuleria arruntari batere kalterik egin izaten, nork bere burua kokatzeko besterik ez bada ere.  Dena ez da belarri-kontua eta oratorioa, zer denik ere, ez daki mundu guztiak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: