Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Leteren loreak eta zauriak, gomutan

Xabier Leteren loreak eta zauriak, gomutan

Amatiño 2021/03/18 18:50
Xabi San Sebastianek (ahotsa eta gitarra), Joserra Senperenak (pianoa), Quico Pugések (biolontxeloa) eta Beñat Gaztelumendik (bertsoak) elkarrekin osatu dute "Loreak eta zauriak" ikuskizuna, Xabier Leteren gomutaz. Hainbat bertsio anitz eskaintzeaz gainera, baita "poeta tristea" zenaz nork bere burutapen eta hausnarketa pertsonalak jendaurrean azaldu ere.
Xabier Leteren loreak eta zauriak, gomutan

Quico Pugés, "eibartarra"

Xabier Letek (1944-2010) hogeitaka urte zituen Joserra Senperena (Donostia, 1965) eta Xabi San Sebastian (Donostia, 1967) jaio zirenean, eta berrogei inguru, berriz, Quico Pugés (Vic, 1984) eta Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) sortu orduko. Aurrenengo biek gurasoen ahotan entzun zuten, estreinako, oiartzuarraren berri, eta beste bi gazteagoek, berriz, hurrengo belaunaldiaren zeharbidez baino ez.

Edozelan ere, dena erlatiboa bide denez gero, Senperena, San Sebastian, Gaztelumendi eta Pugés ez dira, inondik ere, merkatuko beteranoenak, baina ezta, ordea, bart gaueko hasiberriak ere. Lehendabiziko hiruen curriculumak behatu besterik ez dago, eta laugarrena biolontxelo-irakaslea da Euskal Herrian zein Katalunian. 

Zernahi delarik,  erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi zituen poeta tristeak elkarrekin batu ditu lauak taula gainean, plazer handiko kanta-emari zirraragarriaren inguruan. Besteak beste, Zarautz, Eibar, Bilbo eta Tolosako plazak izan dira, azken astebeteotan, “Loreak eta zauriak” ikuskizunaren lekuko.  Xabier Leteren kantagintza ezagunaren antologia antzera, bai, baina baita edozenbat bertsio berri moldatze aldera ere; orobat poetaren inguruneko zenbait erreferentzia nabarmen gogorarazteko, Lourdes Iriondo, Xalbador eta Antton Valverde kasu.

Xabierren belaunaldikooi arraro samar egiten zaigu haren kantagintzaz zuzenean gozatu ez zutenen iritziak eta ikuspegiak publikoaren aurrean entzutea. Nago, eurentzat nolabaiteko existentzialismo lirikoa dena ez ote den guretzat gogotik malenkoniatsua. Baina, behar bada, daitekeena ere, malenkoniari datxekion jario mikatza ez ote den, honezkero, nostalgia samarra -- eta samurra--  bilakatu.

Zer gerta ere, pandemia-garaian 110 minutu inguruko kanta-saioa entzun ahal izatea ez da, gero, hutsaren hurrengoa. Are gutxiago benetan atsegina, narea eta sentikorra baldin bada eta, oharkabean, ziztu bizian igarotzen bada.

Gainera, aldez aurretikako egitaraua gutxi bailitzan, Tolosako azken propinan, "Xalbadorren heriotzean"  delakoa jotzen zihardutela,  Xabi San Sebastiani  bat-batean letra ahaztu izana eta ikusentzuleek itsumustuan ordezkatu beharra... ez da edozein astegun buruzuritan gertatu ohi den ezustekoa. 

Ondo amaitzeko, ezin, nahita ere, hobeto.

Senperena, Gaztelumendi, SanSebastián, Pugés
Joserra Senperena, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian eta Quico Pugés, Tolosan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: