Xabierrek Agiñan darrai
Memoriak gezurrik ez badiost, nik esango nuke Xabier Leteri berari entzun edo irakurri niola behin, burumuinak bat-batean aroldu zitzaizkiola, halakoren batean jabetu zenean Iparragirreren “ume” eder bat ez zela hain umea. Nire alabak nerabetan galdetu zidan, berriz, beste behin: “aita, zer esan nahi dau ur epeleko artzainak?”. Bertso, poesia edo kantagintzaren sorkuntza-prozesua ez da, segurutik, batere erraza, baina entzulearen ulermen-prozesua ere ez da beti automatikoa. Zubigintza hori egitera dator, besteak beste, Alex Gurrutxaga, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania, 2020) delako saiakeraz.
Saiakera, bai, egileak saiakeratzat aitortzen baitu artez arte bere idazlana, baina, behar bada, saiakera baino gehixeago, kazetaritzatik, kronikatik, erreportaje-lanetik eta, ia-ia, entziklopediatik ere baitakar nabarmen asko. Ez dut uste zabalkunde mailako euskal liburugintzan dagoenik beste azterlanik, honako honen besteko bibliografia jori eta anitzik biltzen duenik.
Auskalo, Bernardo Atxagak esan bezala, Xabierrek sekula euskaraz idatzi izan diren poemarik onenak sortu ote zituen. Batek daki, Felipe Juaristiren esanetan, Xabierrek intelektualaren bost oinarrizko elementuak bete ote zituen. Nork esango, gero, hoben-sentimendu, plagio-tentaldi eta kontraesan guztien gainetik, Xabierrek beti, sekula edo gehienetan asmatu ote zuen. Nago, ordea, Xabierrek igarri zuela, azkenean, txori kantazale ederrak non dauden kantari, eta, nonbait, amets zuen aberri-pizkundea ez dela horren urruti egongo.
Komunikazioaren aldetik, edozein obrak –nahiz informazioa, iritzi-artikulua, erreportajea, kontakizuna, nobela, saiakera edo irratitelebista-programa izan—, oroz gain, entretenitu egin behar du, interesa sortarazi. Irakurlea bereganatzeko ahalik eta lilurarik gehien eragin eta langarik gutxien jarri. Hau, teoriaz, erraza da, baina lar zaila, arte hutsa, kalitateari eutsiko bazaio.
Alex Gurrutxaga naroa eta sakona da mezu eta ideietan baina zuzena eta arina baliabideetan. Saiakera hau, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, nahita edo nahiezta, praktika onen antologia da eta lortzen du transmititzea, besteak beste, Xabierren beraren bizi-arnasa.
Xabierren arimak bizirik dirau liburuaren orrialdeetan barrena. Gogorarazten digu nolakoa zen, nola sentitzen eta hitzegiten zuen. Begiak itxi eta Xabier zena ikusten eta entzuten jarraitzen dugu, ahots-tonu, ironia-puntu eta guzti. Sekula joan izan ez balitz bezala. Erabat joan ez zelako, behar bada. Agiñaraino baino joan ez zelako, segurutik.